Martxoak 3. Gasteiztar gehienok egun haietako hainbat istorio kontatzeko ditugu. Nireetariko hau idatzi nuen aspaldi oraindio argitaratzeke dagoen ipuin sorta batez osaturiko liburu baterako.
Istilu ikaragarriak suertatzen dira hirian nonahi. Ezin
naiz kalera jaitsi auzoko haurrekin jolas egitera, arratsaldero bezala gure
etxeko espaloian. Arriskutsuegia omen da, behin baino gehiagotan hiriaren
erdigunean ia egunero antolatzen diren manifestazioak gure etorbideraino iristen
baitira. Atzo bertan poliziak tiroka bost
langile hil eta ehun inguru zauritu zituen, auzo bateko elizan ikasle eta
langileen arteko bilkura bat galarazteko. Nire gurasoak samindurik zeuden oso.
Egia esan, nagusi guztiak oso atsekabe edo haserre omen daude, nire gurasoen
senitarteko zein adiskideek beste hizpiderik ez baitute etxera datozela; “ez
dago eskubiderik, denok garbituko al gaituzte?”. Orain dela pare bat egun edo,
nire aitak hiriko katedral berriaren ingururaino eroan ninduen bertan poliziak
tiroz hildakoen hileta ospatzen zen eta. Gure amak ez zuen nahi inondik inora
ni haraino eramatea, bertan jende andana egongo zelakoan. Ez zen, ez, berak
zioenez, ni bezalako zazpi urteko umemoko batendako lekurik egokiena. Hala ere,
katedralera bidean gindoazela aita eta biok, ni bezalako umemoko pila ikusi
nuen euren aitaren eskutik oratuta. Katedralaren sarbide nagusiaren inguruko
harmailetan geundela ezin ginen, ordea, nahi beste hurreratu hiriaren
erdigunean zehar hildakoen lankideek sorbalda gainean zeramatzaten zerraldoen
segizioa gure sudurren aurretik pasatzen ikuste aldera. Jendetza itzela zegoen
gure aurrean, bertako ia denak marmarka poliziaren balizko eta ezusteko
agerpenaren kontura, euren eta batez ere gobernuko barne ministroaren kontrako aldarriak
etengabekoak baitziren, baita herriaren mendekua argi eta garbi, eta gero eta
ozenago ere, eskatzen zutenak. Zerraldoak iristear zeudela, berriz, isila
nagusitu egin zen. Orduantxe, gure aurreko jende arteko zirrikituetatik
zerraldoak pasatzerakoan, nire aitak eskua estutu zidan gogor, doi-doi min
egiteraino. Areago, ondoko askok ukabilak altxatu ahala, nire aitak gero eta
gogorrago estutzen zidan eskua. Hala ere, ez nintzen kexa egitera ausartu,
bat-batean hedatu eta izugarri zurrundu egin zen, isilak galarazi zidan eta.
Nire aitari begiratu baino ezin nion egin. Haren musuari erreparatu nion,
hunkituta zegoen. Orduan, ez dakit nik oso ondo zergatik, ni ere hunkitu egin
nintzen.
-Denok garbituko gaituzte ala?
Nortzuk ziren denok? Katedral inguruko hiletara joan aurretik aitari aditu
nion bost hildakoak langile hutsak zirela, alegia fabriketan lan egiten
dutenetarikoak, gure izeko Agedaren senarraren modura, lanabesak egiten zituen
lantegi batean ziharduen Asturiasetik etorritako gizontxo jator eta berritsua.
Nire aita bazen ere langile fina eta porrokatua, berak etengabe aldarrikatu ohi
zuenez, inongo lantegian lan egiten ez zuena baina. Hala ere, bazuen gustuko
ere oso bestelako langilea zela azpimarratzea, buruzagirik gabekoa, bere kabuz
lan egiten baitzuen gure etxean antolaturik zuen ile-apaindegian, behar beste
orduz orrazi zein eskuko lehorgailuari atxikita, etxeko gastuak eta ordaindu
ahal izateko. Madrilen maisutza industriala ikasi zuen garaitik, hain zuzen,
gogoan zuen pelukeria akademia irekitzeko asmoz aurreztearren. Gure aitak ez
zuen beste inorendako lan egin nahi, berak zioenez bere leinukoek sekula ez
zuten halakorik egin. Bestalde, denek lan egin behar zuten gogor, dela euren
nagusiengandik jauretsitako lursailetan su eta gar, dela ekinaren ekinez erosi
zituztenetan, etxeko ez zuten inoren ordainpean lan ez egitearren.
