Ezer baino lehen nabarmendu behar genuke, nahiz eta itxuraz euren eskualdeko edozein bikoteren modukoak ematen zuten, hau da, betiere polarrez zein mendira edonoiz joateko arropaz jantziagatik, funtsez ordea Ekaitz eta Maider oso senar-emazte tradizionalak zirela. Biek lan egiten zuten Mondragon Taldeko enpresan banatan; senarra bere herriko Basabe industrialdeko Fagor Sistemas sailean administratibo eta emaztea Arrasateko eko-ikerkuntza sailean ingeniari. Maiderrek gonbidatu nahi izan zuen senarra Getariako jatetxe batean bisigu edo erreboilo bat plantxan erreta bazkaltze aldera. Mondragon Taldean, ozta-ozta bi hamarkadaz bekadun egon eta gero lankide finkoa egin berria zutela aitzakia.
-Sinetsita neuen Elkanora inbitauko nindduzula –bota egin zion senarrak portuko jatetxe baten terraza bateko mahai inguruan eseri bezain laster.
-Ze ba?
-Joder, Michelin izar bat daukolako.
-Bai, badakit, horrexegaitik ezin gare fan.
-Zela ez? Lanien finkue ein barri zaittue, Maider –gogoratu zion senarrak emaztea ume txiki bat bailitzan-. Hamendik aurrera dirutza earra kobrauko dozu.
-Baleike, Ekaitz, baleike; baia diru hori izengo da etxien daukegun gastu pilari aurre eitxeko.
-Aizu, neska, bixok soldata bana kobretan dogu. Nik uste zure izendapena ospatzeko besteko. Gaurkue egun espeziala da, ezta?
-Bai, jakina baietz. Baia zertarako Elkanora sartu egundoko kontu bat pagetako sinmás? Ez jatzu gustetan jatetxe hau? Nik uste primeran gauzela terraza hontan itsasora begira gaurkoaren moduko egun sargoritsu baten.
-Ezta gauza bera, eta zuk badakitzu ondo baino hobeto –muturtzen da senarra.
-Zer dala ta?
-Arrainen kalitatie…
-Kalitatie? Gurozu kamareroai galdeketie nondik ekarten dauen arraina? Ointxe eingot!
-Ez, ezelabez, Maider, ez lotsagorritu, arren!
-Barkatu, zerbitzatzen duzuen arraina nongoa al da? –galdetzen dio Maiderrek bere esku altxatuari jaramon eginez ziplo gerturatu zaion zerbitzariari
-Nongua ba? Gaurkua, Getaxako kopraixakua, presku-preskua –erantzuten dio zerbitzariak betoskoa ia jarrita eta betiere Euskal Herriko zerbitzarien usadioari jarraituz.
-Aitu´tzezu? -senarrarengana bueltatuta.
-Bai, bai. Baina ezta hori, emazte, ezta hori –gaineratzen du Ekaitzek zerbitzaria bere bidetik itzuli orduko.
-Jakina ezetz, badakitx Elkanokuek teknika barrixak, inobadoriak, erabilten dittuela arraina plantxan prestetako portuko gainerako jatetxe tradizionalen aldien; horrexegatik emun dotzie Michelin izarra.
-Ze teknika eta ze perika, prestigio kontu bat da.
-Zeeeer?
-Esango´tzut egixa, maitia. Hona gentozela nire enpresako arduraduna ikusi nauen Elkanora sartzen bere familixakin.
-Eta?
-Esan daigun zure aszensoana apurtxo bat exajerau in nauela…
No hay comentarios:
Publicar un comentario