jueves, 30 de junio de 2016

HIRUDIA

Inbidia lege

 
2016-06-30 / Txema Arinas - Idazlea
J
oxean Agirreren azken nobela, Gizajoen katalogoa(2016), irakurtzen ari nintzela gogoeta luze eta sakona eragin zidan honako pasarte hau topatu nuen: «...benetako mafia Euskal Herrian bertan dagoela, badagoela jende bat, bigarren mailako idazleak gehienak, Kirmeni arrakasta barkatzen ez diotenak eta Interneteko foroetan haren kontra konspiratzen denbora ematen dutenak.» Gogorra, ezta? Fikzio hutsa Joxean Agirreren liburuan Kirmenen nobela berri baten lapurretaren ingurukoa?

Ez dut uste, nik neuk Agirrek adierazten dituen Kirmen Uriberekiko ezinikusia edo korromioaren berri izan baitut behin baino gehiagotan; behin ere erdal idazle aski ezagun eta egiazko gaizto baten ahotik bertatik, ondarrutarra hizpidera ekartzen zuen aldiro Krimen Uribe aipatzen zuen eta, taxuzko irri maltzur batez, noski. Eta Interneten Uriberen kontra bala-bala ari denari buruz zer esanik ez; foroak foro, hau da, koldarren gordelekutxoa. Alabaina, nondik edo nola sortzen da Uribe idazle saridun eta txit aintzatuaren kontrako maltzurkeria korronte hau?

Halakoetan erantzuna erabatekoa izan ohi da: inbidia. Izan ere, gainerakoen arrakasta barkatzen ez dutenak bekaitzak jota egin ohi dutelakoan gaude. Baina zertan oinarritzen da inbidia hori? Nola mamitzen dute euren ezinikusia hain agerian uzten dutenek?

Irizpideak askotarikoak dira, jakina, baita oso subjektiboak eta maiz zekenak ere; Uribe gazteegia dela, gutxiegi idatzi duela, tamainako ohore hau edo bestea jasotzeko, haren nobelagintza enkargupekoa dela merkatu arrazoi hutsengatik, ezer baino lehen poeta dela eta, poeta melenga gainera, eta hori nobeletan gehiegitxo nabari zaiola, ez omen baitaki behar bezalako istorioak ehuntzen, pertsonaiak gorpuzten, erritmoari eusten eta auskalo zer besterik.

Iritzi hauek guztiak azalez bederen literarioak dira, ustez literatura ezagutu eta maite duten kritikari oso maltzur batzuek emanak. Halere, badaude beste iritzi batzuk, interneten ustezko inpunitatearen babespean botatzen dituztenak, eta oro har ondarrutar idazleari egur ederra emanez literaturarekin zerikusirik ez duen hainbat gauzagatik, besteak beste Kirmenen nortasuna gogoko ez dutelako soil-soilik.

Egia esanda, nik neuk ez dut Kirmen Uriberen nobelagintza oso gogoko, aspertzen nau. Ezin dut kontrakoa esan hori izan baita nire bizipena Uriberen nobela arrakastatsuekin; saiatu, saiatu izan naiz, baina betiere alperrik, ni asebetetzea ez baitu inoiz lortu. Edonola ere, ezin dut esan Kirmen Uribek jasotako sari eta ohoreak merezi ez dituenik. Ni behintzat ez nintzateke ausartuko halakorik esatera. Berdin dit nire esperientzia den Kirmenen liburuekin edota bera baino euskal idazle guztiz saiatu eta trebeagoak daudela uste osoan nagoen. Jakin badakit irakurle mordoak Uriberen lana gogotik estimatzen duela, hau da, bere poesia zein nobelez ikaragarri goxatu duen irakurlego zabal bat duela Kirmenek, beharbada egiazko idazle bat zarela esan ahal izateko ezinbestekoa, idazlearen ofizioa ez baitatza idaztean soil-soilik, idatzitakoa irakurleei helaraztean baizik. 

Gauzak horrela zergatik ez aipatu, eta inondik inora ez meriturik kentze aldera, argibide gisara baizik, zortea oso aintzat hartzeko faktorea izan ote dela arrakasta hain goiz eta gazte lortzen denean. Zortea profitatzen jakitea izan ohi baita, hein handi ala txiki batean, eta betiere ezinbesteko dohain literario batzuekin batera, idazlearen arrakasta nolabait ahalbidetzen duena.

Hartara, zergatik arrakasta hori arbuiatzeko beharra, ez baldin bada inbidiagatik? Zer dela eta, beraz, ez poztu edo harrotu gutariko batek Kirmen Uriberena bezalako arrakasta bat lortzen duenean?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...