Ulertzen dut zenbait jendek futbola gustuko ez izatea, noski. Baina, mesfidatzen naiz printzipioz futbola gustatzen ez zaiela herri xehearen opioa edo delako esaten dutenetaz, hots, ez dutela atsegin jendetzaren kirol nagusia delako. Nabarmen zaie, oso, jendetza horrenganako, jende xehearenganako egia esan, destainak eragiten diela euren kontrako jarrera, euren iritziaren atzean elitismo nazkagarria ezkutatzen dutela, sikieran elististak izateko asmoa.
Alabaina, guztiz nazkarriagoa begitantzen zait euren ezetza zuritzeko edo haiek oso bestelako kirolak gogokoago dituztela diotenean, esaterako, rugbia. rugbia futbola baino hamaika bider dotore edota jatorragoa delakoan, batik bat haiek bezalako eta ustezko jende dotore eta ikasiak jokatzen duelako. Batzuetan ere nazka baino pena ematen didate, ezer ez dakitelako, areago ezer jakin nahi ez dutelako, ez daude gertu euren aurreritziei aurre egiteko, gehienetan lar estimatzen dituztelako. Izan ere, sarri askotan euren nortasuna hauen bitartez osatu egin dute-eta.
Badira futbolari buruz, kirolaz handi-handizka, ez dakizkiten oinarrizko gauzak. Besteak beste oso ezaguna den esaera hau: "futbola ikasi txarrekoek jokatzen duten zaldun kirola omen da, eta errugbya ikasi onekoek jokatzen duten bilau jokoa".
Eta ondo asko jakinda ere futbola eta haren zaleak mesprezatzen dituzten asko eta askok euren burua gizon fin eta ikasitzat dutela, hona hemen ere ene ustetan egiazko gizon fin eta ikasiaren eredu omen zen Albert Camusen hitzok: Ce que je sais de la morale, c'est au football que je le dois. Eta Camusen aipu txit famatua nolabait mamitzearren edo, bihoa hurrengo hau ere:
"J'ai appris que le ballon n'arrive jamais par où on croit qu'il va arriver. Cela m'a beaucoup aidé dans la vie, surtout dans les grandes villes, où les gens ne sont en général pas ce qu'on appelle droits. Il apprit aussi à gagner sans se prendre pour Dieu et à perdre sans se trouver nul, savoirs difficiles. Il apprit à connaître quelques mystères de l'âme humaine." Albert Camus.
Hala ere, aitortu beharrean nago, niri zer arraio axola behar didan gainontzekoek futbola gustuko ala ez izateak. Batere ez esan nezake, noski. Baina, ez litzateke egia, Camusek uste zuen jokalariek futbol zelaian euren nortasuna ere jokoan jartzen zutela, nik aldiz antzeko zerbait suertatzen zait futbola zer dela eta maite ez duen esaten dizutenekin, berehala asmatzen dituzula gizakume horren nondik norakoak ematen dizkizuten argibide edo aitzakien arabera. Eta ez, ez zaizkit batere atseginak elitismoari eusten diotenak euren ezetza zuritzeko asmotan, futbolean bizian bezala jokatuko dutelakoan.
Nolabait ere, berriro diot, niri ez dit batere ardura, nik gaur izugarri goxatu nahi bainuke, horretarako baita futbola, kirol ikuskizunak oro har, laurogeita hamar minutuz goxatzen saiatzeko, ez besterik, eta gauza ez dena, hor konpon, baditu eskura sei nazioen arteko rugby txapelketa ospetsua ere bai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario