miércoles, 2 de mayo de 2012

LOST IN THE SUPERMARKET II


Zabaldu egin dute supermerkatu bat gure kalean. Egia esan, aldatu egin dute kalean bertan zegoena txikiagoa zelako edo, pasiloetan barna zindoazela persona bakarrarekin topo egitekotan ezin zinen pasa, baztertu behar zinen ala bestela bertan behera harrapaturik geratzen zinen. Hori suertatzen zen sarri askotan, erreponedoreak ari baitiziren jo eta ke egun osoan, demaseko intimitatea gehienbat neskak ziren langile batzuekin, behin baino gehiagotan txorizo sorta eskuan neramala ez nekien nik zer dela eta nire burua besoak altxatu beharrean somatzen nuen. Zer esanik ez orgatxoaz joan ezkero, dena mehar-mehar begitatzen zitzaidan, horrez gain eskasa eta garesti-garestia ere bai. Joandako asteburuan lokal berria zabaldu egin zuten kale bertsuan. Ni larunbat arratsaldean sartu nintzen herabe. Behin barruan harri eta zur geratu nintzen zer-nolako lokal handi eta zabala, benetan edonor harritzeko modukoa. Izan ere, hiri ingurumarietan zabaltzen direnetariko bat ematen zuen. Badu gainera garajea, antza denez gauza benetan garrantzitsua edo agian ezinbestekoa bezero berriak erakartze aldera, hor baitatza supermerkatu berri honen zabalkuntza, Mercadonaren garaietan batik bat, nolabait esatearren, hots,Valentzia aldeko supermerkatuon etengabeko hedapenari aurre egiteko asmotan.

Eta bada, noski, goraipatzekoa egindako ahalegina merkatuan zabaldu edo borrokatzeari ekiteko, edo bestela esanda, bada benetan miresgarria, txalogarria, krisi garaiotan inbertsio ausardia gero eta murritzagoa den merkatu esparru batean bizi izateari eusteko asmotan. Areago, bada eskertzekoa, beharbada ezustean edo, enpresak Oviedo gizarteari egindako mesedea, hau bezalako supermerkatu handi bat denda bat baino gehiago dago hiritarrontzat. Egia esateko, zabaldu berri dutena benetako giza-bilgune bat omen da. Plaza peto-petoa, ikusi besterik egin behar ez baitzen joandako larunbat arratsaldean, kalean euria fara-fara ari zuela, non elkartuko, non aterpetuko, nora paseoan joango, zertan ihardungo arratsalde osoan ezer atseginago, dibertigarriago, kitzikagarriagorik ezean? Supermekatuan bertan, aterpean bero-bero, elikadura industriak eskaintzen dizkigun produktu gehienek han-hemenka inguraturik, ia babesturik, hor nonnahi gure eskura dagoenari so badaezpada premia dugun, krisia nonnahi eta gero eta gogorragoa izanda ere, patrikak hutsik eta guzti, oraindik ere oparotasun gizartean bizi garela ondo asko jabeturik, alajaina! Baina nola ez egon gustura, babespean, gure kalekoa bezalako supermerkatu berri eta handi-handi batean. Esan bezala, plaza berria omen da zure auzokoekin bertan eta hurrenez hurren topo egiten duzun heinean, baliteke auzoko benetako topagunea gehienak bertan baino ikusten ez baitituzu, agian bertan baino ez baitiezu agur egiten, bertan baino ere euren auzokoa zarena aintzakotzat hartzen ez duzun aldetik; ezin duzu besterik egin, bestalde, pasiloetan gora eta behera zoazela etengabe eta bekoz beko  elkar topo egiten baituzu halabeharrez. Eta gainera aitortu beharrean zaude, oso gustura egon zinen larunbat arratsaldean supermerkatu berrian kuxkuxean egitera joan zinela, oso gustura aspaldi ez bezala pasiloetan zehar joan zintezkeelako miaka nahinon, lasai asko inoren kontra ustekabean eta oldarrean egiteko beldur barik. Nola ez, ikustekoak ziren pasiloen zabalera, kotxez ere lasai asko joateko modukoak, eta lasai asko era gal zintezkeen erlojuetako orratzari ezaxola.

Tira ba, betidanik kexu edo izan naiz asteburuertan merkatalgune handietara olgetan joan ohi direnekin, betiere iritzi diot oso modu triste eta zatarra astia pasatzeko, oinak narrasean eramateko, ezer fundamentuzkorik egiteko ez duen jendilajearena, ni bezalako tipo ikasi eta bipik batekin zerikusik ez duen ohitura benetan deitoregarria. Baina, larunbat arratsaldean bertatik irten, etxera heldu eta ene laztanari aitortu behar izan nion ez nuela inolako gogorik inora paseoan joateko, banengoela neke-neke eginda pasioetan gora eta behera joan eta gero, nahiago nuela etxean esne-mamitan egon telebisioaren aurrean edo liburu bat eskuartean.  Zer dela eta?, galdetu egin zidan berak eta nik ba argi eta garbi erantzun: ni ere egon nintzelako lost in the supermarket...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...