lunes, 14 de septiembre de 2020

AZKEN EGUNOTAKOA



Zapatuero lez erosketak egitera goizean goiz. Eta zapatuero lez ere kutxako lerroan zain nagoela kutxazainari euren bizitzaren nondik norakoak kontu kontari egon ohi diren jubilatuak edo. Halaber, ez dute hutsik egiten: zenbat eta luzeagoa lerroa, orduan eta berritsuagoak. Berdin die euren atzean lerroko marmarioa gero eta ozenagoa den, ez eta norbaiti, bati baino gehiagori egia esanda,"ixilduko al zara, zahar ajetsu kontakatilu hori!" edo "gaur hondartzaraino joan nahi nuen nire familiarekin!" eta holakoak eskapatzen zaizkion ere. Eurak hitz eta pitz etengabean, zapatu goizak oso luzeak dira eta supermerkatuko kutxazainak oso atseginak, baliteke euren emazteak baino hamaika bider gehiago. Gainerako bezeroei, ordea, ez dut uste grazia handirik egingo zienik delako berbajario amaigabekoak. Niri ordea, eta gaur bertan behintzat, ez zidan batere ardura agure mihiluzeoi adi egoteak; nire emaztearen gurasoek nire familiakoei eguna ia oharkabean antolatu egin dietenez, hau da, gaur zapaturako genuen plana (madrileñuak eta txandalariak etxera bueltatu egin direla eta, hondartza zapaldu behingoan udara osoan)hondatu eta gero, kutxako lerroan ederto nengoen potrojorran, egun osoan etxean esne mamitan bakarrik egongo naizen bezala, hain zuzen ere.

-Ez dakit nik pasatzen ari garen ditxosozko distantzia neurriekin. Portzierto, non daude nire ikasleak? Banekien nik ur-lasterrarekin ez omen zela oso egokia denak koltxoneta banatan ezartzea...

Honaino iritsi naiz, banago maskaraz potroetaraino. Etxe inguruko parkera ibiltzera irteten naiz arratsaldero; baina, antza ez naiz ni maskara barik ibiltzeko asmotan egiten duen bakarra. Izan ere, inoiz baino jende gehiago ibilian dabil parkean zehar, ohikoak zein sekula ez ikusitako jendilaje andana, gazte talde pila, familia osoak, atso-agureak. Badirudi denoi otu zaiela arrasaldeetan hona denbora pasa etortzea, gehienak astiro-astiro dabiltza eta batez ere ibilbidea zailduz. Eta hainbeste jende dago ezen parkea udaltzainez ere gainezka dagoen maskarena kontrolatzearren edo. Horrenbestez, ezin da maskara barik ibili, Oviedoko Uria kalean barrena bageunde bezala gabitz eta, etengabeko sigi-saga batean edota doi-doian elkar oztopatuz. Eta parkearen goi parteko untxiak guri begira gauzak irauli balira bezala, hau da, gizakiok ikuskizuna bagina bezala eta ez alderantziz; gaur untxikume bat ikusi eta niri azenario bat botatzeko imintzioa egin duelakoan egon naiz. Gainera, ez dago non eseri maskara kenduta arnasa lasai askoan hartzeko, aulki guztiak beteta egoten dira marmarrean ari diren atso-agureekin, baita larreetako harrizko mahai zein eserlekuak nerabeekin umeske baleude bezala edo. Gauzak horrela, amore ematen dut, gaurgero nire emaztearen steperra noraezeko ibilbide izango dut, alafede. Maskara jasangaitza da arin-arin ibilian egiteko.



Konfinamentuak larri eragindako hutsunea betetzeko irrika.
Ezer inoiz lehen bezala izango ez den promiskuitate berria.
Oihalean zehar zuzen kutsatzen didazun bizipoz ero lizuna.
Elkar ikusten ez duten maitaleen arriskuzko musu beroak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...