lunes, 9 de abril de 2012
HITZAK FOSIL - JUAN INAZIO HARTSUAGA
Badio Juan Ignacio Hartsuagak bere liburuaren hasieran: "Hitzen azterketa ez dago modan. Ez bakarrik kulturak orokorrean jasan dezakeen beherakadagatik soilik. Kultura zaleen artean ere ez dago modan. Ez da harritzekoa, hainbeste txorakeria entzun eta gero. Jendeak kanpoko gauzen berri gaur baino askoz ere gutxiago zuen garaian, ez hain aspaldiko garaian, urruneko edozein hizkuntzako hitzen batek azal lezakeen antzekotasun fonetikoa nahikoa zen hura euskararekin lotu eta hamaika konklusio trakets ateratzeko: Dena balekoa zen."
Noski baietz, ondo asko gogoratzen dut nik nola Arizona izen estatubatuarra euskaratik itzultzen ziguten ·"Haritz"+"ona", eta itzulpena nolabait zuritzeko bertara konkistatu, enbagelizatu edota populatzera joandako euskaldunek eramandako izena zela gaineratzen zuten. Egon, egon badira gurean euskal abizenak edo gutxienez Euskal Herrian aintzinatik errotuak dauden hainbat eta hainbat apelidu nahitaez euskaratik eratorri nahi zituzten sasi-jakintsuak, besteak beste Jaime Kerexeta ikerlaria, bere abizendegian Araban zein Bizkaian hain errotu eta hedaturik dagoen Quintana bezalako izen lantindar peto-peto bat euskaratik ere azaldu nahi zuena "intza" hitzarekin elkarlotuta zegoela baieztatuz, "larre" edo "zelai" moduko esanahia zuelarik. Ez zuen, jakina, ez buru, ez buztanik, asmakeria hutsa zen den-dena euskararen galbahetik igarotzearren. Baziren ere beste garai batzuk, garai "sabinianoak" nolabait esateko, den-dena euskararekin lotuta egon behar zen halabeharrez "eusko" izateko, bestela ez zen bertakoa, "maketoa" baino, bost axoka zien Sabino eta enparatuei Euskal Herriko berezko aniztasun linguistiko eta kulturalak edo, ez zuten ezagutzen eta hau gainera ez zitzaien inondik inora laketzen. Izan ere, bost axoka zien EHko Historiak eta kitto.
Hala eta guztiz, hitzen esanahia asmatzeari, ezagutzeari, izugarri interesgarria zein polita deritzot, badelako gainera oinarrizko informazio iturri bat edozein historiagile saiatuk ederto jakin behar bezala. Horrez gain, nola ez goretsi hitzen esanahiaren xarma hori gogoan etengabe izaten baldin badut edonora noanean, guztiz oinarrizkotzat jotzen baitut nik neuk atzerrian edo zaudela bertako hitzen esanahia nola edo hala asmatzea bisitatzen ari zaren herrialdearen berri ikaragarri garrantzitsua ematen dizulakoan. Begira, bestela, gaur egungo Kaliningrado hirira zoazela, nola asmatu hango historia apurra ez baldin baduzu kontuan hartzen arestian Königsberg izan zena, erdarazko Villarreal, eta hori behin jakinda atera kontuak, zer dela eta izen hori jarri zioten, noiz arte, zergatik aldatu zioten, historia betiere gogoan, Kant tartean. Areago, badaude gure penintsula honetan oso izen garbiak direnak lau hizkuntza nagusietan polito ulertzen direnak, baina gehienak ordea lantindar sustraikoak omen dira, nahiko trakestuak edo antzaldatuak iritsi zaizkigunak, beste batzuk are zaharragoak keltiarrak edo iberiarrak, ia itzulezinak, baina badira ere multzo handi-handi bat arabierazkoak direnak, egia esan zenbat eta helgoladerago jo, gero eta ugariago omen dira, nola aintzakotzat ez hartu arabiarren ekarria eta beren historiaren eragin handia Gualdaquivir bezalako izen baten esangura zabala, historikoa, arabieraz Wada-al-kebir (Ibai handia) jakiteke, edo penintsulan zehar sakabanaturiko Medina (Hiria), Alcazar (Al-Ksar, Jauregia), Alcalá (Al-Kal, Gaztelua) Alcantara (Al-Kntar, Zubia); ez dut dudarik zeharkatzen duzun herrialdea ezagunagoa, gertugagoa, egiten zaizula hori dena behin jakinda.
Hitzen xarma ikaragarria, bai ematen dizuten informazioagatik zein sarritan erakusten duten edertasun fonologiko hutsagatik ere bai. Hitzen xarma baino lilura. Nola ez, gogoratzen duzu txikitan zure aitajaunak erreskadan ahoskatzen zituen bere arabar herriko toponimoak: Mendigurena, Mentoste, Larrazuria, Ajoste, Atxalde, Abalde, Iskorta, Marrate, Zuzaran, Latuzarra, Makarralde, Mendiate.... Euskarazkoak ziren eta gaurdaino belaunaldiz belaunaldi heldutakoak bertakoek hitzon esangura zeharo jakin ez arren, ez baitzekiten euskaraz, baina hala eta guztiz ere eutsi egin zioten euren arbasoek irakatsi bezala euren herriko lursail gehienak behiala bezala izendatzeari. Gogoratu ere gogoratu beharrean nago aitak bere herrian erositako lursailaren jatorrizko izenaren esanahia ez zekiela bere Mutrikuko lehengusuari galdetu eta "Atxalde" zenez euskaldun zahar baina euskaraz ikasigabe honek "buenas tardes" itzuli egin zion bere herrian "arratsalde" hola esaten zen-eta. Emandako bertsioa polita, bitxia batez ere, poetikoa agian, suerta zekioken nire aitari, baina ez zen zuzena Atxalde oso izen argia eta arrunta baita Arabako mendebaldeko euskara zaharrean: "Peñascal".
Hau guztiau izan liteke jende xeheak izenen esangurarekiko erakusten duen xarma edo liluraren adibidea. Eskolan ordea euskal hitzen erroaren berri ematen zigutenean Barandiaran jakituna betiere gogoan izaten zuten gure bigarren hizkuntza honen antzinakotasuna agerian uzteko asmotan, Aizkora, Aiztoa, Aitzurra eta abarreko erroa ezin neolitikoagoa zela adieraziz. Honezkero irakatsi ere egin ziguten euskal hitz asko eta askoren erroa latindarra zela, kasu honetan Caro Baroja genuen jakiniturri, egia esan norainokoa zen lantindar eragina euskaran ezen aditzak egiteko "tu, du" atzizkiak latindar partizipiotik zetozen.
Eta honekin batera ere euskal hitz askoren eragin keltiarraz zein arabiarraz hitz ere egin ziguten eskolan, edo beharbada hor nonbait leitu genuen ere. Ez ziguten hitz egin, aldiz, nik behintzat ez dut Hartsuagaren liburu xamur eta txit mamitsu hau irakurri arte asmatu edo gogoan hartu, germaniar eraginaren balizko garrantzi handiaren berri. Txunditu egin nau Hartsuagak. Ezin jakin nire aldetik noraino nahastu edo batu egin dituen jakinduria eta ausardia, ea berak ere eta hizkuntzen arteko antzekotasunak aitzakia hartuta fantasia pintin bat gaineratu ez dion bere hiztegiari, auskalo, ea ausartegia ez ote den halakoak botatzea hitzen banan-banako aurkezte, azaltze, datatze edo dena delakoa egin beharrean. Emaitza, haatik, ezin xarmangarri edota liluragarriagoa omen da euskararen zein gure historiaren ikuspegi aberatsago eta agian ere erakargarriagoa eskeintzen baitigu Hartsuagak.
Nik, berriz, galdetzen diot nire buruari Juan Inaziok erakusten digun euskararen germaniar ustezko/balizko eraginak baduen zerikusi handiagoa germaniar hizkuntzek eta beste hizkuntza indioeuropar batzuek konpartitzen duten hitz-gordairuarekin Euskal Herritik iragotako hainbat germaniar herriren hizkuntzen maileguekin baino. Baina, jakina, nik zer demontre jakingo, ez baldin baditut euskal hitzon erroak behar bezala eta batez ere zuhur-zuhur jorratu, nor naiz ni bikingoen sarraskien eragin linguistikoari muzin egiteko...
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario