martes, 15 de septiembre de 2020

HARRI ETA ZUR

Haurrak gerra jolasetan ari direneko ipuin bat: Harri eta Zur: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/harri-eta-zur

Aitona-amonen basetxean geunden, gure aitaren herrian, betiko lez hiriburutik ere iritsitako lehengusuekin jolasean etxeko larrainean edo. Beharbada, euria ari zuelako edo, larrainean egon beharrean, aspalditik abererik gabeko itoi zaharraren barruan egongo ginen seguru asko. Gogoratzen dut egun hura ikaragarri ondo, gaur bertan bailitzan. Auskalo zer dela eta, otu zitzaigun telebistatik ikusi ohi genituen Bigarren Munduko Gerrari buruzko pelikuletara jolastea. Ezin jakin ustekabean izan zen edo aste hartan gogotik txunditu egin gintuen filma batek akuilaturik ote geunden. Nik uste dut behiala izugarri famatua izan zen Holocausto telesail famatua ematen ari zirela garai hartan. Bazen, noski, naziek juduei egindako genozidioari buruzko telesaio izugarri gogor bat, gurasoek ikus ez genezan ohera bidaltzen gintuztenetarikoa. Alabaina, alper-alperrik, mundu guztia biharamunean hitz eta pitz ari baitzen gure amaren eskutik eskolara joan-etorrian. Guk, berriz, kosta ahala kosta gure gurasoen lepoaren gainetik ikusi ohi genuen isilgordean. Guk, haurrok, naziak gorrotatzen genituen, jakina. Bagenekien ondo asko zeintzuk ziren gaiztoak pelikulan, pelikula gehienetan bezala topatu beharrekoak. Hala eta guztiz, telesaileko pertsonaiak zein alderdiak oso urrutikoak ere begitantzen zitzaizkigun. Ez genekien non zegoen Alemania, ez genekien ia tutik ere juduei buruz, ezin genuen gainera telesailean gertatutakoa inon eta inoiz kokatu. Zeharo ezjakinak ginen. Bai noski, dena berria zen guretzat. Nola ez, hain txikerrak izanda. Dena deskubritzen ari ginen; baina inork gutxik azaltzen zizkigun gauzak, edo gutxienez ez gure jakin-mina asebetetzeko behar bezainbeste.

 

-Nik marraztuko ditut esbastikak  –esan nien nire lehengusuei, niri marraztea izugarri gustatzen zitzaidan eta.

 

 Hori bai, bagenekien ondo asko zer zen esbastika bat, baita burdinazko gurutzearen zenbait nondik norako ere, hau da, nortzuek zeramaten eta zergatik, eta zer esanik ez gas kamerei buruzkoa. Dena entzunda, jakina, delako telesailean. Areago, gehienoi ikaragarri gustatzen zitzaizkigun alemanen uniformeak, nazienak batik bat. Zer dela eta? Auskalo! Ezin esan, estetika kontuetan haurren sen asmaezina nagusi omen, biziro dotoreak zein nolabait ere euren dominak eta distiratsuak begitantzen zitzaizkigulako? Baliteke, nik gaur susmoa dut nazien ikonografia guzti horrek erakartzen gintuela, gaitzaren ikurrak zirelako. Bestela esanda, nazien uniforme eta domina haiek Berceoren On Beldur entzutetsuaren janzkera gaurkotua begitantzen zitzaizkigun. Horretantxe oinarritzen zen hain zuzen nazienganako lilura, ez beste inon. Naziak omen ziren garaiko deabru gaiztoen irudirik haragitsuena, edo gutxienez eskurago genuena. Horrenbestez, nazietara jolasean egin gura izan genuen nazi gaizto haiei eurena emate aldera.

 

-Gabriel eta biok jantziko ditugu eskuko gurutzea eta burdinazkoa, zuek ostera aliatuak zarete, juduak askatu behar dituzue gure atzaparretatik –lehengusu nagusiok ikaragarri gustuko izan ohi genuen gaiztoena egitea txikiei nahi beste eta batez arduragabe egur emateko asmotan; bai, gaiztoetan gaizto.

Jolasean hasi eta harrabotsa hedatu zen aspaldiko lanabes herdoilduak eta gordetzen ziren korta zaharretik barrena. Berehalaxe ere gomazko pilotak elkarri jaurtitzeari ekin genion. Gure aitonak saski batean pilatzen zituen herriko frontoitik patiora jausten ziren palaz jokatzeko gomazko pilota txiki eta beltzak, etxea frontoipean zegoen eta artean estali gabe ere; hau da, ia arratsaldero, batez ere udaldiko asteburuetan herria udatiarrez bete ahala, pilota-jasa ederra jasan beharra. Berehalaxe gure etengabeko arrapalada eta oihuak nagusien belarrietara heldu ziren burrunba eginda. Orduan azaldu zitzaigun aitona itoiko atean harri eta zur, erabat.

