Baliteke egotea euskal kulturaren mundu murritz eta maiz ere ziztrinean oso pertsonai berezi, bitxi, arraro bat guztiz merezi duena ebeberri mardula. Baliteke, sikeran adinagatik, haren bizipenak oso xamurrak edo xelebreak izatea, zer esanik ez mugitu baldin bada etengabe batetik bestera urteak pasa ahala, berez ipurterre hutsa delako edo auskalo zer dela eta, berak baino ezin baitu jakin, gutako edonork bezala. Baliteke ere bere nondik norakoetan alde ilun-ilunak izatea, esateko, bere jarduera enpresarialean zortedun ez izatea, beharbada batere artatsu jokatu ez izatea, trakets-traketsa izana. Baliteke enpresok aurrera ateratzearren edo hainbat azpikeria edo iruzur saiatu izana, baliteke ere honen ondorioz, noski, jende dexente sumindu izana. Horrenbestez, behin edo egur ederra jaso izan du ezinbestez. Endemas, egia da ustezko pertsonai horren editore jokaera nahiko eztabaidagarria dela, argitaratzen dituen liburu gehienek oso editatze lan eskasa dutela, liburuak akatsez gainezka daudela idazleak baitira editatze lan horren arduradun ia bakarrak, berak eskaini eta jartzen dituen baliabideak ezin murritzagoak direla, eta batik bat ez diela idazleei inoiz inolako egile eskubiderik ordaintzen, eta baliteke hau guzti honen xede ia bakarra Eusko Jaurlaritzaren kultura sailak ematen dituen diru laguntzak eskuratzea. Baliteke, eta zenbait kasutan ere egia hutsa da. Hala eta guztiz ere, egindako iruzurrak edo azpikeriak juzkatzeko badaude auzitegiak, amnistiarekin eta guzti. Haren argitaratze lana aldiz irakurleek baino ezin dute epaitu, egin egiten badute, baita bere argitaletxeko idazleek ondo asko pairatzen dute ere, gehienek ezin dute besterik egin, berak baino ez baitizkie argitaratzen beren idazlanak, gehienek badakite ere zeren aurrean dauden, nori aurre egin behar dioten, zegatik ere, zertara makurtu edo moldatu behar diren nahitaez nola edo hala argitartzearren.
Horrekin guztiarekin nobela baterako pertsonai bat eraiki gura baduzu oso motz geratuko zaizu, gizakume gehinenok, batez ere adintsuek, baitituzte alde argilunak, denok izan gaitezke pekatari noizbaiten edozein motibo dela gauza, denok huts egin dezakegu gure eguneroko jardueran nahita edo ezustean, egia esan denok egiten ditugu etengabe hanka-sartzeak. Badaude, ordea, sekula ezer txarrik edo okerrik egiten ez dutenak, betiere zuzen jokatzen dutenak, bihotzez gainera garbi-garbiak, gehienak ekinaren ekinez gainontzekoak baino zuzenagoak, zuhurragoak, azkarragoak; puritano porrokatuak.
Hala ere, ustezko pertsonai hori borobildu asmoz bestelako osagai bila baldin bazabiltza, hots, lehen aipaturiko gorabeherez gain bere bizitzaren beste alor pertsonalago batzuk ere jorratu nahi baldin bagenitu, honen ibilera ideologikoa, ezker gorri-gorritik epelera eta espainiar eskuinera hurbiltze saioak tartean ere kasuko, edota, guztiz itsusiena, makurrena, begitantzen zaidana bestalde, pertsonaiaren gustu estetikoak edo eritzi politiko zien etikoak kontuan ere hartuko bagenitu kritikagai; ezin besterik ondorioztatu, epailearena ez ezik, baita komisario politiko zein estetikoarena egiten jardungo zenuke, nabarmen baita hain bikaina izanda inkisidore lana izugarri egokia zaizula; eta edonola ere zenbait buru, hainbat aburu.
Dena dela, aurreritziak aurreritzi, argi eta garbi omen baita hau guztiau egiteko gogoan duenari biziro gustatzen zaiola gizabananakoak euren zeregin zein eritzien arabera epaitzea, ikaragarri atsegin zaiola gainontzekoen aurrean inor baino prestuen, puruen azaltzea, hortik ere gianontzekoak hain lotsagabeki eta batez ere gupidagabe juzkatzeko balentria aparta. Baina, bitxia da, oso, erabat susmagarria egia esan, ustezko pertsonai hori bezalakoak salatzeko bapateko grina, ustezko pertsonai hori bezalako batek euskal idazle gehienen ETAk eragindako biktimekiko ustezko -edo agian ez hain ustezko, edonola ere gaia jorratzea merezi du behingoz gogoz, zintzo eta oparo- ekidistantzia salatu duenean publikoki orain dela astebete ospatu den kongresu batean. Izan ere, badirudi zuk erakin nahi duzun pertsonai hori bezalako batek egindako adierazpenak batere atseginak izan ez zaizkizula, min egin dizutela, biziki aztoratu egin zaituztela, eta hori dela eta, kontako argudioak asmatu ezean edo, zure eritzi edo egiaz baliatu beharrean, pertsonaren kontra oldartu gurago duzu. Hori bai dela miserable jokatzea, zer esanik ez nortaz ari zaren zuzen-zuzen esaten ausartzen ez zarenean, ni bezainbeste, noski baietz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario