Ezagutu nuen Aritz arestian, oso lagun atsegina eta maitagarria begitandu zitzaidan. Irakurri ere irakurria nion bere Koldar Hutsa Zara, biziki gustatu zitzaidana; oh, oh, tribuari muzin egin nahi dion euskal idazle bat, zenbat dira? lau katu... beltz. Aitortu beharrean nago, beraz, Aritzekin gauza askotan bat natorrela, batik bat literaturari edo euskalgintzari dagokienez. Dena dela, hau da, sinpatiak sinpatia, bere azken liburuak, LIII Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria eskuratutakoak, ZER EGINGO DUGU OPARIEKIN?, ikaragarri harritu/asebete nau ipuin sorta benetan goxo, mamitsu eta originala suertatu baitzait. Ipuinak komentatzerakoan badago askotxo jorratzeko, noski, nik ordea horrela laburbilduko nuke: ZER EGINGO DUGU OPARIEKIN? liburua euskaraz idatzita dagoena ahaztarazten didaten liburuetariko bat da, hau da, Aritzek idazkera zuzena bezain kuttuna erabiltzen duela, hots, ipuinen mamia, eta ez hizkuntza, protagonista bihurtzen duela, enetako gauza guztiz nabarmentzekoa.
"Euzkitzek erretiroa hartzen zuela jakiteak pena handia eman zion Gariri. Erabaki haren atzean bertsolari baten agurra baino zerbait gehiago zegoela susmatu zuen. Gaiari bertso pare bat eskaini zion ahopean: argia-egia-utzia-itxia, edo mundu-tribua-izua-eskua... Bertso gehienak ahopean kantatzen zituen."
ZER EGINGO DUGU OPARIEKIN? - Aritz Gorrotxategi
No hay comentarios:
Publicar un comentario