viernes, 12 de junio de 2020

IZURRITEKOAK


-Behin berriro Tchaikovskyrekin?
-Ez laztana, ez, Rachmanivov dun, hire gurasoek oparitutako hiru CDak gainera.
-Baina ez al hidan esan ohi errusiarrak atsegin ez hituena, ezin huela idatzi edozein errusiar konpositoreren musika jarrita arranditsuegia, efektistegia, melenga hutsa zelako?
-Bai, maitea, baina hik badakin nik txorakeria asko esaten ditudala.
-Zer idazten ari haiz orain?
-Karlistaden inguruko istorio bat.
-Zein izen ipiniko dion?
-Ba, GUDA ETA BAKEA omen....



Aurtengo lehenengo mamitakoa, Kantauriko hegaluzea arraindegikoek agindu didatenez. Txorakeria badirudi ere enetako hau prestatzea egiazko astindu emozionala izan da, batez ere piper berdeak eskuekin puskatzen ari nintzela nire aitak egin ohi zuen bezala, nik gogoan dudala gure etxean berak prestatu ohi baitzuen. Egia esanda, hain zoragarria atera zait, ezen gehiegikeria bat ere egin dudan nire osasunaren kalterako bizigarria aspaldiko partez bota baitut. Egia esanda ere, euskeraz zeozer idatzi nahi nuela politikaz behingoagatik ez jarduteko aitzakia ezin hobea eta batez ere atseginagoa.


-Nola da hori, astebete barru edo Kantabriatik CAVera bai, Asturiasetik Cantabriara ordea ez, are gutxiago Asturiasetik Gasteizeraino nire ama hainbat hilabete pasa eta gero ikustearren? Baina ez al daude komunitate guztiok 3 fasean, hau da, batetik bestera joateko antzerako baldintzetan?


Benetan diot, oso-oso potroetaraino nago Urkullu jaunaz eta batez ere bilbotarrak Castro aldera zein Errioxa aldera joan ahal izateko etengabeko temakeriaz, hots, haren haustele gehienen interesen aldeko politikaz sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik.



-Aizu, Txema, ba al gaude betiko herrialdekeria hizpidera aterata?



-Bai, motel, ez engainatu zure burua, herrialdekeriak dira gure benetako eta batez ere funtsezko euskal nortasunaren ezaugarriak...



-Gora Euzkadi!



-Biba Euskal Herria!



Lekak prestatzen ari naiz (ez, ez dira argagizkoak, oraindio lapikoan pol-pol ditut eta), eta orduan, ezustean, jabetu naiz gure gurasoek ia astero prestatzen zuten plater bat dela, hau da, txikitandik jan egin ditugula. Halere, edozein jatetxetara zoazela, berdin da tradizionala ala guztiz kontrakoa, ez da batere arrunta izaten lekak etxean bezala eginda topatzea. Bai ordea gainerako guztia, hau da, gure etxeko plater gehienak: legatza saltsa berdetan, patatak txorizorekin, txipiroiak euren saltsan, bakailaua edozein modutan, babarrunak/indabak, potxak, porrusalda, sukalkiak eta abar eta abar. Gauzak horrela, honek guztionek zer edo zer, baten batek daki gure egunerokotasuneko zerbaitekin elkarlotuta edo, zerbaiten metafora balitz bezala, iradoki behar izango zidalakoan nago; baina, benetan, aitor dut, hain nekatuta, aspertuta, nago, ezen paso egiten dudan, alafede.


Etxea garbiketan nenbilela nire bulegoko txoko honetan fijatu naiz ezustean, hau da, non nire bi semeek urteotan, oso takian-potian egia esanda, zehar egindako halamoduzko opari-marrazkitxoak biltzen ditudan. Ezinbesteko parada, eguneroko eta ia etengabeko errietak edo tirabirak, batipat azken asteotakoak itxialdia zela medio, alde batera lagata, bizian egiatan merezi duena gogoratzearren; inork ez zuen bide erraza izango zenik esan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...