miércoles, 7 de junio de 2017

BERE EGIA ESATEAGATIK

H
erri alu honetan inork ez daki mindu edo iraindutakoari barkazioa eskatzen. Kosta egiten zaigu, izugarri, barkazioa eskatzea, gure printzipioetan amore ematearekin parekatzen baitugu, hau da, oker egon garela aitortzearekin. Gauzak horrela, eta Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka odoltsua aintzat hartuta, ez da batere harritzekoa urteetan aurkari izan dugun auzo edo lagun ohiari egindako min edo irainengatik barkatzeko eskatu nahi ez izatea edo ausaz ez jakitea, betiere barkazioa gure porrotaren neurria delakoan, alegia. Barkazioak urteetan borroka sektarioak hedatu eta sakondutako lubakiak birrintzen lagun dezake, bai horixe; baina, inor gutxi da gauza aurreneko urratsa emateko, beti baitarabil aitzakiaren bat aurkakoak berea lehenago eman dezan. Haatik, aurkarien artean barkazioa aurrez aurre, pertsonalki, eskatzea guztiz errazagoa dela iritzita nago maila sinboliko batean baino.


Hau guztiau dator Aritz Gorrotxategiren Koldar hutsa zara nobelan irakurritako pasarte baten harira: «—Aresti ere puteatu zuten, eta orain mitifikatu egiten dute. Azkar ahaztu dute señorito abertzaleek, ezker zein eskuinekoek, Oskorriri arrautzak botatzen zizkiotela Arestiren letrak kantatzeagatik. Aresti bakarrik eta abandonatuta hil zen. Egun batean horretaz ere hitz egin beharko da».


Heldu al da eguna Arestik jasandako bazterketa plaza erdian hizpidera ekartzeko ezker zein eskuineko abertzaleen aldetik? Badakit, Aritzek dioen bezala, Aresti nahikotxo mitifikatua dagoela, kale, plaza eta ikastetxe askok haren izena dutela berak idatzitakoaren kontra; inor gutxik zalantzan jartzen duela XX. mendeko idazlerik garrantzitsuetarikoa izan zela, duda zipitzik gabe euskara batzera gehien lagundu zuena, baita neurri handi batean ere baserrietatik edota Sarako Eskolako liburuetatik, kalera bainoago hirira, eta sekula baino lerden eta duinago, eraitsi zuena ere.


Eta hala eta guztiz ere, Arestik egundokoak aditu behar izan zituen ordura arte euskalgintzako inor esatera ausartzen ez zena argi eta garbi esan zuelako, besteak beste garaiko abertzalerik zintzoenak, edo agian suharrenak bakarrik, gogotik aztoratu zituzten hitzok: «Hemen euskaldun batzuk bizi gara; gure haurrentzat euskal eskolak eskatu behar ditugu (ez hortik ikusten diren ikastola burgesak), hori izanen baita gure libertatea. Ukatzen dizkigutenak izen erreza dute. Baina kale arte honetan dauden erdaldunentzat euskal eskolak zabaltzea, eta bertara erdaldun umeak bortxatu eta behartzea, hori faxismoa da». Jakina, oso eztabaidagarria; baina, Arestik euskal abertzaletasunaren oinarri ideologikoetako bat kolokan jarri zuen. Barkaezina erlijio abertzalearen fededunentzat, bekatu larria euskara urteetan sakralizatu duten guztientzat.


Gaur egun, ordea, kontu zaharra ematen du, gaur denetarik eztabaida daitekeelakoan gaude, ezer ez da bekatu, dena omen da eztabaidagai, bake garaian bizi gara, elkar berradiskidetu nahi dugu. Galdera, beraz, noiz eta nola Aresti edo Imanol bezalakoei egindako min zein iraina aitortzea guk bezala pentsatzen ez zutelako, beren kasa irizten ausartu zirelako.




BERRIA egunkarian agertutako artikulua: 

http://www.berria.eus/paperekoa/1912/031/001/2017-06-08/bere_egia_esateagatik.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...