"Artzaina bere artaldean" Hitzen Uberaneko Komunitatea sailean: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/artzaina-bere-artaldean
-Artalde ederra duzue, neska!
-Zuk uste? Baliteke, bai, txikia baina txukuna, oso, edonora eramateko modukoa.
-“Latxak” al dira?
-Latzak? Ez, ez. Gehienak oso zintzoak izaten dira. Larrezale zintzoak.
-Larrezaleak?
-Bai, gure larre eta bazterrak zintzo maite dituztenak.
-Beharko, bertan bizi eta bazkatzen dira, ezta?
-Jakina. Baina, badakizu, beti egoten da bere larrean etengabe gorotz egiten duen ardi beltzen bat.
-Eta zuenean ez dago ardi beltzik?
-Ez, bat ere ez. Gurean ardi bihurririk badago, noizbaiten larreko txori-belarrei muzin egiten dietenak edo, badakizu, larrean dena belar ona ez dela kanpokoei erakustearren. Oso zorrotzak dira, noizbehinka doi bat erresumingarriak ere bai. Edonola ere. ardi bihurriok guztiz estimatzekoak dira, ia premiazkoak. Hori bai, gainerakoek bazka duten belarra zikindu ez bitartean, noski. Edo bestela esanda, guretzat bakarrik den larrean bertan kaka ez egin bitartean egiazko ardin beltzen modura.
-Orduan zintzoak bainoago otzanak dira?
-Nik uste denetarik dagoela gure artaldean. Badaude ardo jatorrak denon gustuko gaztak egiten dituztenak, hau da, gehien saltzen direnak aparteko ezer ez dutelako, modako gaztak nolabait esanda, hau da, unean uneko apetak eta asebetetu baino egiten ez dituzten gaztak. Badaude ere gazta nolabait min edo garratzak egiten dituzten ardi nolabait “konprometituak”; oraingo honetan oso modan jarri dira “gazta emeak” kontzeptua, ez galdetu, ordea, hori zer arraio den. Badaude gazta benetan bitxiak, sailkaezinak, egiten dituzten ardi benetak burutsuak, munduko edozein gazta azokatan sariak irabazteko modukoak. Badaude gaztetan gure larre eta bazterretako belarren zaporea -zenbaitzuek “larre sena” ere deritzote- baino gogoko ez duten ardi larrezale suharrak, egiatan gurean gehien saltze diren gaztak. Eta badaude ere goi mailako gaztak egiten dituzten ardi artetsu, saiatu eta gainera gure akerrek oso estimatuak, zenbait kasutan ere beharbada laudatuegiak, banaka batzuk egia esanda; azkenok dira, gainera, noizean behin demaseko larrezaleen zenbait bidegabekeria salatzen ausartzen direnak; baina, betiere gure larre eta bazterretako belarraren bikaintasuna kolokan ipintzeko arrisku barik, ezin baita denok bazkatzen dugun belarraren bikaintasuna
-Akerrek?
-Bai, gure gazten kalitatearen nondik norakoak kontrolatzen dituztenak, norbaitek larreko legearekin bat ez datorren gaztaren bat egiten baldin badu berehalaxe baztertzen dutenak.
-Gaztagileak?
-Gaztagilea ni neu naiz. Akerrak ardiak zaintzen dituztenak dira.
-Horiek ez al dira atzain-txakurrak izaten?
-Gurean denok elkar zaintzen dugu, ez dugu txakurren premiarik izaten. Izan ere, hemen denok elkar ezagutu eta estimatzen dugu, larrean denok nola edo hala elkarren lagunak gara, gutxienez taldeka edo; baina, oro har, eta hain gutxi izanda, elkar babesten dugu egiazko zein ustezko otsoetatik, ez baldin bada denok batera kanpoko otsoaren kontra oldarka eta larrearen barrukoari aurre isilaren bitartez. Artalde txikia baina anitza gara; hori bai, denok oso jatorrak.
-Ondo ba.
-Zer deritzozu?
-Larre ederra, bai…
-Gaztak dastatu behar zenituzke.
-Asko saltzen al dira?
-Tira ba, erosle larrezaleek gure gaztak asko maite dituztela diote; baina, kanpoko gazten eskaintza hainbestekoa da, ezen…
-Gutxienez ondo konpontzen den artalde bat zarete, ezta?
-Bai, hori egia da, artalde txukuna.
-Orduan ardi beltzik ez?
-Ez, ardi beltzik ez. Hori gure kargu.
-Eta zein da zuen gaztandegiaren izena?
-Euskalgintza.
-Nola?
-Gaztagintza, Gaztagintza…
Txema Arinas
Uvieun, 2020/04/22
No hay comentarios:
Publicar un comentario