viernes, 6 de abril de 2012
AINTZA AINTZANERI, ANTZA.
Aintza Aintzaneri, antza denez beti, Patxi Zabaleta Aralarreko buruari men ez egin izanagatik. Badirudi Aintzanek gauzak beti oso argi eta garbi izan zituela, bihotza abertzale eta ezkerreko izanda ez zuela inoiz Batasuna zaharrekoen alde egin nahi bere burua ere bakezaletzat zuela ezer baino lehen. Eta bakezaletasuna, bortizkeriaren errotiko gaitzespena, lehentasun nagusia zuenez gero, ETAren jarduna betiere gaitzetsi egin zuen ozen-ozen. Hori horrela izanda, Zabaletak Batasuna utzi eta ARALAR sortu orduko Aintzane kazetari ezaguna batu egin zen ezkerreko abertzalea omen zen alderdi berrira. Jendartean, eta batik bat Euskadin Aralarreko burua bilakatu zen Eusko Legebiltzarrean bozeramaile suertatu eta gero. Neska gazte eta azkarra izanda laster gailendu zen gainontzeko aralarkideen artetik, laster nabarmendu zen haren jarrera abertzale baina aldinberean erabat bakezaleagatik, laster bereizi ere egin zen ETAri egindako gaitzespen zuzen, zorrotz eta zeharokoak. Aintzane Ezenarro bilakatu zen ni gaztetan sinetsi nahi nuen ezkerreko abertzalearen eredu.
Gaztetan, ondo diot bai, gaur egun ordea ez dut uste Aintzaneren ideiekin bat natorrenik ia ezertan. Egia esan, ez dakit nik batere inporta didaten Euskal Herriaren nondik norako politikoek gutxienez, seguru asko aspaldi-aspalditik txokoko gauzetaz nazka eginda nagoelako, edo beharbada ere urteak joan ahala eta ezinbesteko gogoeta handiak egin eta gero ateratako ondorioek abertzaltasunaren muina, EHren burujabetasuna, arazo guztietarako konponbidea bailitzan edo. Gaztetan, beraz, faltan somatzen nuen Aintzaneren diskurtsoa, gaztetan ere ezker abertzaleko norbaiten ahotan entzuten gustatuko zitzaidakeena hain zuzen, gaztetan bakarrik ez nuen euskal abertzaltasunaen zilegitasuna aiko-maiko jartzen. Gaur egun, aldiz, kosta egiten zait ikaragarri Euskal Herriaren etorkizuna hildo horretatik irudikatzea, batik bat Euskal Herria oso kontzeptu korapilatsua begitantzen zaidan aldetik.
Edonola ere, Aintzane Ezenarro itzel estimatzen dut, batez ere kontuan hartuta berak bezala pentsatzen ez dutenen ideiak zein sentimenduak bere egiten saiatu den aldetik bihotz-bihotzez, bera bezalako abertzale bakan batzuek baino egindako saio benetan esku/buruzabala eta batez ere betebeharrezkoa abertzaltasuna behin betiko duintze aldera. Aintzanek ezagutu ditu gertutik ETAk biktimei eragindako kalte zein oinazea. Ezagutu eta pairatu ere egin ditu ETAren ingurukoen destaina zein mehatxua. Badaki ondo asko zertaz gauza diren haien agindu edo estrategietara makurtzen ez direnekin, ezer baino lehen etsai bilakatzen dituzte. Aintzanek badaki ETAren inguruko jendearengan bortizkeria eta itsukeria lege izan direla azken urte guztiotan, horregatik ere beldurrak dago gaur egun ere berdin ez darraiten, beldurrak dago ezker abertzaleak egindako keinu zein mugimendu guztiak itxura baino ez diren, beldurrak goizegi ote den bera bezalako abertzale bakezale bat ezker abertzalearen gehiengoaren esanetara otzan-otzan egoteko, edo Patxi Zabaletaren kasuan bezala ziztu bizian itzultzeko. Hori dela eta, ez da makurtu Patxik emandako aginduetara ezker abertzale zaharrekoek gustuko ez zuten bozketa baten alde eginez, euren estrategiari muzin egiten ziona, alafede.
Gainera, Aintzanek ondo asko zekien zer-nolako ondorioei aurre egin behar zien, ausarta da neska erabat, benetan goraipatzekoa, besteak beste alderdirik gabeko legebiltzarkide bihurtzea ziplo, transfuga hutsa edo gainontzeko kideen aurrean traidorearena egin duelakoan, saldukeria harena balitz bezala eta ez ETAk armak uztea aldarrikatu orduko borrokaide ohiengana arineketan joan den Zabaletarena inolako berme eta kontu eskatzerik gabe, edo areago, eta batez ere Euskal Herriko politika lau zutoineko mahai bat dela funtsean jakinda, etorkizun politikorik gabe, gaur gero ez baitago leku gehiago edonolako eskaintza politiko batentzat. Horixe izango da Aintzaneren ordaina bere printzipio edo lehentasunei gogor eutsi izanagatik, bere pentsamoldeekin zintzo jokatu izanagatik, bere bihotzaren morroi izateagatik,behin berriro nabarmentzen baita taldearekiko leialtasuna nor bere buruarekikoa baino lehen. Aintzaneren gaur egundo patua galtzailearena omen da, aspaldi, gaztetan hain zuzen ere, nik ere bera bezainbeste estimatzen nuen EE alderdiarena berarena, niri dagokidanez lehialtasunetan ia bakarra galtzaileekikoa edo gutxienez haizearen kontra doazenekikoa aintzat hartzen dut, horrek bultzatu ninduen, noski, azken hauteskundeetan Aralarri botoa ematera, aldez aurretik guztiz alperrikakoa zela jakinagatik, edo agian horrexegatik bakarrik ere, inora ez zihoan boto guztiz begikoa zelako. Bestela baten batek daki, nahiz eta atzerrian bizi naizetik nire zainetako berezko abertzalina -txikitan hor nonbait etxean edo eskolan sortu zidatena- gero eta maizago bor-bor jartzen zaidan, nik ustez euskal ezker abertzaletasunaren etorkizuna ezta batere argia, bahelainoetan dakusat, ez baitut kokatzen nik behintzat, gaztetan diot berriz, desiratzen nuen diskurtso bakezale, buru/eskuzabal, anitz eta batez ere, hots, gauza guztien gainetik, errotik etiko eta demokratikoan. Horretarako ETAk eta bere lagunek eragindako min eta kalte orogatik barkazio eskatzeari ezinbesteko deritzot, gauza benetan sinesgaitza zure iraganaz harro zaudela lau haizetara eta etengabe aldarrikatzen duzunean.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario