Egunerokotasunaz nazka-nazka eginda, ez baitago albiste onik dena txarra baino txarragoa, dena gero eta okerrago doalakoan, gainbeheran, auskalo nongo eta nolako amildelgirantz zuzen-zuzen eta arin-arin. Aspertuta, idazten dituzu egonerokotasun horrekin zerikusia duten gauzak, zerbait idaztearren egia esanda, egunero zerbait idatzi gura duzulako idazkera ere trebatu behar den giharra bailitzan. Gero, noski, hausnar egin eta nori axola dakiokeen nire iritzia gogoan hartzen duzu, kaikukeriak baino idazten ez baldin baditut, zer dela eta denetarik hitz egin behar ezer ez dakizularik.
Hori dela eta, hamaika aldiz atseginagoa begitatzen zaida kontatzea joandako larubat goizean txangotxo bat egin genuela Oviedotik El Fusoraino doan burnibide zaharreko bidizidorretik, ez dakit ondo hamar edo hamairu kilometro izan ziren ala ez haurrengandik tiraka, zubiak, tunelak-eta zeharkatuz, goizeko aurreneko orduetan estalita zegoen zeru hodeitsu baten azpitik, lanbroan barrena zein euri-langarrez blai, harik eta ibiliaren ibiliaz eguerdiko zeru oskarbi zein bat-bateko bero zapaz lehen gozatu eta gero zozitzen hasi arte.
Burnibidearen aimeran, noski, geltoki zaharra. Orain dela gutxi abandonatutakoa, gertuko trenek ez zutelako apenas bidaiaririk, orain denok badute kotxeren bat edo, edo Oviedoko busak, guztiz azkar eta merkeagoak. Ez dago alderik, beraz, geltokiko tabernaren arduradunak, burnibide zaharretik zehar haraino iristen zaizkion ibilitariei serbitzatzen dien edadeko gizonak, ez agureak, ondo asko azaldu zigun bezala. Gizon ikaragarri atsegina, begikoa, eskuzabala, Asturias aldean hain ugari diren bezalakoa nire jaioterrikoen aldean, guztiz gizalegetsu zein berritsu ere serbitzatzen zaituzten ostalari bakanetarikoa. Hiz aspertuak egin genizkion elkarri, hiz atseginak, denetarik, eguraldiaz zein tren zahar edo sagardoaren kontura, haurrei mahai inguruetan olgetan zebiltzan bi txakurkumeak laztantzen irakatsi zien, beldurrik ez izaten, eta eskaini ere egin zien haiek barra ondoan eskatu adina eta gainera pozarren, nabarmen zitzaion haurrak gustuko zituela, berdin zion ura debalde ematea edo haurrak barra atzean kuskusean izatea, berak bultzatzen zituen bere atzetik joan zitezen zokomiran.
Eguerdi atsegina, ezin besterik esan hitz aspertuok, bideko nekeak, haurren jolasak eta bokata hirugihar errea zein tortillakoa sagardoaz bustita nahas-mahas, elkarlotuta agian. Plazer txikien erakusgarri, nik horrelakoekin gero eta gehiago konformatu eta batez ere ikaragarri goxatzen dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario