Etorri nahi du nirekin ibiltzera, basoan zehar edo gaur bezala herritik barraketaraino Lasarte aldean zehar. Atsegin dut berarekin hitz eta pitz egitea hainbat gairen kontura: ikasketak, bizitzaren zentzugabea, politika, senitartekoenak..., jakinmin aparta du eta. Aurten, ostera, edo zehatzago esanda, uda honetan, sufrikario bat izaten ari da 17 urteko nerabe honekin batera ibiltzea, bere lagunak hizpide bakarra ditu eta. Ezagun ditut bere lagunen nondik norako guztiak. Are okerrago, ezagun ditut gurasook gure sene-alabei inondik inora sekula aditu behar ez genizkiekenak; harrapatutako atxurrak, sexu kontuak, lagunekiko zein besterekiko errietak edo liskarrak, egindako zenbait basa/baldreskeria. Noski, emandako demasako konfidantzaren ondorioak omen dira. Baliteke, bai, eta ezta berez ezer txarrik guztiz kontrakoa baino, gehienok gure gurasoekin gogoko nahi izango genukeen harremana belaunaldien arteko gaizkiukertuak edo rollo txarrak saihestearren, hain zuzen ere. Ez naiz eskandalizatzen, ez; aspertzen naiz, zeharo. Halare, ondo dago, bai, bere gauzatxoak, gehienak, zer esanik ez, zinez hutsalak, txorakeriak, lehendabizikoz aditzen dituzunean. Arazoa da enegarrenez aditu behar dituzunean, besterik nahi ez baitu hizpide. Orduan, bi aukera dituzu: bere aurretik joan ahalik eta arinen bera zenbat eta atzerago utzita, ala alderantzizkoa, zure aurretik joateko eskatu edozein aitzakiarekin; kasu honetan, eta etxera bueltatzeko errepidearen ertzean barrena gindoazela, segurtasuna aitzakia. Eneee, ze sufrikario, benetan!
No hay comentarios:
Publicar un comentario