viernes, 12 de junio de 2020

HETERODOXOAZ BESTE




HETERODOXOAZ BESTE idatzi dut Hitzen Uberan.eko Komunitatea sailean: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/14836

Gainerakoetan ere oso usu suertatzen da, bai noski, baina susmoa dut euskalgintzan, hain hizkuntza eta kultura txikiak izanda tamalez, estigmaziorako joera ikaragarri bizia, gordina, itsua eta itxia taldetik apartatu orduko. Geurea ezta, ez, eztabaidarako edo edozer gogoeta trukaketarako oso herri emana ez baldin bada uste berekoen artean, hau da, eta batez ere, guk ez bezala pentsatzen dutenekin eztabaidaka egiteko nork bere ideiak, argudiok, harrizko ustekeriak-eta irizpidera ekarriz. Ez, inondik ez, gurean nork beste baten fedearen kontrako zer edo zer esan orduko etsai bilakatzen da fite. Gurean betiere kontrakoari sanbenitoa eskegi behar zaio ezinbestez, edo agian argudiorik ezean. Eta badakigu, bai, delako sanbenitoa behin eskegita akabo, gutarretarikoa ez denez gero sanbenitodunak ezin du ezer ezbaian ipini bere gain daraman bekatuak eragozten baitu. Zertarako harekin deus eztabaidatu beharrik, harekin bat ez baldin bagatoz, baldin badakigu aldez aurretik oker dagoela delako sanbenitoagatik, ezin da bestela esan. Hori da gogora ekarri didana Mikel Asurmendik Luis Haranburu-Altunaren "JAINKOAZ BESTE, Aberriaren idolatria" liburuari aspaldi egindako iruzkina irakurri eta gero. Asurmendik berak argi eta argi adierazten duena bestalde:
"Edonola den ere, saioak kontrobertsiarako ematen du, askorako eman ere. Eta horretarako Doctor Ecclesiae, hots, Elizak ditu doktoreak. “Gure” eliz eta kapera barrutietako pentsalariengan pentsu dut. Komeniko litzaiguke arrazoiz adina zentzu izatea, eta, ideietan bat egin beharrik gabe, euren arteko eztabaida emankorrak gauzatzea errespetuz."
Alabaina, Haranburu-Altunaren edozein liburu sekula aintzat hartuko ez dutenek, berdin dio zein aitzakia, ez dizute haiek bezala pentsatzen ez duelako egingo dutena, haiek bezalako edo bezain abertzale zintzo eta jatorra ez delako, haien fedearen kontatrakoa delako, baizik eta pertsonaiak berak bata edo bestea delako, edo auskalo noiz, nola edo zer egin edo esan duelako/zuelako, bere liburuak kaskarrak direlako edizioaren aldetik edo baten batek daki zer beste estakuru. Edozein aitzakia bere argudio edo ideiei gogoeta benetan zintzo eta sakonak eginez aurre egin baino lehen, hau da, bakoitzaren iritziak irizpidera edo leian jarri aurretik. Ez du merezi, ez da gutarretarikoa, ez da gu bezain euskaldun zintzoa, garbia, esanekoa. Eta horrexegatik ere, Haranburu-Altuna jauna herexe, traidore, etsai edo auskalo nortzuen morroi dute. Izan ere, ez da batere harritzekoa asko eta askok gogoko ez duten izen madarikatu hori hizpidera ekarri orduko halako zerbait botatzea: "Ez etorri nigana tipo horrekin, tipo hori delako..." Eta xelebreena ere, Haranburu-Altunak berak bere azken liburuan zein beste batzuetan ere ondo asko nabarmendu bezala, jokabide hain puritano hori guztiz elkarloturik dago gaur egun modernoa besteko laikoa omen den gure gizartean, eta bereziki euskal abertzalegoan, artean bizirik dagoen zenbait erlijio/kristau zantzurekin, betidanik espainiar gizartearen ezaugarririk agerienak izan direnak hain zuzen ere: gainerakoekiko intolerantzia eta eztabaidaketa luze eta sakonaren beldurra (ea ni nola edo hala konbentzitzeko arriskua ote dagoen...) Bestela esanda, labur bilduz hobeto esanda, gurean aurkakoaren aurrean betiere deskalifikazioa nagusi edo lege taxuzko diskusioa baino lehenago eta edozein aitzakia dela medio. Azken buruan, edozein eztabaidaketa demaseko ahalegin intelektual bat eskatzen du beti, eta ez, aldez aurretik konbentziturik gaudenok ez dugu horren beharrik, badaezpada... Horrenbestez, oso penagarria da egiaztatzea urteak joan ahala egiazko gizarte moderno bat izateko baldintzek funtsean berdin dirautela, tutik ere aldatu ez dutela; alde batetik gu bezain abertzale jator eta zintzoak daude, eta bestetik gainerako guztiak ustezko zein balizko etsaiak. Eta etsaiak beti etsai, inolako begiramendurik merezi ez dutenak. Tira ba, nola ez ekarri gogora ere behin batean Haranburu-Altunak berak esan zidana: "Jakin behar duzu, ezer baino lehen, nirekin argitaratzekotan betirako markatuta egongo zarela euskalgintzaren guruen aldetik, agian zurea egiaz ez den lubaki batean; baina, hala eta guztiz ere besteok bertan kokatuko zaituzte nahitaez, zalantza izpirik gabe..." Eta hau guztiau zerbaiten seinale edo ezaugarri baldin bada hori da oraindik orain herri honen berezko umekeria intelektualaz. 
Txema Arinas
Uvieun, 2020/06/12.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...