Premisa ezin da argiagoa izan: gizartean ergelez inguratuta bizi baldin bagara, nola harritu ergelez osatutako epaimahaikoek Kyle Rittenhouse bezalako astapotro supremazista ergel bat errugabetzat jo eta gero, libre utzi eta gero?
Ez al zen aspaldi gure artean halakorik suertatu bi ertzain garbitu zituen baserritar astapotro mozkorrontzi harekin, libre geratu bezain laster mugaz bestalderantz ihes egin zuena ETArekin bat egiteko asmotan? Ez al zen ere halakorik suertatu Galizia aldean homosexual bat hil izanaz absolbitu zuten astapotro hiperanabolizatuarekin, bere ipurtzuloaren orbangabetasuna mehatxupean ikusita bere buruaren defentsan jo egin zuelako?
Ergeletan ergelenak epaimahaikide; atera kontuak...
Gizarte baten parte baldin bazara badakizu ondo baino hobeto ezin zarela zure auzokoen etxera miaka edo gogoara egiteko sartu. Gizarte baten parte baldin bazara badakizu, beharko, ezin zarela errepideetan zehar joan gainerako ibilgailuen abiadaren kontra. Gizarte baten parte baldin bazara badakizu, nahitaez, ezin duzula kaleko txoko eta izkin guztietan txiza edo kaka egin larri zaudenean. Gizarte baten parte baldin bazara badakizu, edo gutxienez jakin beharko, ezin dituzula txakurrak eta kolpatu, ibaiak eta pozoindu, basoak eta erre, zure hurkoak eta iraindu, jipoitu, lapurtu, bortxatu, iruzurtu... Gizarte baten parte baldin bazara badakizu ezin hobeto ez zarela gogoko izan ahal zenukeen oro egiteko libre. Orduan, zer dela eta pandemia baten aurrean bizi zaren gizartearen osasuna zein ekonomia kolokan jartzeko libertatea aldarrika ari zara zure bizilagun guztiokin batera arraunka egin beharrean? Gainerakoak baino azkarragoa, ausartagoa, libreagoa zarelakoan zaudelako? Aizu, motel, egoista hutsa zara.
Udazkenak badu "zera" bat
benetan etsigarria,
Zaurgarria,
azkena den orok baitu,
baita ederra den orok ere.
Horitzen zait poza
Hozten zait gogoa
Hor dena da lausoa.
Azkenak beti abailtzen du.
Areago aspaldiko partez
Zahartzen garela etengabe
Amiltzen zaigula ezagun
genuen mundu txikia,
Agurtzen ditugula maite
genituen urko haiek,
betidanik izan zirenak
gure bizi apalaren parte,
Zer esanik ez,
Betiereko irribarre batez,
zintzoa bezain eztia,
amaigabeko maitasunez,
bete zutenean gure bizia,
atzo galdu nuenak bezala,
Zergatik ez esan,
egiatan maiteen nuen izeba.
Horrexegatik ere esan behar dut,
aurtengo atsekabea inoiz baino
handiagoa, latzagoa, minagoa
bilakatu zaidala ia ustekabean.
Ondo asko jakinda ere
bizitza orok duela bere akabera
Udagoiena.
- Eta hau guztiau zertarako?
-...
- Istorio eder zoragarriak eta idazteko?
-...
- Noiz edo noiz, laster, leihoak zabaldu behar izango ditut gelatxo honetan hegan, far-far, dinbili-danbala, tauki-tauki ari diren ideia txatxuak, zentzugabeko burutazioak edota inori axola ez zaizkion istorio guztiok behin betiko egurastearren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario