lunes, 18 de enero de 2016

HIRUDIA

Elkarri bizkarra emanda?

 
2016-01-14 / Txema Arinas
D
uela gutxi koadrilako adiskide bat etorri zitzaidan galdezka; «esan didate egunkari batean idatzi ohi duzula?». «Bai, BERRIAn, hiru astean behin», erantzun nion. «Ah, hori euskaraz da, ezta?», bota zidan erabat dezepzionaturik, euskarazkoa izanda, berak uste zuen kategoria ez balu bezala. Euskararen etsai? Duda zipitzik ez, euskararekin zerikusirik duen orori muzin egin ohi dio, gasteiztarra izanda, euskara gauza guztiz arrotza, maiz kanpokoek inposatutako harlauza bat balitz bezala, zaiolakoan bizi baita. Halako ateraldiak atoan ekarri zidan gogora Gemma Zabaleta PSE-EEko sailburu ohiak oraintsu euskarari buruz aldarrikatutakoa: «Altxor bat da euskara. Niretzat aurkikuntza ikaragarria izan da ikastea. Zoritxarrez, hemen, Euskal Herrian, bi kultura bizkarra emanik bizi dira: erdal eta euskal kultura. Nik orain deskubritu ditut euskal kultura, literatura, musika, dena. Aldi berean, nire nortasuna ere deskubritu dut, nolabait. Barnetegian ikasten duguna ez da soilik hizkuntza bat; Euskal Herriko nortasuna ere ikasten dugu, eta horrek izugarrizko garrantzia du. Irakasleek maitasun handia jartzen dute, eta monumentu bat egin beharko genieke». Nola da posible, beraz, hainbat eta hainbat euskal erdaldunek euskarari muzin egitea, baita gutxiestea ere? Zabaleta andereak berak erantzun zuen BERRIAko elkarrizketa berean: «Erdal kulturaren pisua hain handia da, modu batean zapaldu egiten du euskal kultura. Ez dago orekarik bien artean». Horrenbestez, ez da egia elkarri bizkarra emanda bizi direla, bi mundu erabat aparte balira bezala, nolabait esanda Belgikan bizi bagina bezala, alde batetik flandestar nederlanderadunak eta bestetik waloi frantsesdunak. Euskaldunak erdal munduaren parte gara nahitaez, bai gazteleraz zein frantsesez, ez gara bizi erdal kulturari bizkarra emanda, guztiz kontrakoa baino, euskaldun asko eta askok erdal kultura baino ez dute atsegin, edo bestela esanda, euskaldun mordoa, gehienak ez esatearren, euskal kulturari bizkarra emanda bizi da. Euskal kultura maite eta jorratzen dutenak euskaltzaleak omen dira ia soil-soilik. Hauek ere ez dira erdal kulturari bizkarra emanda bizi, aitzitik, normalean erdal kulturatik edan ohi dute euskaraz sortze aldera, erdaldunek beraiek ere egin ohi duten bezala gainerako erdal kulturetatik. Erdaldunak dira, euskal erdaldunak argi eta garbi esanda, euskal kulturari zeharo bizkarra emanda bizi direnak. Jakina, guztiz zentzuzkoa da euskal kultura ez ezagutzea hizkuntza bera ez baldin badakite. Ezta hori nabarmendu gura dudana, ez, euskal kulturarekiko begirunerik eza edo jitezko erdeinua baizik. Euskal erdaldun gehienak dira euren herriko ondare bati bizkarra emanda bizi direnak, euskara euren bizian soberan dutenak, aukeran euskara euren pasaiatik ezabatuko luketenak molestiak baino eragiten ez baitizkio euren herrialdean beste hizkuntza ofizial bat izateak, batik bat euren seme-alaben hezkuntzari dagokionez.

Literaturara aldatuta, hau baita zutabe honetako idazgaia, gorago esandakoa ezin ageriago da euskal literaturak erdaldunen aldetik merezi duen arreta kontuan hartuta, eta betiere euskal erdaldunen aldetik. Norainoko ezagutza dute euskal literaturaz, hau da, erdarara itzulitako hainbat eta hainbat euskal idazleren lanez (Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano eta abar eta abar) gure erdal herrikideek? Nik uste dut gehienek ez dakitela tutik ere euskal literaturaz. Hori da behintzat nire eskarmentua. Hortaz, ez da egia, berriro diot, elkarri bizkarra emanda bizi garela euskaldunak eta (euskal) erdaldunak; haiek dira guri bizkarra ematen digutenak euren euskal kulturarekiko arduragabekeriaz. Nork bere errua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...