-Beste inork zapaldua ez izateko zure lanaren jabe izan behar duzu, bestela
akabo, bestela boteretsuen makurkerien mendeko bihurtzen zara; gizon osoa
izateko, gizon librea izan behar.
Eta baldin bazegoen boteretsuen
makurkeriak ezin errukigabeago edota gogotsuago babesten zituen zerbait, hori
zen heldu guztien ahotan zegoen diktadura
hitza. Endemas, gure osaba Keparen hitzetan, gure hiriko auzo hartako elizan
gertatutakoa gure hiriko langile mugimendu indartsuaren antolaketa eragozteko
propio antolatua omen zen, Madrildik bertatik, baita langileek joandako
asteetan herritar guztien eskubideak zapaltzen zituzten diktadura eta enpresaburu
diruzaleen aurka deitu eta erabateko jarraipena lorturiko greba orokorra
indarrez bertan behera utz zezaten ere. Gauzak horrela, dohakabeko egun hartan
eta goizeko lehen orduetatik hasita, poliziak manifestazio guztiak gogotik
erreprimitu zituen. Arratsaldeko bostetan berriz,
auzuneko elizan langileen batzarra egin behar zenean, suertatu zen
sarraskia; Polizia Armatuak —grisak—
elizan sartu ziren abadearen ohar zein erreguei muzin eginez, eta langileak
irtenarazi zituzten gas negar-eragilea erabiliz, nahiz eta esparrua itxia izan.
Eliza husterakoan, langile ugari jipoitu zuten. Hala ere, iskanbila nagusitu
egin zen poliziak pistolaz eta metrailetaz tiro eginda ehundik gorako pertsona
zauritu eta, guztiz lazgarriena izan zena, aitaturiko bost langileak hil
zituenean. Haietariko bi, tokian bertan hil zituzten; beste hirurak, ostera,
zauri larrien ondorioz hurrengo egunetan hil ziren ospitalean.
-Ikusten?
Ez dute ezertan erreparatzen, mugitzen den edonori tiro egiten diote. Denok
garbitu nahian dabiltza eta.
Arratsaldero bezala ere nire aitaren eskutik
irteten nintzen hirian barrena paseatzera. Egun haietan, aldiz, bagenekien ez
zela batere komenigarria erdiguneraino hurreratzea, istiluak nonahi eta
noiznahi sortzen baitziren, gehienak ere ia ustekabean. Izan ere, langile
mugimenduak antolatu eta deituriko manifestazioez gain, sarri askotan ere
istiluak sortzen baitziren hiruzpalau gizakumetik gora kale erdian bildu
orduko, batez ere Alde Zaharretik gertu-gertuan egotekotan, badaezpada, eta
betiere edozein huskeriaren kontura, gehienetan begiratu makur baten erruz
poliziaren lechera bat euren paretik
pasatzerakoan edo.
-Begira
putakume horri, bai ausarta, bai, pistola eskuan manifestariei mehatxuka!
Auskalo
nork dakien zein zuhurra zen nire aita, arratsalde egun haietan erdiguneraino
eramaten ninduela manifestari eta grisen arteko liskarrak gertutik ikusteko,
batik bat gure amari istiluotatik hainbat urrunen joateko agindu eta gero.
Ikuskizun benetan zalapartatsu eta batik bat arriskutsua ni bezalako umemoko
batentzat, sarritan poliziaren gomazko pilota zein kezko boteetatik ihesi
zihoazen manifestariak guganantz arrapaladan jaisten baitziren Alde Zaharreko
aldapetan behera gure gainera oldartzeko arriskutan. Beldurrak geunden, bai,
nire aita eta biok, baina aitari erreparatu baino ez nion egin behar zein
neurritan zegoen asaldaturik, poliziarekin gero inoiz ez bezala benetan
erresumindurik, gure begien aurrean gertatzen ari den guztiari amorrazioz
begira.
