viernes, 28 de abril de 2017

Ibilbide literarioak



2017-04-27 / Txema Arinas - Idazlea 
http://www.berria.eus/paperekoa/1905/028/001/2017-04-27/ibilbide_literarioak.htm
E
ta Malerrekako nekazal etxearen jabeak esan zigun: «Elizondora joango zarete, ezta? Bertan Dolores Redondok famatutako txantxigorriak dastatzeko aukera izango duzue?». Nik ez nuen inolako asmorik; baina, koadrilako batek behin eta berriz ekin zigun nobela arrakastatsuan agertzen den gozotegiraino joateko. Eskatu bezala, egun berean Malerrekako herrixka batetik Elizondora aldatu ginen. Gozotegia mukuru zegoen, bai, gauza benetan xelebrea duela gutxi arte erdi ahazturik omen ziren txantxigorriak parrastaka saltzen baitziren. Herri osoa turistez gainezka zegoen, alegia, bertako zenbaitzuek esan zigutenez, sekula ez bezala. Ez zegoen dudarik, zela beren kabuz, zela apropos antolatutako ibilbideetako gidarien eskutik, Elizondon bildutako arrotz gehienak Baztaneko Trilogiak erakarriak ziren. Literaturaren arrakasta? Irakurzaletasunarena behinik behin? Edo agian dagoeneko egindako pelikularena? Berdin dio, edonola ere liburu batzuek eragindako erakarpen bat omen zen; beraz guztiz txalotzekoa.


Bestalde, ibilbide literarioak ez dira ezer berria; aitzitik, oso ezagunak dira; esaterako, James Joyceren Ulysses liburuan oinarritutakoak, batik bat Bloomsday famatua, nolabait esanda Dublineko pubik zahar eta jatorrenetan barrena egiten den pintxopote moduko zerbait, Pragan Franz Kafkaren lorratzen atzetik egin ohi dena, San Petersburgon Dostoievskirenen atzetikoa edota Lisboan Pessoa aitzakia, azken hau beharbada ospetsuena oso kafetegi berezi baten aurrean dagoen estatua baten gainean argazki bat ateratzeko parada ematen baitu betiere. Genero beltzak ere badu bere erromesbidea; besteak beste, Edinburgon Robert Louis Stevensonek asmatutako Jekyll eta Mr Hyderen oinatzak helburu, edota, jakina, Sherlock Holmesen aitak, Sir Arthur Conan Doylek, pertsonaia non sortu zuen bisitatzearren. Eta Edinburgon gaudela, nola ahaztu, nolabait ere Dolores Redondoren fenomenoarekin hain antz handia duena, Harry Potter sortu zuen J.K Rowlingen bizilekua, gaur egun egiazko gurlekua azti ikaslearen munduko zale porrokatu guztientzat.



Eta gure artean zer, ez al dago nolabaiteko ibilbide literarioren bat sortzeko aukerarik? Niri otutzen zaidan bakarra Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberriaren ingurukoa litzateke, eta ez, hain zuzen, Donostiako auzoan bertan antolatua, liburuaren atal batean azaltzen den ibilaldi baten kontura baizik, Abaituak, Kepak eta Lynn iparramerikar neska gazteak Iparraldetik Bordeleraino egiten dutena. Bada nire ustez ibilbide saizarbitoriatar peto-petoa, dela darion frankofiliagatik, dela nabarmen den malenkonia sexualarengatik. Izan ere, aukera ederra litzateke niretzat atal horretan bertan hiru protagonistek jan eta edaten dituzten ardo, likore zein platerak gozatzeko, baita Argi Eder ostatua bezalako batean gau bat erreserbatzeko, eta ezer baino lehen, Saizarbitoriak kontatzen dizkigun hainbat gogoeta edo pasadizo goxo eta sakon gogora ekartzeko. Chablis botila bat aldamenean, eskuarki.



Halere, ez nioke inori inoiz aitortuko halako ibilbide bat egin dudanik. Jakina ezetz, halakorik aitortzeak behingoan pedante edo txirriporro harroputz bat bilakatuko baininduke gainerakoen begien aurrean. Baztango Trilogiaren ibilbidea oso bestelakoa da. Bada denbora-pasa guztiz onargarriagoa, hau da, eginkizun herrikoiago bat, inoren sudur zimurtua merezi ez duena, bizi zaren garaiko ohitura edo joerekin bat egiten dakizula adierazten duena, modan dagoena.



Beldur naiz, aldiz, Baztango Trilogiaren ibilbideari, Dolores Redondoren liburuen fenomenoa lausotu orduko, berdin suertatuko zaion. Nik behintzat ez dut uste Baztanen, Edinburgon Arthur Conan Doyleren itzalarekin gertatu bezala, delako trilogiaren oihartzunak iraungo duenik, beste antzerako fenomenoren bat suertatuko baita Aste Santu honetan Elizondoko kaleak bete dituztenak beste norabide baterantz eramango dituena. Bien bitartean, ordea, goza ditzagun txantxigorriak!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...