
Poesiaz blai ari naizela igande arratsalde goibel honetan, asteburu luze, aspergarri eta alperrikako honen ostean, nire ustezko libertadearen mugez ondo baino hobeto jabetuta behin berriro, behin berriro diot, gaurko errietaz erdi ahaztuta, gaurko hutsopilaz etengabeko gogoetan, joandako egunotako ezinegonaz gogait eginda, otso artean bildots, sugearen eztenaren beldur, nortasunaren ezkutatzeaz neke-neke eginda, nire inguruko bizigiro petralduak txundituta, egiazko sentitarte zein adiskideen minaz, herriminaz ere, etorkizunaz bene-benetan kezkatuta, hau guztiaz kontuan hartuta poesia dut osasunbide bakarra, makala, hutsala:
Begiratzen dut gogoan
Begiratzen dut gogoan
buruhunaren zokoan
etxe barneko usaina;
amak goizik egin salda
familiako mahaina
eta sukaldeko malda.
Begiratzen dut gogoan
oroitzapenen zoroan
bustia ezkaratzean;
aitaren tresnen balantza
xingar azpien atzean
eta sagutxoen dantza.
Begiratzen dut gogoan
memoriaren gozoan
arin doan haize ona,
ogien uhain horia
zeru urdinen sakona
eta larrosen loria.
Begiratzen dut gogoan,
bizitza nola badoan,
nere herrikoen soa
perla sortu izerdia
ardoan galdu basoa
eta erran hitzerdia.
Begiratzen dut gogoan
azken beltzaren mokoan
haur nintzaneko denbora
ur eta oihan artean,
nola lehen bedi lora
zorion bat anartean.
Itxaro Borda
No hay comentarios:
Publicar un comentario