domingo, 15 de abril de 2012

MARA-MARA ETENGABEAN


Mara-mara ari da ia dena nire inguruan. Mara-mara edurra ari du jaiki berri naizenean, mara-mara bart ere Gasteizko kaleetan, mara-mara ere bart edandakoa, mara-mara beraz nire urdailean ohean nengoela, primeran gainera ondo asko baitakit benetan izorratzen nauena urteko ardoa dela, bart ordea Eskuernagako Barronte ardo ondua edan genuen goxo-goxo, ajerik ez, ez buruan, ez sabelean, fresko-fresko ari naiz gaur goizean aspaldi ez bezala, izan ere kosetxeroari berriro ekiten hasi ginetik. Ez dakit ba nire barrenak gaztetako mozkorraldien ondorioz zeharo matxuratuta dudan ala agian fin-fina soilik. Edonola, mara-mara lagunartean aspaldiko partez ez baikenuen hain barre-algara handirik egiten.Eta zaila da oso gure artean halakorik ez egitea, gehienetan barrezka ari baikara, sarritan leher-leher eginda, baina honek guztionek bizirik mantentzen gaitu, aixkide ere bai, beharko, izugarri goxatzen dugu elkarrekin. Nola ez, txikitatik ezagun eta norekin baino hainbeste konfidantza edozein huskeriagatik barre-zantzoka egiteko, zure burua libre dakizu beste batzuekin, ondo estimatuta ere, zaudenean ez bezala, horrexegatik, elkar izugarri maite dugulako batik bat, hain gogor eutsi ohi diogu-eta gure artekoari, urte askotarako!

Baina, gorago esan bezala, atzo dena mara-mara ari zitzaidalakoan nengoen benetan atsekabeturik. Mara-mara erreskadan kontatu egin zizkidaten senide, lagun eta ezagun askoren ezbehar edo jasotako bidegabekeriak krisia dela-medio; nire anaiak ondo asko esan zuenez badirudi zure inguruan guzti-guztiak banan-banan jausten ari direla, uste dezakezu zu salbo zaudela oraingoz, baina jakin badakizu gainotzenkoek berdin jarraitu ezkero, noiz edo noiz, laster, zu ere eroriko zarela; bai patu beltza, ilun-iluna.

Mara-mara eta etengabean zure inguruan somatzen duzun jendearen ezinegona, etorkizun benetan nekeza, zitala. Hobe duzu zureaz gogoeta ez egitea, badaezpada, ez behintzat zure etxekoekin zauden bitartean, zertarako ba?, etsiaren etsiaz haserre edota lurjota bukatzeko?

Etxean zaude, zure senitartekoekin, gero eta zaharrago somatzen dituzun gurasoekin, pozez gainezka bilobak ondoan dituztelako, ohe ondoan hobeto esanda, haiekin gauean oheratu, jolastu, lokartu eta goizean ere jaiki egiten baitira ezin gusturago, alaiago, bihurriago ere. Oraintxe bertan iristen zaizkit gurasoen logelatik euren barre-algarak edota elkarren artean borrokan ari direla deiadarrak eta erostak ere bai.

Eta gurasoenean nago, nire aitaren etxean metafisikoki hitz eginez, oroitzapenak ere mara-mara. Badakit horrela dela halabeharrez, atzerrian nagoela, hemendik ez hain urrun hemengo hainbatek uste bezala, zer arraio!, ni Asturias aldean etxean sentitzen naiz, ondo asko etxekotu naizela esan liteke, noski, eta egia esan edonon gustura sentitzen naiz, baina urteak pasa ahala gurasoenean bezala beste inon ez, haibeste maite eta maiz ere gorrotatu ere egiten dudan alderdi honetara errotik atxikiturik bainago, askotan guztiz kontrakoa aldarrika egin arren, ezin uka nor bere sustraietan eta bizipenekin batera badagoela biopasaia bat. Nirea, sentimentala baizik ezpada ere, gaztetatakoa hein handi batean, batetik bestera ibilita ere, beti itzultzen/itzuliko naizen txokoa argazkitxoan azaltzen dena omen da. Nik dut hautatu, berak ni ere ez, baina baliteke hilzorian egonda nire burua gurasoenetik Gasteiza doan errepidean ikustea gazte-gazte eta agian ere behar bezain ez hain zoriontsu, aurki gaur egun eta hementxe bertan ez bezainbeste.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...