Oñatin, Arrikrutzeko kubak bisititatzearren, gipuzkoar ikasle talde bat esperoan zegoen. Haurrak, jakina, euren artean erdaraz barra-barra, andereñoak ordea euskera garbian aginduka eta, anderenook elkarri erdaraz ere bai. Beintza bezalako nafar herri euskaldun peto-peto batean, adinekoak euskaraz ari dira, auzoko gazteagoak aldiz erdaraz barra-barra euren artean. Iparraldean, edonora zoazela, berdin Saran edo Barkoxen, aspaldi egiaztatu nuen euskara ez dela hil hurrean, erabat zerraldo baizik; izan ere, aurten ere Baigorriko plazan entzuten zen euskara bakarra nik nire semeei egiten niena omen zen. Euskara desagertu da euskaldunek beraiek halaxe erabaki dutelako, ez kanpotik inork edo ezerk behartu dituelako edo.
Gauzak horrela, eta beste antzeko hamaika adibiderekin batera, nola ez areagotu euskal abertzaletasunarekin ditudan kontraesanak, Alde batetik argi dut euskal abertzaletasun barik ez dagoela euskararik, euskararen aldeko lau katu kenduta, euskal abertzaletasuna errefusatzen duten gehienak euskararen kontrakoak dira, euskararekin zerikusirik duen oro gaitzesten/gorrotatzen dute. Ez dut duda apurrik, etengabe egiaztatzen dut eta: erdaldun gehienek euskara arriskutzat edo oztopotzat hartzen dute, eta behin betiko desagertuko balitz hamaika aldiz hobeto, berdin dio argi eta garbi aldarrikatzen duten edo hitzerdika. Bestaldetik ostera abertzale gehienek euskarekiko erakusten dituzten axolagabekeria zein itxurakeria nabarmenak aintzat hartuta atzo bezalako Aberri Eguna, Korrika zein gainerako euskal erromeria modernoak penitentzia moduko ospakizunak baino ez zazkit begitantzen, nolabait aspaldi uko egin zioten aldian aldiko eta azalezko euskalduntasun bat aldarrikatze aldera, ez baitira ausartzen egia aitortzera, ezer baino lehen erdaltzale hutsak direla. Abertzaletasuna eta egiazko euskaltzaletasuna gero eta kontzeptu urrunkorrak suertatzen ari dira. Edo bestela erranda, euskal abertzaletasunaren barnemuinak Iparraldean frantses turistei saltzen dieten euskal purtzileriatik gero eta gertuago daudelakoan nago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario