-ZORIONAAAAK!!!!
-Zer ba?
-Liburuaren Eguna delako.
-Baina zu ez al zara egunero leihotik"ASPERTZEN NAIZ" oihu eta garrasika ari dena?
-Bai, ni neu. Eta?
Eskandalu ederra gaur goizean geure txikerrak egin diguna etxeko txakurtxoak haren ohe gainean txiza egin duelako. Oihuka eta guzti etorri zait gosaltzen ari nintzen terrazaraino, egunero, orduro, txakurtxoaren txiza zein kaka biltzeaz kopetaraino zegoela aldarrika, etxean zehar ortozik joan ohi denez oharkabean zein etengabean zapaltzen dituela.
--Nortzuek txakurtxo bat gura zuten?
-Guk geuk; baina...
-Baina, nortzuek agindu zuten txiza eta kaka biltzeaz arduratuko zirela, terrazan egiten irakatsiko ziotela?
-Guk geuk, baina...
-Baina, irakatsi al diozue etxetik at txiza eta kaka egin?
-Ez dago berarekin irakasterik, ezin dugu hezi!
-Orduan ez kexatu zuen buru gainean noizbaiten txiza ala kaka egiten dizuen.
-Zerbait egin beharko duzu
-Nahi baldin baduzue terrazatik behera bota dezaket; hain txikina da ezen ez duen kotxerik maspilduko ala inor akabatuko.
-Aitaaa!!!
-Ordun...
-Lasai, ni neu arduratuko naiz gaurgero, bai horixe!
Orduan, gero ez harritu kakanarruarekin ika-mika hau izan eta gero txakurtxoa nire altzora beti antxintxika etortzeak babes bila, hau da, lehen ez bezala, ni ikusi orduko ihes egiten zidala, nirekin hain maitagarri jokatzeak
-Aurrera piztiok! Euren gatibualdia geure askatasuna da!
-Hori da, hori! Gora Natura askatuta!
-Darwin, gogoan zaitugu!!!
-Bukatu al dituzue perretxiko guztiak?
Egunon
Zozoak al gara behelaino artean?
Ikuspegi benetan aparta, bitxia, egundokoa, ia beldurgarria. Aurreko mendiok sekula hain garden eta eder ikusten ez baitira, aurreko mendion magalak inoiz antzeman ez baititut nire terrazatik hain gertu, horietako zenbait badira ere ezagun ez nituen mendi tontortxu urrutiak. Horra hor kutsadurarik gabeko mundu bat. Edo bestela esanda, gu gabekoa. Artean, eta goizero bezala, txorien edondondik eta etengabe txioka, baita zenbait hegazti handi eta harroegiren karranka edo urubia ere. Dena oso ederra, nire emazteak ordea esango lioke: "The Walking Dead sound". Eta bai, holako lasaitasun txorizaleak orain arte ezagun genuen munduaren akaberaren atarian gaudela iragartzen omen du berebiziko krudeltasun lasai batez. Edozelare, nik uste Netflix noiz edo noiz bertan behera laga beharrean gaudela, inolako onik egiten ez digu-eta. Gaur etxe garbiketa, zapatu plan itzela.
Ostiral arratsalde itzel ederra. Mendiak urrunean, sagarrondoetako loreen zein zelaietako txiribiten dirdir hunkigarria gogoan, zeru oskarbiaren zabaltasun mugagabekoa, eguzki printzen bizipoz kilikagarria, erreketako murmurio arin jostagarria, etxe ingurumarietan zehar patxadaz ibiltzeko gogo bizia, arnasa garbia hartzeko bezainbeste, hainbat orduz aldapan gora eta behera izerdi patsetan paseatutakoan etxera pozik eta kantari arnasestuka itzultzeko balitz bezala ere. Bizia hor kanpoan... eta gu hemen asper-asper entzerraturik. Potroetaraino gutxi esatea da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario