lunes, 2 de abril de 2012
ZUAZOREN ARABAKO EUSKARA
Bazen garaia, euskalgintzari dagokionez behintzat, Arabako euskararen ezaugarriak liburu erdi mardul batean bildu eta jorratzeko, bazegoelako hor nonbait barreiaturik idatzitako asko eta asko, bazeuden ere behar adina textuak edota lekukotasunak liburu batean biltzeko eta batez ere behineko azterketa bat egiteko. Koldo Zuazo irakasle saiatuak izugarri ondo eta oparo egin du ARABAKO EUSKARA izeneko liburuan.
Bada gainera, ene ustetan, ezinbesteko liburua euskaldunok behingoz Arabako euskararen gainean busti daitezen, lurralde honetako gauzei buruz dagoen ezjakinduria gehi arduragabekeria benetan deitoregarriak baitira, badirudi hutsaren hurrengoa bainoago bazterreko ezereza dela Arabako guztia.
Liburua bera izugarri xamurra da gaiaz ezer ez dakienarendako, bertan idoroko ditu datu pila oraintsu arte pare bat hitzetan ozta-ozta jorratzen zena. Izan ere, Zuazo saiatzen da Arabako textu zaharretan oinarrituz Arabako euskara sailkatzen eta nolabait morfologiaren aldetik arautzen, horretarako ere elkartzen ditu Arabako gazteleraren euskal jatorrizko hitz andana. Nabarmen denez, eta guztiz zentzunezkoa ere, Lazagarra eta Landucciren ditu iturri nagusi, bai italiarraren hiztegia ikaragarri berezia delako euskalkien aldetik, bai Larreako idazleak behar bezain ondo eta zabal eskaintzen dizkigulako oinarrizko adizkiak edota esamoldeak euskara horren ezaupideak ondorioztatze alddera.
Erabili erabiltzen ditu ere Betolatza, Gamiz eta Garcia de Albenizen textuak. Azkenon arabartasuna, ordea, ezta batere zehatza edo garbia. Betolatzarenean euskalkia bizkaiera garbi-garbia da, oso klasikoa edo literarioa, kaleko hizkeran nekez oinarrituta baizik eta gero eta esparru handiagoeta heldu nahi zuen hizkera neutro eta zabal bat. Gamizen olerkiak sabandotar idazle honen biografiaren ispilu ditugu, bertan nahasten baititu etengabe bere jaioterriko mendebal kutsuko adizkiak zein hitzak eta baita bizi izan zeneko Iruinerrikoak ere. Garcia de Albezinen kasuan, ordea, bistan da ekialdeko arabar hizkera peto-petoa dela, Burundakotik oso gertu eta Arabako toponomian agertzen den haustura edo ondo baino hobeto islatzen duena.
Testuak testu, zaharrak baino ez ditu aintzakotzat hartzen Arabako euskararen nondik norakoen berri emateko, hots, euskara Araban iraganeko gauza hutsa bailitzan, oraintsu arte eta gaur egun ere euskararen lekukoak edo ez balira bezala, areago, Araban gaur egun oraindio egiten den jatorrizko euskara apur oso-osoa arrotza balitz bezala, bai Aramaion egiten dena Deba Goienekoarekin antz edo kidetasun osoa balu bezala soil-soilik, edo Oletan zein Legution bizirik geratzen diren agure-atso euskaldun zaharren berbeta benetan bitxia, tarteko hizkera deritzote gehienbat, Bizkai aldekoekin parekatu beharrean bageunde bezala besterik gabe.
Aitatu bai, aitatzen da liburuan zehar, gutxitan bada ere, Lazarraga, Landucci eta enparatuen arabar euskarak bazuela kideko oraintsu arte Zigotian egiten zenaren hainbat ezaugarri. Esan esaten da behin baino gehiagotan Lazarraga, Landucci eta enparatuen idazlanetan agertzen den hainbat hitz edo adizkik baduela haren ordekoa gaur egun Deba Goienan egiten den mendebal berbetan (<em>amarratza, oraindio, emun, gustetan jat gauzok, karranka, bidalketan dot..). Ene ustez aldiz ez dira behar bezain luze jorratzen Debagoieneko hizkera eta Arabako antzinatekoaren arteko kidetasun edo antzak, Zuazo irakasleak beste nonbait ondo asko egin zuena hain zuzen ere. Eta arraro xamar begitantzen zait ere Arabako euskararen hedapen murritza Historian zehar, ez baita apenas ezer aipatzen Errioxako euskara eta batik bat bere antzekotasun ia erabatekoa Araban egiten zenarekin, arabarrek hara eramana den aldetik. Areago, ez dira kontuan hartzen aspalditik erromantzeak diren arabar lurraldeetako euskararen eragina edo lekukotasunak, ez bertako euskal toponimiari dagokionez, ezta euskal hiztegiarenak ere; egia esan, badirudi, edo hori gutxienez ondoriozta lezake Araba ondo ezagutzen ez duen edonork euskara liburuan bertan azaltzen diren mapetara murrizten zela, hau da, ez zela sekula euskaraz egin toponomia gehiena euskaldun duten Bastida aldean edo Kuartango haranean, benetan txundigarria.
Beharbada ez zen liburua, edo momentua, laburbiltzea lehentasun edo, ez dakit, liburuaren nondik norakoak oso bestelakoak baitziren egilearen gogo-asmoan. Hala ere, harrigarria da Zigoitiko berbeta ere alde batera ia erabat laga izana, bertako euskara hain berezia baita eta gainera oso lotura zuzena baitzuen testu zaharretakoarekin, bai aditzaren aldetik zein hiztegiarenetik (eguana, etzilimu, edateut/bieut, konpoketan da, sikaketako, altzetarren...). Eta ene ustez berriro ere harrigarriagoa bizirik geratzen den euskara apurraren adibideak erabat ere baztertu izana, Legutioko zein inguruetako herri txikietako atzeneko euskaldun zaharren lekutasunak kontuan ez hartu izana bertako euskarak ezelako lotura edo kidetasunik ez balu bezala antzinean Araban, erdialdean batez ere, egiten zenarekin. Egia da, ostera, euskera mota hori ikertzeko lan eskerga dagoela, baina Garcia Uriarte eta Carrera Garmendiaren lana zein Gamindek aspaldi bildutako aditza zein hiztegia lanabes politak omen dira nolabaiteko elkarketa egiteko, batez ere Lazarraga, Landucchi eta enparatuen testuetan agertzen den euskararen balizko bilakaera ikertze aldera, ezin ageriago baita ustezko bilakaera hori Araba inguruko lurraldeetako euskal hizkeretan ez ezik, baita bertako, Gasteiztik hamar kilometroetara bizi diren azken euskaldunen hatsan ere islatu eta suertatu izan behar zela.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario