Hau da 2017ko Urtarrileko Grand Place aldizkarirako nik idatzitako artikulu luzea: http://revistagrandplace.com/site/?p=422
Euskal
Gatazkaz ari garela, gure historia garaikidearekin erabat lotuta dagoen egoera
bat etortzen zaigu gogora, hau da, ETAren terrorismoaren ingurukoak oro, zein
honen kontra suertatutako erantzunak eta euskal gizarteak pairatutako ondorioak
oro. Euskal Gatazka, aspaldi Fernando Aramburu donostiar idazle erdaldunak
aldarrikatu zuenaren kontra, orduan hautsak polito harrotuz, euskal literaturan
dezente jorratutako gaia da. Orain bai, nolatan jorratu dute euskal idazlerik
gehienek? Edo are zehatzago esanda (tamalez gauzak horrela baitira gizarte
batek bizi duen gatazka baten barruan, edota hori delako gai honen muina azken
buruan), ETAren alde edo kontra jorratu dute? Halere, dikotomia maltzur honi
erantzunik eman baino lehen zera esan behar genuke, euskal gatazkari buruzko
gogoeta gehienak beranduxe egin direla. Literatur kritikaz ari naizela
azpimarratu behar ditut beraiek, fikziozko idazlanak aldiz egon badirelako,
nahikotxo gainera. Izan ere, eta argi eta garbi esango dut, nik ezin dut
gogoratu euskal literaturak delako euskal gatazkari buruz izandako jarrera edo
idazkerari buruzko inolako taxuzko azterketa edo kritika-artikulurik ETAk armak
utzi baino lehen, ez behintzat terrorismoaren urterik latzenetan, hots, ETAren
indarkeria borborka zegoela. Baliteke nik ez dakidan literatura irakasleren
batek zer edo zer gaiari buruz idatzi izana eta auskalo zer dela eta inolako
eraginik ez izatea edo oso berandu arte ezagutu ez izana, Joseba Gabilondok 1998 urtean AEBetako
aldizkari espezializatu batean, Arizona
Journal of Hispanic Cultural Studies 2-an, ingelesez publikatu zuen
artikulua bezalakoa eta gurera euskaraz bere Nazioaren
hondarrak liburuan 2006
urtera arte heldu ez dena. Badirudi ere Euskal
Gatazkari buruzko literatur kritika lan guztiak oraintsu agertu direla 2011ko
urriaren 20az geroztik, hots, hainbat talde edo alderdik azken hamarkadotan
euskal gizarteak pairatutako indarkeriaren gaineko gogoeta sakon eta zintzoa
egiteko aldarrikatzen duen kontakizun auskalo norainoko ofizialaren parte
bezala edo.
Badirudi
baina ez dta egia, Beñat Sarasola kritikariak 2009ko
otsailaren 15ean oso lan interesgarria idatzi baitzuen ARGIA aldizkarian, Oinazea letraz janzteko manerak
izenekoa, non
hainbat euskal idazle edota kritikariren iritziak jasotzen baitzituen “nola islatu du euskal literaturak euskal gatazka?” lelopean. Ezer baino lehen Sarasolak aitortzen
zuen nik gorago nabarmendutakoa: Azken
urteotan presentzia nabaria izan duen gaia izanagatik, ez da oso aspaldian
euskal literaturan eta euskal gatazkaren erlazioaren inguruan hausnartu eta
idazten dela. Edonola ere, Sarasolak lehenago agertutako idazlan urrien
berri ematen digu, besteak beste EHU-ko estetika irakaslea den Mikel Iriondok
2003ko urte bukaeran “Bitarte” aldizkarian argitaratutako Arte y violencia en el País
Vasco izeneko artikulua, “bortizkeria terrorista” euskal artean
–eta tartean euskal literaturan– nola landu den aztertzen zuena. Sarasolak
berak nabarmendu bezala, Iriondoren artikuluaren ideia nagusia euskal arteak “biolentzia terrorista” azaldu
eta lantzeari bizkarra eman diola da. Egon, egon badira salbuespenak,
noski, Mikel Iriondok Ramon Saizarbitoriaren Ehun
metro (1976) eta Bernardo Atxagaren Gizona
bere bakardadean (1993), biok ostera oso etsigarriak
estetika irakaslearen ustez, indarkeriaren gaiaren muina behar bezala jorratu
ez baitzuten, hau da, ETAren indarkeriak eragindako kalte eta mina oso azaletik
baino aipatzen ez zituelako eta betiere etakideen ikuspegitik. Bestela esanda,
orduko euskal literaturaren adibide bakanok ez dute ETAren indarkeria hura
behar bezala gaitzesten euren ikuspegia funtsean nazionalista baita, hau da, Joseba
Gabilondok bere 1998ko artikuluan euskal literaturak delako gatazka
tradizionalki zein ikuspegitatik jorratu duen salatzen zuenarekin bat egiten
dutelako: “testuinguru
politikoa medio, terrorismoak funtzionatzen du ‘gu’ (euskaldunak) eta ‘haien’
(espainiarrak) kontra definitzen gaituen/dituen indikatzaile nazionalista
bezala”. Hala ere, Ibon????
Sarasolari ez zaio oso interpretazio egokia, zuzena, begitantzen, hortaz, beste
euskal kritikari edo idazleren hitzak baliatzen ditu Gabilondo zein Mikel
Iriondo irakasleen salaketak nola edo hala epeldu edo agian errotik
ezeztatzearren.
Ibon?? Sarasolak mahai ingurura dakartzan kritikari eta idazle
hauek Iban Zaldua, Itxaro Borda, Ignazio Mujika, Iratxe Retolaza eta Mikel Soto
ditugu. Ez ditut euskal literaturaren pertsonaiok arduratzen gaituen gaiari
buruz azaltzen duten oro banan-banan esango, ikaragarri luzea egingo
bailitzaiguke, baina bai ordea hitzik aipa/adierazgarrienak:
Iban Zaldua: “Kontua da, noizean behin arinki esaten
denaren kontra, egon badagoela gatazkaren inguruko langintza literario bat,
poliedrikoa eta, nire ustez, bizi dugun egoera irakurtzen laguntzen diguna,
hein handiagoan edo txikiagoan”
Itxaro Borda: Abertzale
mundutik kanpo diren idazleek dute gaurko gatazka aipatzen; eta abertzale
munduan direnek dute 36ko sarraskia aipatzen, bata bestearen etsai balira
bezala.
Ignazio Mujika: Ez
daude bi lubaki, euskarazko idazleena eta erdarazkoena. Lubakiak baldin
badaude, ez dira hizkuntzarenak. Hizkuntzak beti ematen dio zerbait lanari,
transmisio bidea baino gehiago da, baina uste dut euskaraz ikuspuntu ugaritako
lanak idazten direla. Proportzioa diferentea dela? Beharbada bai, baina hori
soziologoek esan beharko dute.
Iratxe
Retolaza: Uste dut, orokorrean, euskaldun
direnen gizartean bizipen batzuk daudela, hizkuntzak eragiten duela gai
batzuetara hurbiltzeko. Argi dago ikuspuntu politiko batzuetan euskara ez
dagoela presente; orduan, literaturan, literaturan ikuspuntu horietara
gerturatzea euskaraz… Bere horretan errealitateak ekartzen duen ondorioa dela
uste dut.
Mikel Soto: Gainera, gai honek dauzkan ertzak aintzat
hartuta esango nuke kontu kitatze pertsonal asko egon direla eta horrek
eztabaida sustatu duela, baina ez zentzu onean. Esango nuke pertsonaletik
ekiteak eztabaida posiblea desitxuratu eta banalizatu duela.
Denetarik
dugu, nire ustetan euskal literaturaren delako gatazkarekiko epeltasunak
zuritzeko aiko-maikoak gehien bat, noski. Izan ere, leloa ezin da ageriagorik
izan: euskal literaturaren begirada poliedrikoa da, edo bestela esanda, segun
zein lubakitan zauden ikuspegi batetik edo bestetik jorratuko duzu gaia. Zer
dela eta? Sarasolak berak Jon Benitoren Maldetan
Sagarrak liburuko hitzok gogora ekartzen zituen artikuluan: “zertaz
ari gara euskal gatazkaz ari garenean? Hitzetik hortzera erabiltzen dugun
terminoa da, baina nago ez litzatekeela batere erraza izango denok adostutako
terminoaren definizioa lortzea. Batzuentzat euskal gatazka Espainia eta
Frantziaren zapalkuntzaren ondorioz sortzen den gatazka da, beste batzuentzat
ETA-ren terrorismoa, beste batzuentzat klase borroka ezkutatzeko balio duen
amarrua, edo horietatik guztietatik pixka bat.”.
Gauzak horrela nolatan harritu euskal
literaturak ETAk eragindako biktimen gaia doi-doi tratatu izanaz, biktimotariko
asko eta asko euskaldungoaren parte izan ez balira bezala, edo beharbada ETAren
biktimak izateagatik euskaldungoaren etsaien taldean kokatuta baleude bezala
printzipioz. Nola harritu beraz euskal literaturak delako gatazka
jorratzerakoan etakideen ikuspuntua gehienbat hautatu izanaz. Egia esan, Itxaro
Borda idazleak ezin hobeto azaldu du: “Bilakaera
luzea eta astiroa izan da. ETAko ekilea eta geroxeago IK-koa, gudaria zen eta
hogeita hamar urte beranduago ekile berdina argiki terrorista da idazleentzat.
Ez denentzat bistan dena, baina bai anitzentzat”.
Etakideak euskaldungoaren parte ziren, onerako
zein txarrerako euren nondik norakoak idazgai izan ditu euskal literaturak ezer
baino lehen, ez ordea ETAk eragindako biktimena. Are gordinago esanda, ETAren
biktimen ahotsa ustezko edo balizko etsaiarena omen zen. Edo oraindio apurtxo
bat gordinago ere, euskal literaturan biktimak ikusiezinak ziren azken
hamarkada guztiotan ere ikusiezinak izan zitzaizkion heinean euskal gizartearen
parte handi, zabal eta batez ere konplize edo koldar bati. Biktimek ez al zuten
merezi euskarazko idazle gehienen estimua edo gutxienez interes literario hutsa
fikziorik sortzeko? Bizpahiru idazle, kenduta, hau da Jokin Muñozen Bizia lo
(2003), Andu Lertxundiren Zorion
perfektua (2002), Felipe
Juaristiren Ez da gaua begietara
etortzen (2007) eta beharbada inon inolako aipamenik merezi izan ez duen
beste nobelaren bat, euskal gatazka hainbat ikuspegi desberdinetatik jorratu
egin duten idazle gehienek ETAren kide edo ingurukoen aldetik izan da (Txillardegiren
Exkizu (1988), Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro (1976), Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993), Harkaitz
Canoren Pasaia Blues… (1999) Egon, egon
badira, haatik, ETArekiko zein ezker abertzaleak indarkeriaren aurrean izandako
erantzukizunari buruz oso kritikoak izan diren liburuak, Anjel Lertxundiren Etxeko Hautsa, Juanjo Olasagarren Ezinezko Maletak (2004) edo Uxue Apaolazaren Mea
Culpa (2011) kasuko. Baina, jakina, liburuok ere ustez euskaldungo
abertzaletik gertuago biktimen mundutik baino, hau da, euren buruekin zein ingurukoekin
nola edo hala kontuak kitatu nahi zituztenak edo.
Hori dela eta, gure buruari egin behar
geniokeen galdera oso argi eta zuzena da: hain zaila edo ausaz ezinezkoa al zen
ETAren biktimen ikuspuntutik euskarazko fikziorik sortzea? Erakutsi badugu
ezetz, egon badaudela gutxienez hiru adibide oso duinak, hainbat prestigio
handiko sari eta guzti jaso dituztenak, baita sari horiek jasotzeagatik
gainontzeko euskal idazle askoren gaitzespena merezi izan dutenak ere euskal
erakundeen erabaki politiko garbia zelakoan; Jokin Muñozen Bizia Lo-k, 2003ko
Euskadi Saria lortu eta gero jasotako hainbat kritikaz ari naiz, noski. Bada,
beraz, guztiz posiblea eta bidezkoa ETAren biktimen inguruko fikzioa sortzea
haiek pairatutakoa nola edo hala eta euskaraz irudikatu nahian. Orduan, zer
dela eta hain liburu gutxi biktimak protagonista? Nork baino nork biktimen
ikuspuntua euskaraz jasotzeko sinesgarritasun falta hizpidera ekarriko du
biktima gehienak printzipioz erdal munduaren parte direla soil-soilik esanez.
Gezur borobila, ETAk euskaldun peto-petoak ere baziren gizakumeak garbitu
baititu jardun kriminalean egon bitartean, hau da, euskara maite, euskaraz bizi
edo gutxienez euskaldun giro batean bizi zirenak, haietako banaka batzuk euskal
nazionalistak ere baziren, Joxe Mari Korta zumaiar enpresariaren kasuan bezala.
Zer dela eta ez sortu fikzioren bat ETAk hildakoen senitartekoetariko bat
protagonista hautatuta, hau da, zergatik ez hartu aintzat euskaldun biktimaren
baten nondik norakoak, barne-gogoetak, bere ingurukoekiko harremanak edo
eguneroko bizipen arruntak, ETAk bere senitartekoa mehatxatu edota asasinatu
eta gero. Agian ez al luke gutxienezko edo halabeharrezko sinesgarritasunik
euskaldun biktima baten lekukotzak? Noski baietz, eta nire ustetan guardia
zibil baten edozein senitartekorenak bezainbeste, printzipioz sortze
literarioak ez baitu inolako mugarik izan behar, zuk zeuk ez baldin dituzu,
jakina.
Hortxe dago koska, hain zuzen, euskal idazle
asko eta askok euren buruei ETAren biktimengana gerturatu ahal izateko ezarritako
mugetan. Euskal idazle asko eta askok ez ditu ETAren biktimen testigantzak
idazpidera ekarri nahi, borondate falta garbi eta argi bategatik, edo bestela
esanda, halaxe erabaki dutelako: ETAren biktimek iradoki ditzaketen istorioek
edo ez diete behar besteko estimurik merezi, ez dira gauza hauen inguruan
inolako fikziorik eraikitzeko. Tamalez, ezta ezer apartekorik, gaur egun
oraindik euskal gizartean guztiz hedaturik eta arrunta den jarrera bat da,
batik bat abertzaleen artean: ETAk armak utzi ditu, bai, baina horrek ez du
inondik inora esan nahi ETAk urtetan egindakoa gaitzesteko asmoa dugunik.
Gehien jota, delako euskal gatazkak eragindako indarkeria guztiak gaitzetsiko
ditugu, baliteke ere ETAren biktimenganako nolabaiteko hurbiltze saioren bat egitea
aro berri eta batez ere bakezale baten aldarrikapena egitearren; esan genezake
aro berri horretan itxurak oso garrantzitsuak direla eszenatoki politiko berri
batzuk sortze aldera. Erreparatu besterik ez diegu egin behar Arnaldo Otegik
Logroñoko kartzelatik irtendakoan Elgoibarren egin zioten gorazarrean gaztelera
ederrean botatako hitzoi, eta batik bat nik beltzez azpimarratutakoari: “…me alegro sinceramente de que haya mucha
gente que vivía con escolta, y vivía acosada, según decían ellos, que
hoy puedan vivir en paz y en libertad". Edo bestela esanda, ETAk
eragindako oinazea aitortzeko gertu gaude; baina, ezta gure oinazea, hortaz ez
dugu ezertan gure gain hartu behar, besteak beste ez dakigulako noraino
egiazkoa den edo, pairatutakoek aitor dezatela, guri edo gutarrei
eragindakoarekin aski dugu eta. Oso sentsibilitate berezia da Otegirena eta
beste, lubaki sentsibilitate doia da. Euskarazko literaturara itzulita antzeko
zerbait sumatzen dut aro berri honetako azken urteetan argitaratutakoari
begira, hau da, euskaldun irakurleen artean arrakasta edo oihartzun gehien
lortutako liburuei erreparatuz: Mikel Antzaren Atzerri (2012), Lander Garroren Gerra
Txikia (2014) edota Harkaitz Canoren Twist
(2011). Nork bere gaiak eta ikuspuntuak aukeratzen ditu, noski, baina hala eta
guztiz ere bada benetan esanguratsua ETAren biktimena zein gutxitan aukeratzen
den, eta batez ere, Jokin Muñozen Bizia
Loren kasua alde batera lagata,
zer nolako oihartzun eskasa lortzen duten ikuspuntu hori aukeratzen duten
bakanek besteon aldean.
“Gauzak aldatzen ari dira ezari-ezarian, eta
denboraren poderioz gehiago aldatuko dira” dugu asko eta askoren ahotan euskal
literaturaren ezaugarri benetan berezi eta mingarri honen aurrean nola edo hala
itxaropentsuak izateko leloa. Baliteke, bai, bada guztiz bihotz-altxagarria
apurka-apurka lubaki pentsamoldeen gainetik egon nahi duten zipriztin zinez
pozgarriak topatzea, hau da, euskaldunak izanda, beharbada abertzaleak ere bai,
zergatik ez, zergatik ez topatu Koldo Mitxelenaren aipu famatuari eusten dioten
euskal idazleak, hau da, “abertzalea baino lehen demokrata naiz”, edo nik
eraldatuta: “abertzalea baino lehen etikoki zintzoa izan nahiago dut”, hau da,
ETAk eragindako oinazea aitortzeko zein beraren biktimen larruan jartzeko
gaitasuna izateko ezta inondik inora euskal abertzalea izateari utzi behar,
euskaraz idazteko abertzalea izan behar ez den aldetik ere, gizaki zintzoa,
etikoa, morala baino ez, hau da, ETAk bere helburuak lortzeko eragindako oinaze
osoa gaitzesteko gai izatea.
Aipaturiko zipriztin horietako bat dugu Aritz
Gorrotxategik oraintsu HITZEN UBERA aldizkarian argitaraturako Gatazka:
literatura eta etika artikulua,
bertan nik honaino idatzitako gehiena bildu eta baita bertsolaritzari egindako
kritika txit zorrotz eta zuzen bat ere biltzen dituena. Nik esango nuke
Gorrotxategiren artikulua euskalgintzarekin kontu etikoak eta moralak kitatu
nahi dituen kritika bat dela, nik aipaturiko lubaki sentsibilitatea edo
alderdikeria ideologikoa salatzen dituen euskal idazle etikoki zintzo batena,
gaurdainoko euskalgintzak ETAren biktimekiko izandako jokaera hotza,
bihozgogorra edota sinpleki arduragabekoa errotik gaitzesten duena. Tamalez,
Aritzen artikuluak guztiz adierazkorrak diren hainbat erantzun jaso baditu,
gaur egun oraindik ere Aritzek euskalgintzari egindako kritikak norbaitzuei
sortarazten dien ezinegonaren erakusgarri betiko eragozpen edo aurreiritzi
ideologikoak direla medio: lubakia. Badugu besteak beste Laia Urangak ZUZEU
aldizkari digitalean argitaratu zuen Gorrotoaren eta maitasunaren oreka
ezinbestekoa izeneko
erantzun bizia, eta agian amiñi bat bortitza ere, hots, nabari zaio Laiari artikuluak
sano erresumindu duela. Honako pasartea Gorrotxategik bere artikuluan aipatu eta
ETAren biktimekiko nolabaiteko sentsibilitatea erakutsi duen Anjel Lertxundiren
Etxeko Hautsa (2011) liburuaren
kontura dator:
“Literatura
batek ez du kritikarik gabe inoiz aurrera egingo eta, kritikarik balego, inoiz
baten batek esana ziokeen Lertxundiri ez dagoela pertsonaiak berak sortzen
dituen eran sortzerik. Pertsonai batek izan behar dituelako ertzak,
anbiguotasuna, izan behar duelako hondo bat eta, bere liburuko pertsonaiek, ez
daukate. ABC egunkariaren eskemetan bete-betean sartzen dira. Baina inork ez
dio esan, eta zuk, idazle zaren horrek, txalotu egiten duzu, ‘etikaren bide
egokian’ dagoelako. “Etikak hil zuen literatura”, esango dute biharko
ikertzaileek, “orretarako, katixima hobea zen!”. Idazle baino, apaiza dirudizu.
Edo audientzia nazionaleko epailea. Falta zaizun gauza bakarra da fiskalari dei
egitea, akusazio ofizial eta ganorazko bat egin dezan zuk bezala pentsatzen ez
duten zure kolega idazleen kontra, sartu ditzaten behingoz kartzelan.”