Ipurterrea al naiz? Baliteke, hori ba behintzat nire hurbilekoek behin baino gehiagotan leporatu egin didana, edozein huskeriagatik eta beherala astoratzen naizela. Nola esan ezetz, atzo arratsaldean bertan, haur nagusia ondo ezaguntzen ez duda auzo bateko ikastetxe batera eraman behar nuen entrenatzera. Jakina, hara joan baino lehen begiratu nuen internetez nondik joan. Eta begiratu bezala ikastetxeraino zuzen-zuzen ailegatu nintzen. Sarrera handiraino, atea itxita zegoen, patio zabalean ez zegoen inor, patio barrura sartu ahal izateko hesiaren muturrerantz jo behar izan nuen nagusia eskutik arrastaka eta txikia lepo gainean. Behin bertan ikastetxeko ateraino galdezka asmotan eta alperrik, espero bezala itxita zeuden topatu ahal izan nituen bi ateak. Zorionez, orduantxe norbait ikusi eta harengana joan nintzen galdezka, ea non egiten zen txikiendako saskibaloi entrenamendua. Patiotik irten eta eraikin ia osa inguratu behar nuela erantzun zidan. Esan bezala, lasterka joan nintzen bata herrestan eta bestea lepo gainean eramanez, beste patio batera jo eta inolako errotulurik erakusten ez zuen sarrera bateraino. Nagusia bertan utzi eta bestea berriro lepo gainean kotxera bueltatu nintzen. Behin motorra piztuta, etxeratzekotan nengoela, zer esanik ez, galdu egin nintzen Ciudad Naranco delako auzoan.
Okerrena, berriz, nagusiaren bila itzuli behar izan nuenean, bigarren aldiz galdu egin bainintzen auzu malkartsu, errebes eta alu horretan. Oraingoan ordea haurra zain nuen. Ordu lauden bat beranduago iritsi nintzen. Mr. ez zegoen nik lehenago utzitako patioan, ez zegoen ate ondoan, ez zegoen inon eta ni patioa zeharkatu behar bertan gelditzen ziren lau katuei gadezka nindoala. Beharrik haren ahotsa niri deika aditu egin nuen urrunean. Beste behin etxera buelta, eta beste behin ere galdu egin nintzen auzo madarikatu horretan, hiri malkartsu, mehar, nahasi eta semaforoz gainezkako bateko petralena duda izpirik gabe.Eta hau guztiau gutxi bailitzan, nagusiaren apartatutakoan nire semearen bila nindoala euria egin zuen: mela-mela jarri nintzen, noski, areago udako praka motz zein alkondarekin jantzita. Oro har, ozta-ozta ordu eta erdi bueltaka egon ginen kotxez etxerako bidea topatu aurretik. Eta etxeko garajera sartzekotan geundela, kotxe bat oztopatzen zigula, barruan emakume bat, nik klaxona jo eta berak jaramonik ez, ia egunero suertatzen zaidan bezala eta ia ere gehienetan emakumezkoekin, egiak egia, klaxonotsa zerutik baletorkio bezala, egia esan egin zuen keinu bakarra eskuartean zeukan gomilona potsa batetik beste bat hartu eta ahora eramateko izan zen. Nola ez iritsi gero etxera zeharo aztoratuta, biraoka edo egunero garajearen aurrean topatzen ditudan tontolapiko guztiei, nola ez egin behin berriro ipurterrearena.
Eta hala eta guztiz ere, aitortu beharrean nago ene ustetan hori ez dela ipurterre jotzea, hori dela sumintzea nire buruarekin gauzak betiere gaizki egiteagatik eta kitto. Zeren, bene-benetan ipurdia erretzen didana oso bestelako gauzak baitira, besteak beste nire jaioterriko alkatearen itxurakeria garbia. Bai, bere burua euskaltuntzat aldarrikatzen zuena, Alde Zaharreko Antzokiaren alde egiten zuena Bidukoekin bat etortzeko asmotan, euskarak inolako murrizketarik jasoko ez zuela behin eta berriro agindu ez zuena. Ikusi edo irakurri besterik ez dago aste honetan nire hiriko euskaltzaleok egindako salaketa, zertan geratu den alkatearen agindua, hori gezurra hori, handia gainera, bota egin ziena, zer nolako gezurrontzi porrokatua dugu Maroto jauna, beti itxurakerietan bere burua egiatan edo inondik inora ez dena, baina geurea bezalako hiri anitz eta ikaragarri sinesbera eta otzan batean primeran, gutxienez oso buru/eskuzabal, moderno, itxuroso, geratu ohi dena aurkeztearren. Tipo nazkante alu horrek bai ateratzen nauela nire onetik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario