Egigureni ETBko Bisitarian entzun eta gero. Tipo benetan bitxia, ikaragarri zintzo eta batez ere gertuko ematen du haren adierazpenetan, argi eta garbi hitz egiten duelakoan gainontzeko politikari profesionalen aldean behintzat. Hori dela eta, bere alderdikieekiko hika-mikak tartean, agian bera bezalako goi mailako politikari baten aldetik espero litekeen zuhurtziaz jo ez duelako noizbait, agian adierazpenokin norbaiti kale edo egin baitio oharkabean, baton batek daki.
Edonola ere, telesaioaren arduradun Euskitze kamaraz zein paisaiaz baliatzen da Egigureni bere barnemuinetik tiraka oso bestelako adierazpen edo aitortzak erauztearren, hots, pertsonaiaren erretatu ezin hobe bat egitearren. Badago Egiguren bere sorterriko ingurumarietan, itzulia omen elkarrizketarako propio, Euskitzek txikitako gauzetaz galdetzen dio, nola ez hunkituko orduan berez erabat hunkibera ematen duen gizakumea. Hala ere, argi eta garbi ere hitz egiten du bere haurtzarokoaz, ohartze digu ez zela kalekumeok uste izan ohi dugun bezain idilikoa, ondotxo azaltzen digu gainera zergatik ez deritzon horrelakoa, azaltzen digu zer nolako gogorra egiten zitzaion eskolatik baserrirako eguneroko joan-etorria, ez, ezta sekula idilikoa baserriaren bizimodua, nik ez dakit kontatu didatena baino, idilikoa den bakarra kaletarren begiratu aspertua omen dela, baina kontrakoa uste duena hara bolada batez bizitzera joan dadila.
Gero gerokoa, politika kontuak zein guztiz polemikoak izango diren Egigurenen egiak. Gogoko izan dezakezu ala ez, niri askotan harroputzegia begitantzen zait, giputzi asko eta askorena, gainontzekoak sorbalda gainetik begitatzeko duten joera hori, badakit ondo baino hobeto zertaz ari naizen senitartekoen artean ere behin baino gehiagotan somatu egin baitut; bada, nolabait esateko, munduari begiratzeko jokaera harroa bezain zaputza, inguratzen zaituenari muzin eginez nolabait zure burua babes edo emango bazenio bezala, honen aurrean zure gabeziak-eta nolabait ezkutatzen saiatu nahi bazenu bezala; behin entzunda atsegina eta guzti izan dakizuke, xelebre, baina etengabekoa baldin bada aspertzen du eta asko gainera, harroa hitzak baino hiztuna bailitzan.
Dena dela, ikaragarri xamurra begitandu zait Egigurena, beharbada zenbait pasartetan inuxente xamar ere bai, bera ere nazionalista dela dioelarik, baina ez Euskadikoa, ez sabinianoa, Euskal Herrikoa baino, hots, nafar soberanista edo antzeko zerbait, auskalo. Ez dakit ba nik gero, bihar, etzi edo etzidamu alderdiburuen aurrean azaldu behar izango duen, baliteke haiek ebaztea beste egigurenkeria dela eta kitto, horretarako dugu gainera, halakoak bota ditzan tarteka-marteka.
Bestalde, guztiz ulertzekoa da Egigurenena, askori ere suertatzen zaigu noizean behin mendi tontor gainean gaudela, begiak zabaldurik, hain ederra, hain polita da-eta, gora Euskal Herria, eta honekin batera aurtengo modako lelo historikoa gaineratzen baldin badiozu, Nafarroaren Konkistarena, nola ez fantaseatu, nola ez ausartu botatzera halako txorakeriak bat-bateko liluramendu mendigoizale edota historiazalearen ondorioz edo; niri behin baino gehiagotan suertatzen zait patxaranaren erruz.
Alabaina, ezin ahaztu ere herri hartan nola hartu ohi dituzten halakoak, betiere munizio gisa etsaiari jaurtitzeko, oraindik ere desberdin pentsatzen duena etsai badutelako asko eta askok, oraindik ere lubakietan gaudelako, nor bere lubakian eta aurrekoaren kontra eraso egiteko prest, baliteke oraingoan harrika edo balaka ez egitea, baliteke hitzekin zein gezurrekin moldatu beharra, baina ez dut uste herri puta hartan kontrakoaren egiak nolabait edo zenbait neurritan ere aintzakotzat hartzeko inolako borandaterik dagoenik, badirudi hainbat eta hainbat euskaldunen buruan tregua hitzak oso esanahi zehatza duela; ez dugu amore eman, gure estrategia berplanteatzeko denbora baino ez omen da, ez dugu beraz ezertaz damutu behar, gatazka armatuaren noraeza kaxkarrak gainditu gaitu oraingoz, bada garaia, beraz, borrokari eustearren bestelako baliabideez saiatzeko, auskalo nola edota nortzuekin, baina ekinaren ekinez lortuko dugu nahitaez. Egigurenek hau guztiau ezin honeto azaltzen du elkarrizketan, agian gehiegi diskurtso garbiak eta zintzoak arriskutsuak direla uste dutenendako.
Dena dela, merezi du, noski baietz, elkarrizketa osoa ikustea, pertsonaiaren neurri ona, zuzena, jatorra, ematen baitu, baita aldez aurretik eta betiere euren kolorekoak ez direnei gorroto bizia eta mota guztietako pekatu zein gaiztakeriak leporatzen dizkietenentzat ere, aukera ezin hobea gorrotatzen duzuen hori gertutik ezagutzeko. Nik aitortu behar, aldiz, benetan hunkitu egin nauena, izugarri atsegin izan zaidana aspaldiko partez, Eguzkitzeren alboan hitz eta pitz ari dela, kosk eta kosk jaten duen bokata izan da, duda izpirik gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario