lunes, 7 de septiembre de 2020

NOBELA ERREALISTA BAT - JOXEAN AGIRRE


 Idatzi dut HITZEN UBERAN.eko KOMUNITATEA sailerako uda honetan gehien gozatu ditudan liburuetako baten iruzkin benetan zintzo bat: NOBELA ERREALISTA BAT - JOXEAN AGIRRE: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/nobela-errealista-bat-joxean-agirre

Josean Agirreren azken nobela eta ni, egia esanda, aspalditxo esperoan nengoela gogotsu. Zer dela eta? Argi eta garbi aitortu beharrean nagoelako, Joxean Agirre-zale porrokatua naizelako, izugarri asegarria zaidalako euskal literaturan zinez originalak, abilak, ausartak eta batik bat jostalariak diren bakanetako idazle hau. Izan ere, Agirreren liburu bat eskuartean izan orduko badakit aldez aurretik alperrik gastatutako dirua izango ez dela, ezer baino lehen multzotik bereizten diren idazleen ahotsa gogokoen baitut. Horrenbestez, badakit ere aurrekoekin bezainbeste gozatuko dudala ia ezinbestez Agirreren liburuekin (Lehen triptikoa (1986), Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (1991), Elgeta (1996), Romain zen bere izena (2003), La lutte finale (2008), Zwei Frauen (Bi emakume) (2001), Adiskide bat nuen (2013), Gizajoen katalogoa (2016) eta Goldsmithen ikaslea (2017).), berdin didate liburuaren nondik norakoek, ondo asko baitakit beraietan Josean Agirreren literaturaren ezaugarri nagusiak kausituko ditudala nola edo hala: sexoarekiko obsesio jostalaria, metaliteratura ironia jorratzeko aitzakia hutsa, hizkuntza dotore eta zuzen baten aldeko apostu garbia, eta, jakina, umorea. Bai horixe, gure euskal literatura hain urria den ezaugarria zenbait kasu alde batera utzita, noski, oso seriotan hartzen duen herri bat bagina bezala, hau da, egunerokoan umorea ohiko bezain ezinbesteko duen herri bat -ez baldin bada hostia txarra ozta-ozta, gehienbat-, baina gero paperera aldatuta denak ari dira seriotasunaren bila goi mailako literatura, edo agian literatura hutsa, egiteko nahitaezko betebeharra bailitzan, hau da, mundu mailan libururik goraipatuenetariko bat El Quijote dela ahaztuta, umorezko nobela, hain zuzen.

Ironia dario purrustaka, baita samurtasuna ere, Joxean Agirren azken nobela honi izenburutik hasita, hau da, liburuan zehar halamoduz, azalez behintzat, beti irakurlearekin jolasean, ustezko nahas-mahas batean. Nobela errealista bat da beteko ez omen duen asmo ez hain garbia, dudatan izango baikaitu egiatan delako errealismoari trufa edo etengabeko trufa egiten dagoenentz, batez ere argitaletxeen politikaren kontura, baliteke bere buruaz ere, edo hobeto esanda, beste batzuek bere buruari egotzi ohi diotenaz, alafede.

“Bi hilabete igaro dira Agirrezabalen heriotzaj argitu gabe jarraitzen du. Hark idazi zuen eleberriaz kritika batzuk atera dira eta ez dute gaizki uzten. Behingoz bere betiko obsesioak alde batera utzi eta gai benetakoei heltzeko gauza izan dela nabarmentzen dute.”

Gauzak horrela, badirudi Joseba Agirre errealismoaren kontrako ustezko nobela errealista bat eskeintzen digula, non azaltzen den oro ustezko errealitatearekin ere ondo lotuta ematen duen; baina, zorionez, eta idazlearen aparteko abileziari esker, surrealismo hutsa bilakatzen da. Osagarriak ezin hobeak dira inondik inora errealista eman ezin duen egiazko nobela errealista bat borobiltzeko. Alde batetik, protagonista da Loiuko aireportuan lan egiten duen taxilaria, badu ohitura bere bezeorei istorioak kontatzeko Frankismoaren hondarretako ETAko hainbat kide ezagun edota Euskal Herriko politaren hainbat pertsonai ezagunen gaineko pasadizo benetan xelebreak (Mario Onaindia, Mikel Azurmendi, Xabier Arzallus, Jon Idigoras, Santi Iparragirre, Asun Goenaga, Xabier Amuriza, Mikel Laboa eta Tasio Erkizia), betiere bezeroen itxurak adieraz diezaizkiokeen balizko edo ustezko nondik norako ideologikoei aldez aurretik erreparatu eta gero, noski. Bestaldetik, idazlearen ustezko aldaki bat omen den Agirrezabal idazlea dugu, taxizalearen emaztearen maitalea, apenas libururik saltzen duena bere estiloak gaur egungo joera arrakastatsuekin bat egiten ez duelako. Agirrezabalen editoreak nobela errealista bat behingoan idatz dezan eskatuko dio. Horretarako, Agirrezabalek Mikel Lejarza “El Lobo” ETAn ibilitako satorrare istorioa hautatuko du. Gauzak horrela, eta taxuzko nobela errealista bat egiteko asmotan, Agirrezabalek egiazko ikerketa bati egingo dio Espaniako inteligentzia zerbitzuen arreta erakarriko diona. Hortik aurrera Joxean Agirreren azken lan honek nobela beltz baten tankera hartuko du berriro ere azken garaiotan hain modakoa (izan ere, gehien saltzen duena) den genero honen parodia ezin goxoagoa egite aldera, batez ere Agirrezabal idazlea ezustez eta beti susmopean hildakoan eta taxilaria zein argitaletxeko neska langile bat tramaren erdira aldatuta.

Badaude, beraz, Joxean Agirreren literaturaren ohiko ezaugarriekin batera, benetan xamurrak diren osagarriak nobela errealista bat borobiltzeko, batez ere delako errealitateak ironiaz gainezka egin dezan, baita idazleak plazaratzen dituen errealitate ezberdinei buruzko gogoeta gozoak bezain mingotsak egin ditzan ere, dela literaturaren balio zein oihartzun eskasaz gure gaurko gizartean, dela gure historia garaikideari buruzkoa:

 

“Herri bezala ere, beti gaude atzera begira, joan den mendeko kontuekin bueltaka. Taxian kontatzen ditudan erresitentziako istorio horiek bezala. Gehienak amets zapuztuak dira, galtzaileen kontakizunak, gure indentitatea porrotaren epikan oinarrituko bagenu bezala. Hain gaude kotsatuak gerrillariaren izpiritu horrekin, non ekintza handiak, empresa bat sortzea, ontzi bat uretaratzea edo pasaia bat eraldaltzea, distira gabeak iruditzen zaizkigu. Eta hori gaixotasun bat da”, atera zitzaida.”

 

Eta bai, nobelan tartekatzen diren pasadizoek delako trama beltza nolabait -baina, ez dut uste nik gehiegitxo- baztertzen edo itzaltzen dute. Eta zer? Ni behintzat izugarri asebete naute, Agirren idazkera hain garbia eta goxoa da eta. Horixe da, gainera, nik Joxean Agirrek egitea espero dudana, delako trama beltza aitzakia hutsa baita pertsonaien artekoak, batik bat sexu tensioarekikoak, jorratzearren, baita literatura edo honen inguruko negoziori buruzko hainbat gogoeta zorrotz bezai gaizto hizpidera ateratzearren ere. Egia esanda, hau izan da uda honetan euskaraz gehien gozatu dudan liburua, izenburutik azken hitzeraino. Ez dut, hortaz, inondik inora ezkutatu edo moteldu behar nire liluramendua, eskerrak eman baino, eta gutxitan bezala gainera, gorago aipatu bezala, benetan libreak, ausartak eta apartak, euren buruarekin leialak, gero eta gutxiago izaten baitira negozioaren errukigabetasunaren erruz, berdin dit eurekin orotan bat etorrita ala ez.

¨“Nik ez dakit zuen euskal idazle horrek zer elenerri idatzi duen eta ez zait batere axola. Literatura gaixoen gordeleku bilakatu da eta ez zait gaizki iruditzen, jarrai dezatela beren baitako lokatzetan luma busti eta idazten, baina ez daitezela hurkoaren bizitzan endredatzen hasi”, esan zuen segidan.¨

  

Txema Arinas

Oviedon, 2020/09/04

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...