 

-Baina, txoratuta al zaudete?

 

Garrasi egin zigun aitonak, izugarri sumindurik, gugana oldartu eta gutako aurrenekoari besotik oratu orduko paparrean itsatsita zeraman burdinazko gurutze marraztua erauzi zion. Sekulakoak esan zizkigun, lehenik eta behin beso zein bularretako papertxo “madarikatu” haiek behingoan kentzeko, gero ea herrikoei zer pentsatua eman nahi genien galdetu zigun, guk hari sekula ez ikusitako amorrazioaz. Egia esan, hura izan zen gure aitajauna benetan asaldaturik, egia esan, bere onetik at, ikusi genuen lehendabiziko aldia. 

 

-Gura al duzue jendea gutaz txutxu-mutxuka jardutea? - 

 

 Ezin ulerturik geunden gu, haur koitaduok, ezin genuen inondik inora asmatu aitajaunaren egundoko saminaldi haren zergatia. Guztiz ezezaguna, arrotza, izugarria egiten zitzaigun agure haren birao zein mehatxuei adi-adi geundela ezin sinetsirik ere.

 

-Baina, aititte, gerra pelikuletara jolasten ari ginen, ez besterik –azaldu egin zion nire lehengusu nagusiak.

 

Behin bakarrik ikusi dut nik aitona bere bilobetariko bati belarrondoko bat ematen. Hori izan zen egun hartan nire lehengusu Gabrielek jaso egin zuena: belarrondoko eder bat. Areago, nik uste hotsa kortatik etxeko ganbararaino zabaldu izan zela.

 

-Gura al duzue auzokoek pentsatzea etxe honetakoak faxistak garena?

 

Ez, jakina ezetz, nola gainera ez baldin bagenekien zer demontre ote zen egiatan faxista izatea. Baina, hori bai, ez zen ezer azaldu beharrik faxista izatea oso gauza txarra, lotsagarria zela asmatzeko. Gure aitonaren betozko ilunean erreparatzearekin aski zen, alafede.

 

-Zoazte hemendik, ospa!

 

 

 Izan ere, gure aitonak ez zuen ezertaz gurekin eztabaidaka hasi nahi/behar. Hori ondo asko genekien gure gurasoek esanda: nagusien legea da txikien mende egitea.

 

-Zer egin diozue aitonari era horretan aztora zedin?

 

Nola erantzun geure gurasoei ez baldin bagenekien zertan zen egiatan guk egindako oker edo bekatua, gerra pelikuletara jolastean. Hala ere, gogoratu, gogoratzen nuen nik neuk behin ere, aitajauna ez, baina amandrea bai, haren senarra bezainbeste aztoratu egin zela bilobak egongelan zegoen armairuko tiraderetako batean kuxkuxean geundelako. Aztoratu bai, horra hor tiraderan militarrek paparrean atxikita eraman ohi duten domina urrekara bat topatu eta guk eskuan hartu bezain fite gure atzean azaldu zen amamaren ezusteko aldarriaren zergatia.

 

-Uztazue hori bere lekuan oraintxe bertan, aitonak ez du inork atera dezan nahi.

 

Eta bertan behera laga behar izan genuen urre-bitsetan sartutako eta erdi-erdian espainiar banderaren koloreak zituen oihal zati batetik zintzilikaturiko domina hura. Baina ez al zen harrotzeko moduko domina bat? Guk genekienez, hau da, berriro ere gerra pelikuletan ikusitakoaren arabera, dominak jasotzen zituzten soldaduak heroi modukoak omen ziren, batailan ausartak edo izateagatik irabazten zituzten eta. Gure amandreak ostera etengabe ezezka, gure aitajaunak jasotako domina Gerra Zibilean bere lana ondo bete izanagatik baino eman ez ziotela, armadako ia soldadu guztiei banandu bezala guda madarikatu hura bukatutakoan.

 

-Non eta nortzuen kontra borrokatu zen aitonak?

 

Agidanez Ebro aldean ibili zen borrokan, bertan bataila handi bat garatu zenekoan, itzela. Herriko gazte andana hil zen baina. Herriko gazte gehienak behartuta joan baitziren nazionalekin borroka egitera, aitajaunaren modura, hain zuzen ere. Alta, herriko gazte guztiok gogor borrokatu ere egin zuten, baldin bazen lepoa salbatzeko soil-soilik, eta berriro ere aitajaunak berak bezala. 

 

-Egia esateko, zuen aitonari domina hori eman zioten gerra garaian, gorri batzuk Donostiaraino preso eta salbu eraman izanagatik, beste lau soldadurekin batera.

 

 Gure aitajauna, ordea, ez zen batere harro gerrako zeregin hartaz, amandreari kontatua baitzion behin baino gehiagotan Donostiara heldu eta gero preso errepublikano haiei pasararazi zizkietenak. Emandako agindua betetzea baino ez zuen egin, horrexegatik eman zioten ditxosozko domina hura; baina, etxera bueltatu orduko tiradera barrenenera jaurti zuen.

 

 

-Aitonak beti esan du militarrak ez zirela batere jende zintzoa, fidatzekoa, guztiz handiustekoak eta batik bat errukigabekoak, baizik eta berebiziko gaiztoak eta odol-goseak. Zuen aitonak gorroto bizia zien Francoren armadako buruzagiei. Tamalez ere euren mendean bizi izan gara berrogei urtetan ahoa ireki ahal izateko ere eskubiderik gabe.

 

 Orduan, kontura zetorrelakoan edoguk zergatik ondotxo ez asmatuagatik, gure amandreak kontatu zigun gerra bukatu eta bizpahiru urteetara gure aitonaren bila etorri zirela herriko aguazil bat eta bi lagun falangista gauerdian. Ate joka ari zirela gure amandrea azaldu zitzaien purrustaka, oso berandu zen eta. Gizon haiek, gainera, mozkor-mozkor eginda zeuden. “Zure senarraren bila gatoz, ea gurekin borrokatu eta gero zergatik bildu ez zaigun galdetzeko asmotan. Hori eta zer dela eta ez den inoiz behar bezain sutsu erakusten gure Garaipen Loriatsuaren urteroko ospakizunetan”, galdetu zioten tupustean. Gauzak horrela, gure aitona bera azaldu zen goiko solairutik eskaileretan behera egunero bezala soro-lanetara joateko jantzita. “Banoa zuekin, baina, jakizue, itzultzen ez baldin banaiz, nire amandrearen etxera joan beharko duzue nire berri ematera”. Eta ez, ez zuten eraman, ez arrastaka gure amamari mehatxatu bezala, ez eta besotik oratuta ere aguazilak gure aitona euren parera heldu orduko agindu zion bezalaIzan ere, hiru gizon harroputz eta mozkor haiek etxeko atalarriaren aurrean zer esan ez zekitela, Zamudiotarren jauregiko zurezko ate landu handia zein, edo batik bat, armarri erraldoia gogora etorriak zitzaizkien oldarrean. Edo bestela esanda, hiru txapelgorri odol-goseek euren burua Kale Nagusiko jauregi hartarantz bidean ikusi zuten, Maria Luisa de Zamudio y Sanchez de Mansoa andre txit gorenari bere bilobari egindako mehatxuak eta nolatan azalduko zizkioten hausnarrean. Nola edo hala, baina baita aitonaren desagerpenaren berria herritik barrena hedatu bezain laster ere, Zamudiotarren buruarengana jo behar izango baitzuten argibide ematearren, zamudiotarrak baitziren herriko leinu karlista zaharretariko bat, karlistadetarako armak jauregiko soto zein ganbaran harri arteko zirrikituetan ezkutatzen zituztenetarikoak, baliteke herriko erreketeari hornitzeko diru gehien eman zutenak ere izanak, herrian antzinatik karlistak nagusi baitziren, erabat. Horregatik ere Altxamendua hain erraz eta erabat garaitu zen gerraren aurreneko egunetan, aspalditik egundoko ganoraz prestaturik eta behar beste horniturik baitziren herriko txapelgorri guztiak. Horrexegatik ere, herriko gazte gehienek bat egin behar izan zuten Erreketearekin halabeharrez, edo Francoren armadara joan zuzenean gure aitajaunak berak egin bezala, sekula jantzi ez baitzuen euren odolekoek hainbeste estimatu edo gurtu ere egiten zuten txapel gorria. “Zuek jakingo, baina gogora ezazue herri honetan falangistak hiru katu baino ez zaretela”, horiek izan ziren, gure amandreak ere esan zigunez, bere senarrak aguazilari esan zizkion azken hitzak, beronek eta bere bi lagunek gau hartan gure aitona-amonen basetxeraino hurreratzeko asmo gaiztoari amore eman aurretik. 

 

 -Hala eta guztiz ere, nik banuen asmoa goitiraino arineketan igotzeko dominaren bila, badaezpada.

 

 Orduan bai, orduan ageri zen domina hark nolabaiteko balioa bazuela, ez baldin bazen harro egoteko modukoa, gerran egindako auskalo zein heroi-keriarengatik edo, baina bai behintzat gure aitonaren larrua salba zezakeelako. Berdin izan zion gure amamari, haatik, domina gure eskuetatik deskuiduan erauzi bezain laster tiradera barrenera bueltatu baitzuen di-da, eta gu harri eta zur lagata, hau da, aitajaunak berak gure paperezko burdinazko zein gurutze gamatuekin tximiniako sutara egin bezala.

Txema Arinas

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...