-Asasinoak!
Egun
batzuk geroago, Manuel Fraga Iribarne eta Rodolfo Martin
Villa ministroak gure
hirira heldu dira. Biak jotzen dituzte sarraskiaren erruduntzat. Biok, Guardia Zibilaren zuzendariarekin batera, ospitalera joan dira zaurituak
bisitatzera, nire aitaren aburuz haien aurpegia garbitze aldera. Kalean,
haatik, egundoko istiluak sortu dira behin eta berriro, bi ministroen
itxurakeria salatzeko asmotan. Badirudi istiluok hain handiak eta bortitzak
izan direla ezen sekula baino polizia gehiago oldartu baitzaie manifestariei.
Izan ere, sirena-hotsak gero eta ozenago entzuten dira gure etxetik,
manifestariak gu bizi garen etorbideraino lasterka eta moltsoka iritsi ahala.
Koitaduak, nik esango nuke beldurra sumatzen zaiela begitartean gure leihoaren
azpiko espaloiraino arnasestuka iritsi eta atzera begiratutakoan direlako
grisak ere haien atzetik korrika datozela ikusi dituztenean. Orduan bai, izua
inoiz baino ageriagoa azaldu da kalean ihesi dabiltzanengan zein leihoetatik
begira daudenen deiadarretan. Ez da gutxiagorako, grisen furgoiak azaldu egin
baitira ia oharkabean etorbidean, sirenak garrasi, eta berehala jaitsi dira
hauetatik kasko eta ezkutuz ondo hornituriko polizia andana, eskuetan porrak
eta gomazko pilotak zein kezko boteak jaurtitzeko eskopetak daramatzatela.
-Uztazue
gazte gaixo hori, ez dizue ezer egin, koldar alaenak!
Orduantxe, zoro moduan korrika zihoala behaztopatu,
lurrera jausi eta bertan hiruzpalau grisek inguraturik datzan gazte ihar
tximatsu bat ikusi berri dut gure leihoaren azpiko espaloian. Berari jo eta ke kolpeka
ari ziren poliziak euren porrekin, baita ostikoka ere. Are okerrago, artean
polizia batzuk hasi dira euren gomazko pilota-jaurtigailuekin tiroka, lurrean
eroritako mutikoari egundoko jipoia ematen diharduten agenteenganaino aldarrika
hurbiltzen ausartu diren oinezko batzuei. Gris batek oinezko suminduotariko bat
paparrean jo egin du gomazko pilota batez; lurrera erori da zerraldo. Ondoren
beste gris batek tiro egin du berriro, oinezkoek begiak estali dituzte atoan–
badaezpada, azken egunotan manifestari batek baino gehiagok begi bat galdu egin
baitu gomazko pilota baten erruz-, eta arineketan egiteari ekin diote ziplo.
Gure amak ezin izan du gehiago jasan, gehiegizkoa (demasekoa) iruditu zaio,
benetan onartezina, eskandalagarria. Horrenbestez leihoa zabaldu, burua luzatu
eta bera ere agenteei aldarrika hasi da ozen-ozen.
-Uztazue
gazte gaixo hori, ez dizue ezer egin, koldar alaenak!
Zerraldo
eroritako gazteari paparrean tiro bat jo egin dion grisak berak gure amari
luzatzen dio gomazko pilota jaurtigailua, kargatu berria omen du.
-Barrura
sartzeko, emakume! –mehatxu egin dio poliziak eskopetaz.
-Zoazte
denok popatik hartzera, gaizkileak, zuek zarete gaizkile bakarrak!
-Barrura
sartzeko! –poliziak katuari eutsi eta gure amari tiro egiteko imintzioa egin
du.
Orduan
gure aitak besotik oratu eta barruraino bultzatu du gure ama. “Txoratuta al
hago, ala gura al dun txakur horrek hiri ere begi bat ateratzea?”. Gure aita
bere onetik at zegoen. “Zer dela eta arriskatzen haiz hain modu txoroan,
emazte?”, galde egin dio orain dela pare bat egun edo manifestari eta grisen
arteko liskarrak gertutik ikustearren Alde Zaharreraino eskutik oratuta eraman
ninduen gizonak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario