Nazka eginda nabil azken egunotan eta ez dut uste zer dela eta esateko luzatzea merezi duenik. Irrikan nago igandea heldu eta ditxosozko txapelketa hori behingoan buka dadin. Ezta, ez, abertzaletasun konturik, ez behintzat espero bezainbeste. Gustatuko litzaidake noski EHko selekzio bati lagundu ahal izatea, zergatik ez, azken finean hauek bezalako txapelketak horretarako omen dira, indentitate edo nazio sentimenduak suspertu edota harrotzeko, gauza guztiz arrunt-arrunta, inondik ere harritu eta haserretzen ez nauena dena bere neurrian ulertzekoa baita gizakumeok horrelakoak garen aldetik. Ez naiz fido beraz, segun eta norekin, noski, inolako aberri edo herriarekin bat egiten ez dutela diotenetaz. Baliteke bai, aberririk ez izatea, nik sarri baino askotan hala sumatzen dut-eta, baina gehienetan itxura baino ezta atzematen halako jarreretan.
Alde horretatik, aitortu beharrean guztiz zentzunezko deritzodala La Roja delakoarekin zoratzeari ordezkatzen duen ororekin bat egiten baldin baduzu, zure burua espainar peto-petotzat baldin baduzu, bere koloreak zinez maite izatekotan, jakina. Areago, niri azken txapelketan asko gustatu egin zitzaidan ere Roja delakoa txapeldun izatea ni ere legalki eta oraingoz espainarra naizen aldetik, niri espainarra izatea batere ardura ez lidaken aldetik euskara zein euskal kultura zinez onetsiko balituzte, gure eskubide historikoak, gure berezitasunak, aintzat hartu bitartean. Bestalde, norekin identifikatuko ote ez baldin bada nire ama hizkuntza ere egiten dutenarekin baino, ezin ahaztu, Historiak hala erabakita, EHn ama hizkuntza nagusia gaztelera dela. Eta hala eta guztiz ere, bigarrenez erran behar nahiago izan nukeela oso bestelako koloreen alde egitea, nazio sentimenduak oso malguak baitira, eta hautatzekotan baliteke zein baino zen gustukoago izatea, horretan oso argi eta garbi baitut, bakanetakoa gainera, nork bere aberria hautatu, maitatu eta sustatzeko eskubide osoa behar du gainontzekoek berea izateko eskubidea ontzat emanda, gero demokrazian erabaki behar zertan gauzatzen diren gehiengo zein gutxiengoen nazio eskubideak. Areago, baldin badago nire onetik ateratzen nauen hori da kasta guztietako abertzale sutsuek, euren burua baino aintzakotzat hartzen ez dutenek, maiz gainontzekoen sentimenduekiko erakusten duten itsukeria edota intolerantzia.
Baina hori ezta gaurko gaia, hori da bukatzen ez den soka, baina ez gaur irizpidera dakardana. Bizi naiz EHtik kanpo, bizi naiz Oviedo aldean, hiri berez guztiz eskuindarra, oso-oso, bizi naiz asteotan beraz estankoko zapiez inguratuta. Ez dira, ez, nire gustuko koloreak, ezin hautatu konbinazio petralagorik, gorria eta horia ez baita inondik uztartzerik, sikieran nola edo adierazi nahi duten odol eta eguzkiaren arteko batasun eta uztartze horrekin ezertan bat ez natorrelako, ezaugarri beroegiak nire gusturako, nik guztiz nahiago iparraldeko kolore epelagoak, hotzagoak ere bai. Tira ba, hori edonola ere gustu kontuak baino ez omen dira, horrexegatik ere berriro diot norbaiten kontra egitea zure koloreak gustuko ez dituelako munduko gauzarik petralena,zatarrena, ergelena, begitantzen zaidala.
Izan ere, rojigualdez inguratuta nago, nire bulegoko lehiotik ondo asko ikus daiteke Foncalada kalearen eskina batean dagoen taberna txiki, mehar, benetan zatar bat, Espainiako banderez goitik behera estalita doi-doi, gauza benetan harrigarria bandera batzuek taberna bera baino handiagoak ematen baitute. Egia esan, mota guztietako banderak dira, alde batetik eta toldotik eskegita paperezkoak, leihoetan egundoko izarak, barrualdean -ederto bereizten baita nire hirugarren solairuko lehiotik- barra osoa estatzen duen pankarta itzela eta baita sabaitik txintxilikaturiko beste paperezko batzuk ere, eta zer esanik ez kanpoan dituen kupelak estaltzen dituztenak-eta. Ezin burutik kendu berbena hitza, tabernaren itxura horrelakoa baita. Ezta harritzekoa, bada guztiz zentzunezkoa taberna hola mozorroturik agertzea, azken buruan selekzioaren partiduak jai baino ez baitira, ez besterik, nik behintzat hala deritzet. Baina, zer festa mota ote da hemen Asturias aldean, borracha y dinamitera, petardo jaurtiketa barik? Hori dela eta, beldurrak nago La Rojak irabazten duen aldiro, haurrak ohean lotan izanda badakidalako supituan itzarriko dizkidatela, negarretan hasiko direla ikaratuta, haiek ezer ulertzen ez dutelako, berdi dielako La Roja delakoak, futbola maite ez dutelako, oso berandu izan ohi delako eztanda batek ohetik jausi egin dezaten ezustean. Eta gutxi bailitzan ere emazteari entzun beharrekoak eztandak hasi orduko, balirudike nik neuk metxa piztu banu bezala, ze-nolako giro ustela sortzen da gurean, zer-nolako gaubeila, La Rojak irabazi ezkero hemen abarrotsa gau osoan izan ohi baita, orduan apokalipsia bera suertatu balitz bezala.
Eta ez, ez dut ezer gainontzenkoen bizipozaren kontra, ez eta gehiegizko albertzalekeriaren kontra bat-batekoa baldin bada halako, gorago esan bezala pasioiak pasioi denak gara gizakumeak. Baina, baina luze-luze bat, oraingoan, gure gaur egungo egoeran, egunotako kinka larrian gaudela, pertadoen eztandek zein La Rojaren jarraitzaleek sortzen duten kaleetan zeharko abarrotsak, zera gogorazten didate, futbolean baino irabazle ez den Espainiaren etengabeko gainbehera erabatekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario