Gaur goizean entzun dut Euskadi Irratitik lodi ez daitezen aholkuak debalde ematen zituen emakume albaitari bat. Hizkeragatik Debagoienakoa ei zen, nik uste nahikoxo ezaguna ere bai; baina, tira, hona hemen txunditu nauten aholkutxoetariko bat: "ez emun txakurrai otorduetako hondakinak, ogi apurrek-eta, zegattik emuten badutziezue pentsuaz (txakurraleaz) batera, txakurrek bihar baino gehixau gizenduko die", eta ondoren jakina, bere hariari eutsiz, bera bezalako "txakur dietista" batengana jotzea gomendatu die entzulei txakurrak sano, sendo, egotearren dieta personalizatu bat presta diezaien.
Harritu nau, bai, nire etxean betiere otorduetako apurrak eman dizkiegulako txakurrei, beti jakina euren onbeharrez, hau da, kaltegarri suerta zekiekieena aldez aurretik galbahetuz, hezurtxo zorrotzak-eta esaterako. Eta gizendu ez, ez dira inoiz aparte gizendu, etengabe antxintxika egiten baitzuten/baitute, txakur guztiek egin behar bezala, noski. Horrenbestez, ez dugu inoiz inolako premiarik txakurrak dietista batengana eroateko, ez eta gure umeak ere, eta zin dagit txakurrak baino maiteago ditugula hainbat animalistarentzat zeharo arraroa, ego agian eskandalagarria, izan arren.
Ikaragarriak dira, bai, inuzenteei sosak ateratzeko asmotan asmatzen dituztenak, bai. Zer izango da hurrengoa, txakurrendako psikologoa? Tira ba, are harrigarriagoa omen da, baina egon badaude. Jakina, albaitariaren esanetan: "Danok gurou geure txakurrek zoriontsuek izatia, ezta?" Ba bai, baina ez dakit nik gaurkoan geure seme-alabak bezainbeste edo baino gehiago nahi dugun, ez dakit, jendearen lehentasunak hainbeste aldatu dira eta...
No hay comentarios:
Publicar un comentario