Gaur etorri die nire emaztean aitxamak geure txikian urtebetetzia ospatziarren, eta, jakina, niri tokau jat bazkaittekoa prestatzia. Beti eskerrak emuten dostie euren ustetan propio prestaketan dotziedan oro primerakoa dalako, Bai, badakitx nik, bai. Beittu, bestela gaurkua, betiko pintxoak -betiko txakazkuak, pistokuak bokeroi bat gainean eta kalabazinezko tira errebozatuak xingar, gazta eta tomate ttanta bateaz betiak-, bigarren plater moduan txarri masailak ardau baltzetan patata zein txanpinoi basatiekin. Bazkalburuan txikinan amak ekarritako txokolatezko tarta ikaragarri goxoa. Edateko Aragoi aldeko garnacha bat eta Arabar Errioxako Amaren bat.
Lan eskerga, bai, baita oso propio eindakua be; baina, ez eurendako. Bai zera, nire emaztean aitxamak etxian eukiten dittudanien hau guztiau enetako propio baino eztot prestaketan, hau da, amañarreba danok kritiketan edo aittañarreba politikaz serio-serio, hau da, txantxetan eitteko aukerarik emun barik, jardun bitartian nik neuk gozatzeko asmotan. Horrexegaitik etxat bape inporta goixa sukaldian emutia edo auzuan ondio tope leikezen ardaurik onenak ataratia, holakoetan inona baino lehenau nire burua bera zaindu beharrian nauelako. Eztakitx nik oso lotsabakua nazen ala eskuzabalegixa, ez; baina, behin baino geixautan auskalo nori aditu dotzadanez: ondo ulerturiko karitatea norberan burutik hasten da-eta.
*erdarazko iruzkin guztiak ezabatuko die di-da, ez galdetu zer dala eta.
KATXOPOAREN KONTRA ETA ALDE
Gaur San Mateo eguna da, Oviedoko jaietako egun nagusia edo gizena. Halere, ez gara etxetik irten, eguraldi kaxkarra dago eta; baina, ospatu bai, jainegunetako bazkari legeak agindu bezala. Izan ere etxeko andre asturiarrak katxopo bana prestatu digu, asturiar tripaki batzuekin batera, hau da, behar bezala ospatzearren; nik El Campillo botila bat ipini dut mahai gainean asturiar sagardoak kalte egin ohi baitit, pirri-pirri egia esanda.
Katxopo bana, bai. Halere, duela pare bat aste, etxeko andrearen urtebetetzea zela eta, nire itsulapikoa apurtu eta hiriaren alde zaharreko jatetxe oso dotore eta jator batera gonbidatu nuen, non betiko asturiar gastronomiako hainbat jaki edo plater "berrinterpretatu" ohi dituzte ikuspuntu nolabait modernoago edo gutxienez originalago batetik, dena gainera oso prezio txukunean. Hartara, jatetxea gobernatzen duten bi anaietariko batekin hitz eta pitz ari ginela bazkalburuko gisa ateratako La Peral gazta zoragarri goxo, berezi, laranja baten kontura, orain ez dakit Hegoamerikako zein hazirekin ondua edo, katxopoa irizpidera atera zuen esatekoak esanez. Bai, kexu zegoen laguna, ia haserre, aspaldiko partez Asturias aldera etorritako turista gehienak katxopo bila datozelako, katxopoak itzeleko fama duelako hemendik kanpo harribitxi gastronomiko bat bailitzan, hau da, asturiar sukaldeko gainerako eta batez ere egiazko harribitxiei muzin eginez.
- "Cachopu y fabada pel branu. Nun conocen namás, nin quieren conocer. Pero cuando van a otres partes bien que-yos gusta afayar coses nueves del llugar."
Guk, jakina, gure begien aurrean geneukan La Peral gazta laranja zoragarria lekuko izanda men egin genion, beharko; "Bai, ez dago eskubiderik; baina, haiek galtzen dute."
- Amás, que nin siquier ye un platu de categoría, sinón de supervivencia, que nació para dar salida a la carne pasada rebozándola con quesu y xamón ente filete y filete: yá ves tu qué "hito" gastronómicu.
Baliteke, bai, ez dut ezetz esango, eta jakin badakit jatetxeko lagunak zertaz ari zen, zergatik kexatzen zen, asturiar gastronomikoa kosta ahala kosta, ekinaren ekinez, sustatzen, ezagutarazten, saiatzen baitira. Hala eta guztiz ere, "ze gurozue esatia", nire asturiarrak gaur prestatutakoa goxatu ez duelako, primerako txahal okela, Edam gazta, urdaiazpiko samur-samura, perretxikoak besamela ikaragarri goxo batean eta nire emazteak baino egiten ez dakien arraultzirintzea edo errebozatua. Egundokoa, mundiala, plazerez negar egiteko modukoa, azken arnasa izan balitz ni pozarren; zer esanik ez asturiar trikapiak zein El Campillo ardoa bidelagun.
