Ez dakit non leitu edo aditu dudan, berrogeialdiaren hasieran ipurdia garbitzeko paperarekin gertatu bezala, azken egunotan irina ere agortzen ari dela saltokietan. Etxeko gozogileari galdetu eta larrutan egin eta gero ea gozatu duen galderatzekoan jartzen didan arpegiera berbera jarri dit...
Ez dakit zer den okerrena, zelatan ei dagoen kanpoko zomorro gaiztoa ala kalera erosketak egitera holan mozorrotuta ateratzera behartzen nauen barruko pizt... maitea... Eta gutxi ez balitz bezala ere kalea zapaldu bezain laster betaurrekoak erabat lausotu eta ez dut tutik, ez eta superreko kutxazaina ere, ikusi ahal izan.
-Eta zuek, bikote, zer moduz itxialdia.
-Ba hainbestean, egia esanda betiko lez, hau da; berak edozein huskeriarengatik errieta egiten dit etengabe, eta aldi berean nik egiten ditudan huskeria berberok etengabe egiten ditu berak ere; baina, berari inork errietarik egin gabe, jakina...
-Gogorra, ezta?
-Bai zera! Eeeez, senar-emazte gehienen egunerokoa, besterik ez... Hau guztiau bukatu orduko mendi aldera antxintxika joko dut, alafede.
Benetan patu gaiztoa gaurkoa bizi osoko lagunmin batendako, atzo amesgaiztoko izurri honek bi aldiz egurtu zuen bere familia modurik latzenenean. Badirudi baietz, egunak aurrera joan ahala, hasierako beldurrak uxatzen hasi ahal garela; baina, ez, inondik inora ez, oraindiokan ere izurritearen gorabeheren mende gaude nahitaez; beldurrak etengabe indarberritzen dira hamaika eginkizun edo txorakeria asmatuagatik, betiere delako patu beltzari muzin egiteko asmoz. (ez eman niri, faborez, inolako doluminik, ez ditut merezi, atsekabetuko nindukete).
Artean, beti arterik baitago, bizitzak aurrera darrai, baldin bada etxe barruan asper/nazka eginda ere. Kanpoan ordea gauza benetan xelebreak suertatzen ari dira. Besteak beste, edo hobeto esanda, noizbaiten gure inguruetatik urrun haizatu genituen animaliak guk utzitako esparruak ezari-ezarian, ia lotsagabeki, berreskuratzen ari dira. Hori goizero antzematen dut terrazara ateratzen naizenero txorien txioei zein hegaztien karranka edo urubiei erreparatzen diedanean; sekula baino ugari zein ozenagoak begitantzen zaizkit. Bestalde, benetan xelebrea duela pare bat egun Cangas de Nacearen erdialdeko kaleeetan zehar gauean lasai asko paseatzen ari zen hartzarena. Jakin badakit, nire emaztearen lagun batek kontatuta, Asturiaseko mendialdeko herrixka askotan guztiz ohikoa dela lantzean behin hartzaren bat topatzea etxeen inguruetan jan bila aztarrika; baina, delako herria ondotxo ezagutzen dut, nahiko herri potoloa, Arrasateren modukoa; pentsaizue gauean auskalo zer dela, itxialdia apurtu nahi eta kalera irtendakoan Monterron parkearen inguruan topatzen duzuela ustekabean, ba antzeko-parezido..
Eta animalietatik abereetara, egunotan bolo-bolo doa kalean inoiz baino txakur gehiago ikusten direlako leloa. Egia berdaderoa, ageri da kalera libre irteteko aitzakia bikaina dela, horrexegatik bat-batean, ezustean, hainbeste txakur jabe txakurrei tiraka auzoan barrena eta inguruetako parke zabaletan, eta betiere terrazatik ikusita, ez hainbeste... Guk badakugu etxean gure txakurtxoa, Argi izenekoa, doi-doi erbinude apurtxo bat potolo baten tamainakoa; baina, kalera ateratzeko, bajatzeko, gogo eta asmorik ez. Etxeko terraza handi xamarra da gogara pasea dadin, Eta hala eta guztiz ere, eta lehengora bueltan, azken egunotan hain bihurri ibiltzen den, hain esan txarrekoa izaten ari da, maiz hain mutiri ere, atzo zenbait aldiz niri kosk egiten saiatu zen eta, ezen ez dakidan nik, Cangas de Narceako hartzaren modura, eta naturaren deia edo dela medio, demasa basatzen ari zaigun; koitauak ez daki aldiz egoerak okerrera jo ezkero mokadu ederra eginda dagoela, saldarako baino ez baldin bada, jakina.
No hay comentarios:
Publicar un comentario