Maite dut maite itsas giroko narratiba osoa (Herman Melvillen Moby Dick Joseph Conraden Lord Jim, Patrick O'Brianen liburu guztiak, Pio Barojaren Las Inquietudes de Shanti Andia, Ignacio Aldecoaren Gran Sol, Alvaro Mutisen Empresas y tribulaciones de Maqroll el Gaviero, Edorta Jimenezen Atoiuntzia, besteak beste). Itsas giroko liburuek badituzte oso ezaugarri berezi batzuk lehorrekoen itsasoarekiko erromantizismo huts edo estereotipatuenetik ikusita beti norbanakoaren libertatearekin, hau da, itsasoan lehorreko kateetatik libre dena soil-soilik, edota gutxienez gizaki alderraien bizipenekin ia oharkabean lotzen ditudanak, baita nolabaiteko abenturarekin ere, nahiz eta errealitateak, hau da, literaturaren ifrentzuak, oso bestelakoa, guztiz arruntagoa edo agian aspergarriagoa, izan behar duelakoan egon. Horrenbestez, ez da batere harritzekoa Patxi Iturregiren azken ipuin bilduma honi ekin izana gaztetako irrika urrunaz, hau da, egiazko gogo biziaz. Eta zer esanik ez, espero bezala ere gogotik asebete egin nau aurreneko ipuinetik azkenera arte. Itsas giro delakoa oparo bezain zintzo eta zorrotz topatu dut, hau da, itsasoko gauzak ezin hobeto, profesionalki, ezagutzen dituen idazle baten gitotze lan aparta ipuinetako pertsonaien gorabeheren narrazio ederrarekin batera, biak maisukiro uztartuta. Bestalde, Patxi Iturregiren istorioak Lehenengo Mundu Gerran kokatu izanak, edo are zehatzagorik garaiko Espainiako neutraltasun korapilatsuaren mende egoteak, abenturarekin, edo behinik behin delako gerra egoerak halabeharrez sorraraz litzakeen egoera edo ezusteko zail edo arriskutsuekin, estuago, taxuzkoago, lotzeko laguntzen dute. Egia esanda, kokapen historiko horrek liburuari oso kohesio narratibo erakargarri eta apropos bat gaineratzen dio gorago aipatutako itsas giroko liburu klasikoen antzera. Izan ere, aipatutako erreferentziak gogora etorri zaizkit etengabean ipuinak irakurri ahala, hala nola Conradek Lord Jimen agertzen diren hainbat pertsonaiak eraikitzeko sakontasun sikologikoa, Aurpegi biko gizona ipuinean bezala, edota Ignacio Aldecoak Gran Sol idazteko erabili zuen itsas hizkera oparo eta batik bat zehatza, nire ustez Urpekaria ipuinean ustezko istorioari gailentzen zaiona, egiazkoa apika urpekarien nondik norako teknikoak edo direlakoan, niretzat behintzat benetan xamurrak. Badago beste ipuin bat ere, ikaragarri gustatu zaidana narratiboki, non itsasoa bigarren maila batean azaltzen den, atze-oihal gisa, Garcia Altunatar hiru ahizpen nondik norakoak idazpide, garaiko giroa ere ezin hobeto erakusten duena, hau da, XX mende hasierako kutsu benetan erromantiko eta aldi berean gordina gogoratu didana liburu osoan ohiko den fineziaz. Alderraiak ipuinak, ordea, Alvaro Mutisen istorioak gogora ekarri dizkit ezustean, hau da, itsasontzi barruko giroak edo eraginda, baina egiatan askotxo hausnatzeke, lehenengo irakurketaren inpresio hutsaren ondorioa, ez besterik. Eta baldin badago ipuin bat lehen aipatutako Lehenengo Mundu Gerraren giro benetan nahasi eta arriskutsua presente dagoena, hori da, duda zipitzik gabe, Ur irazekiak (Neguriren uberan) ipuina; bertan nola ez ekarri gogora Patrick O´Brien edo Baroja bera beste behin ere ia ustekabez. Oro har, ipuin guzti-guztiak nabarmentzekoak dira, alajaina. Ezta batere harritzekoa Patxi Iturregiren hizkerak ikaragarri landua ematen baitu, hitzen zizela erruz erabili duenaren modura, benetan euskera jasoa eta batik bat gaira egokitua, beti behar beste doia, joria baina aldi berean ere goxoa bezain irakurterraza, ezin hobeto erakusten duena, nire ustez, euskarazko hiztegia lantzea merezi duela ustezko jatortasunaren edota are gutxiago ulermenaren kalterako izan gabe, edozein hizkuntza jasotan suertatu bezala, alegia. Honaino iritsita, beraz, badago beste gauza bat oso argia begitantzen zaidana, premiazkoa ere bai, kosta ahala kosta azpimarretzea merezi duena, batez ere euskal irakurleek Patxi Iturregiren Ur biren artean ipuin bilduma hau oso gogoan har dezaten: iruzkin honen hasieran aipatutako egile guztien zalea baldin bazara, hau da, euren liburu guztiekin nik bezainbeste gozatu egin baldin baduzu, Ur Biren Artean liburua parada aparta izan daiteke orduko irakurketen plazera berriro gozatzeko, behinik behin gogoratzeko, oraingoan euskara eder-ederrean gainera.
Bestalde, abagune ezin hobea ditut lerro hauek aspaldi, hedabide honetan bertan, idatzi nuen Euskal Literatura eta Itsasoa artikuluan egindako hutsa nolabait betetzen saiatzearren, Patxi Iturregiren Haize Kontra bezalako liburua orduan aintzat hartu ez nuelako, egia esanda irakurrita ez dudalako, hau da, laster konponduko dudan hutsune barkaezina, oso handia gainera, barkazioa eskatzera behartzen nauena derrigorrez. Espero dut, gainera, gaurgero bakarra ez izatea.
EUSKAL LITERATURA ETA ITSASOA
Hausnarrean ari naiz Euskal Literatura eta itsasoaren kontura, eta bada benetan harrigarria, batez ere gure herriak itsasoan/munduan zehar parrastaka bidalitako arrantzale edo marinelak istorio iturri ezin naroagoa direla kontuan hartuta, ez dagoela itsas kutsuko idazlan franko. Badaude ordea zenbait liburu handi eta oso ezagun, Txomin Agirre ondarrutarraren "Kresala" eleberria (1906) bezalakoa, beharbada garai bateko euskal literaturaren kanona sendatzen duena. Honekin batera ere aipatuko nituzke Pepe Artolaren "Legorreko Arrantzalia" (1898) edo Jean Martin Hiribarrenen "Montebideoko berriak" (1853). Antza, euskal arrantzale edo marinelak ez ziren oso emanak kostaldeko portu zein tabernetan barra-barra kontatu ohi zituzten itsas istorioak euskaraz idaztera. Denetarik zuten gainera itsasoko nondik norakoen kontura idazteko, besteak beste Ternoaraino baleen atzetik joandako euskal arrantzaleen gorabeherak zein euskal kortsario zein itsaslapurren kondaira. Edonola ere, badago idazlan bat benetan aipatzeko modukoa, liburu tekniko bat hain zuzen, Etxeberri Dorre (Piarres Etxeberri) "Itxasoko Nabigazionekoa" (1677), gauza benetan bitxia liburu hau idazteari ekiterakoan Etxeberrik zertarako edo jomuga praktiko bat izan bide baitzuen gogoan.
Dena dela, Euskal Literatura Garaikidean ere ez dirudi askotxo jorratutako gaia denik, ez badin bada lehorretik idazteko Julen Gabiriaren "Han goitik itsasoa ikusten da" eleberrian bezala. Baina egon beti egoten da zeozer. Baditugu, ordea, kasuko Kirmen Uriberen "Bilbao-New York, New York-Bilbao" liburu txit goraipatu eta saritua, edota nik aspaldi ikaragarri estimatu egin nuen Edorta Jimenezen "Atoiuntzia" (1990) ipuin bilduma txikia. Hona hemen atoian ateratako pasarte bat.
"Itsasbeheretan alderantzizko bidean etortearen inpresioa ematen zidaten urek, azken eguzki errainuek urazalean labantzean sotarazten zuten begi-efektuaren eraginez. Kaio burubeltzek kanpo aldeko dike erraldoiko pitzadura eta arrakaletara abiatzen ziren. Bizkaiko zunia jostailu soil ikusten nuen, zerumugarari leihoa ezarri guran modura. Eta halako batean, bera ere erdi jostailutzat nuen atoiuntziak egundoko bisitaria izan zuen. Herio bera."
ATOIUNTZIA - Edorta Jimenez
Txema Arinas
Oviedon/2020/09/24
No hay comentarios:
Publicar un comentario