Horrebestez, ezin argiagoa da plater sortzez zein ustez apal edo arrunt batetik posible dela taxuzko harribitxi gastronomiko batera aldatzea, nire emazteak berak katxopoa prestaten duen aldiro ondo asko erakusten duenez. Orain bai, niri, jakina, ez litzaidake burutik pasatuko inoiz eta inola jatetxekoari halakorik aitortzea, jendeak eskubide osoa izaten baitu euren iritzi edo ezinikusiei gogor eusteko, batik bat euren ogibidea nola edo hala zuritzen dutenean; gizalege falta itzela litzateke eta.
Gurdi bat piper bete, patata tortila bat eta hozkailuitik ateratako aurreneko gara(ga)rdoak. Badakit etxekoei piperrak itzel gustatuko zaizkiela betiko lez. Baliteke sukaldean egiten dudana, ezer apartekorik ez izanda, noski, norbaiti gustatzen zaion bakarra izatea. Bai horixe, nire literatura ez zaio inori interesatzen; are gutxiago nire euskarazko gauzatxoak argitaratu nahi ez dizkidaten euskal editore prestu, jator eta batik bat txit abertzaleei. Inori ez zaizkio arduratzen idazten edo egiten ditudan gainerako gauzak, horrexegatik idazle madarikatu bat izan beharrean idazle arrotz eta txar bat izango naiz hil artino. Halere, nire piper beteak izugarri estimatzen dituzte etxean behintzat. Horrexegatik asteburu honetan nire bi seme maiteak prestatzeko erreguka etorri zaizkit, Oviedon San Mateo ez-jaiak direla eta. Nik, aldiz, piperrak betetzea itzel gorrotatzen dut. Benetan diot, nire amak nire etxekoei prestatzen zizkienez niri ere prestatzeko eskaltzen hasi ziren portrozorri malapartatuok. Hori dela eta, eta ezer baino lehen aita aparta eta senar are apartagoa naizenez gero, prestatzeari ekin ohi diot oso noizean behin. Bai jaun-andreok, oso noizean behin piperretako betegarria prestatzea, piperrak betetzea, piperrak arraultza-irinetan pasatzea eta frijitzea lan eskerga zaidalako, egundokoa. Gaur goiz-eguerdikoa nekagarria izan da, zer diot, benetan asper/lehergarria. Ez dakit zenbat orduz sukalde barruan egon naizen, baina frijitu aurretik ere banengoen potroetaraino, bizkarreko min ikaragarria niretzat sukalde oso txikia, baxua, apala delako, zangoak erdi hozminduta, azkenean ere izerdi patsetan eta ondorioz betaurrekoak sudurretik irristan. Ez nekien noiz bukatu piperrekin, benetan neke-neke eta asper-asper eginda nengoen eta. Egia esan, behin baino gehiagotan ere lehiotik jaurtitzekotan egon naiz, hainbeste amorratu bainaiz nik espero baino txikiagoak ziren zenbait piper betetzen saiatu ahala. Halere, bukatu dut, tortilla patatarekin batera, jakina. Baliteke nire amarenak bezain goxoak edo ez izatea, nik uste dut baietz, baina etxekoei beti bezainbeste gustatu zaienez ni pozik ere beti bezala, hori baita, berriro diot, benetan gogobetetzen nauen lan bakarra zinez, gogotik, gorrotatu arren. Edonola ere, badut ustea betiere, eta auskalo zer dela eta, dena erdipurdizka egiten dudala. Izan ere, mahai inguruan bazkaltzen ari ginela ondoen egiten dudana alderreskan atera ditudan garizko zebertzak zurrupatzea delakoan nengoen. Tristea da, bai, oso; baina, ze hostia ba!, egon badaude beti ere gauza tristeagoak.
Eskolara bueltan, txikerrarendako bere institutuko lehendabiziko eguna, ez du lo apurrik egin. Bart 2.00 aldera, ni ohean irakurtzen ari nintzela aieneka etorri zitzaidan, ezin zela lokartu, ea nola konpontzen nion:
- Aizu, bihar institutuan hasiko zara, ezta?
- Bai.
-Gainera zure amari esan diozu ez duzula inork laguntzea nahi, bakarrik joango zarela mutiko koskorra zarelako, ezta?
- Bai noski.
- Orduan zure lo ezina ez da nire arazoa, zurea baino, zuk zeuk konpondu, gaurgero ororekin ohitu behar izango zaren bezala...
- Aita bihozgabekoa!
- Seme potrozorria!
No hay comentarios:
Publicar un comentario