Bastidako Pedro Pablo Amurriori lapurtutako argazki ederra: bizitzak aurrera darrai. Etorkizuneko ardorako aurreneko kimuak. Eta ardorik baldin badago, beti egoten da esperantza, makala izanda ere..
Emazteak eta biok elkarri galdetu diogu nora joango ginen berrogeialdikoa bukatutakoan, noizbaiten bukatzekotan, noski, eta hemen ulertzen da gure hurkoak ikusi eta beharbada bihotz-bihotzeko adiskideekin parranda on bat egin eta gero ere bai. Orduan, behingoan elkarri ere esan diogu itsasoa ikustera, batez ere Asturias kostaldeko edozein alderditan, dena zoragarria da eta (nik, egia esanda, hain tripazaina izanda, nire burua Tazones herriko jatetxe bateko terrazan abakando arroz saldatsu bat bazkaltzen ikusi dut itxasora begira eta sagardoz edo albariñoz bapo eginda). Geroxeago, "oporretan nora" galdetu diogu elkarri beste behin ere. Ni behintzat, denbora zein behar adina sosik eduki ezkero, Mediterraneo aldera joango nintzateke, baita Italiara, Frantziako hegoaldera edo Portugalera bueltan ere; ez dakit ezagun eta atsegin dudan edonora, zoriontsu izandako edozein txokotara. Egia esanda, ez dut inolako gogorik inon berririk ezagutzeko, aurten behintzat ez, ez galdetu zer dela eta, nik ere ez baitakit oraingoz. hala eta guztiz, eta zin dagit ustekabean gogora etorri zaidala, nire burua Uribarri-Ganboako urtegian ikusi dut abuztuko arratsalde batean, ilunkeraren aurrekoan, Landa herriko hondartzan bertan. Ez dut askotxo asmatu behar, ondo asko baitakit urtegi hori uda sasoiko dena irudikatzen zaidala ume-umetatik; ezin da izan, beraz, argiagorik.
Lehengoaren harira (gai honen gainean beherago erdaraz egindako iruzkinera) SOS Arrazakeria elkarteak egindako salaketa, edo denok babestu behar gaituztenotariko baten batzuk bizi garen egoera larrian nola oldartzen diren babesgabetuagoen kontra:
"Salatzen dugu etxe azpiko dendara erostera jaitsi den gazte arrazializatu baten aurka poliziak erabilitako gehiegikeria», idatzi du elkarteak. «Salatzen dugu, era berean, emakume etorkin baten kontrako gogorkeria, gaixorik dagoen seme baten defentsan etsita garrasika ari den emakume baten kontrakoa, alegia».
Bestalde, aitortu/eskertu behar zaio Ertzaintzaren buru den Josu Bujanda jaunari izan duen erantzun azkar eta batipat duina gertatutako tratu txarrak salatuz eta delako astapotro kaskamotza "Barne Arazoetako" sailaren esku dagoela baieztatuz. Greo gerokoak, noski. Halere, izan gaitezen zintzoak, grabatutako irudiengatik izan ez balitz, zer gertatuko zatekeen? Berriro diot, irudiok pentsaezinak lirateke Gran Via aldean...
Nire amarekin hitz egin berri dut egunero bezala egunean birritan, etxean itxita bakarrik dagoelako eta gainera gure etxea herrigunetik ere bazter (zorionez nire anaia egunero igotzen da, etxean bertan lantokia du-eta; elkarri hitz eta pitz egitearren, bera etxe kanpotik eta gure ama lehiotik). Egunero ere lelo berbera: sano aspertzen dela anaiarekin baino hitz egiteko aukerarik ez baitut, ez dela ezertan konzentratzeko gai, egunak sekula baino luzeagoak egiten zaizkiola. Beste hainbeste astean zehar nolanahi mintzatu naizen gehienekin: aspertzen direla. Ondo ba, ulertzekoa da, noski; baina baita gogoeta egitekoa, batipat izurria bukatutakoan: ez al daude etxetik irten barik milaka gauza egiteko? Ez al gara atsegin omen zaizkigun gauzak ala berriak egiteko gauza? Ez al gara ezer egiteke gozatzeko gauza, edo behinik behin gauza txikiak egiteko musika inoiz baino goxoagorik aditzeko, lehiotik hodeietara lasai asko begiratzeko edo potrojorran sekula ez bezala gozatzeko? Nola da posible aspertzea gure garaiotan inoiz baino eskurarago dugun ororekin? Ez al da benetan gure gizartearen zati zinez handi baten nondik norakoen adierazgarria asko eta askoren etxea kaiola izatea? Ez al da kezkagarria guretako asko eta askok lana jarduera bakarra izatea euren bizian? Eta galdera hauek guztiak zintzo-zintzoak dira, alafede.
No hay comentarios:
Publicar un comentario