sábado, 20 de noviembre de 2010

ARABAKO EUSKARAREN HISTORIA BIZIAREN LEKUKOA


Aspaldi egin banuen aipu blog honetan Arabako jatorrizko euskararen atzeneko ahatsei buruz, Legutio aldean oraindio bizirik dauden euskaldun zaharrak hizpidera ekarriz. Idatzi banuen zenbait sarreratan Gasteiztik hain urre, 15 kilometrotik behera, dagoen Bilerle herriko euskaldunok mendebaldeko lautadan arestian egiten zen euskararen lekukoak direla, benetako altxor bat gordetzen dutenak Arabako jatorrizko euskararen aztertzerakoan. Tamalez, lagun batzuen lanak alde batera lagata, eta Nafarroako hainbat lekutakoarekin ez gertatu bezala (ikusi besterik egin behar behar zenbat ikasketa zein argitarapen egin den Erronkari edo Saraitzuko euskararekin), Legutio aldeko euskara ez da izan behar beste aztertua eta are gutxiago hedatua. Egon badago zenbait azterketa aditzari buruzkoa (Gaminde, Irizar, Kapanaga...) eta ahozkoaren zenbait lagin ere erakusten liburu eder bat, Imanol Garcia Uriarte eta Inaki Carreraren Legutiano Aldeko Euskara hain zuzen. Hala ere, eta nik dakidala, hizkuntzalaritzaz aparte ez da egin gauza handirik arabar euskaldun zaharren gorabeherei buruz, hau da, euren euskararekiko gogoeta edota sentimenduez, zer-nolakoa den/zen atxikimendu gogoa ala eza, ez eta ere euskararen atzerakada handiaren nondik norakoen gainera.

Edonola ere, orain dela gutxi argitaratu egin dute Arabako Kontzejuen aldizkariaren azken zenbakian Legutiano/Bilerleko atso euskaldun zahar baten testigantza. Atsoak bere ume zein gaztetako bizipenak kontatzen dizkigu euskara zela eta. Lekukotasun ederra eta xumea, oso, baina ikaragarri baliotsu eta batik bat esanguratsua edo adierazgarria gure hizkuntzak joandako mendean bizi izandako desdeina zein zapalkuntzaz. Bestalde, badago Maria jesus Lopez de Bergara atsoaren ahotan behin eta berriro azaltzen den berba bat: beldurra. Honez gain, badago beste gauza bat oso azpimarratzekoa, goraipatzekoa, andre honek euskarari eusteko, hau da, debeku zein arriskuei muzin eginez etxean zein seme-alabekin euskaraz egiteko ohituari eusteko ahalegina. Denok ez zuten egin, ez ziren ausartu, kokilduta bizi ziren euren seme-alabei euskaraz egiterakoan, badaezpada, egia esan beldurrak eraginda edo onartu egin zuten euskara behin betiko baztertzeko agindua, horrela galdu zen Legutianoko bertako etxe askotan eta inguruko herrixketako ia gehienetan, horrela ere galtzen joan zen mendetan zehar Arabako hegoaldetik (Goi Errioxatik hona zehatzago esanda) honaino. Hau guzti honegatik sarrera honi ARABAKO EUSKARAREN HISTORIA BIZIAREN LEKUKOA ipini diot izenburu. Hona hemen Maria Jesus Lopez de Bergararen hitz bakan batzuk:

-Etxean dena euskaraz egiten genuen, baina kalean (herrian) gerra ostean erdara nagusitu zen, beldur handia zegoen euskaraz hitz egiteko. Oso zigortuta zegoen eta hildakoren bat ere egon zen gerra ostean euskaraz aritzeagatik,Elosuko kasu bat dut gogoan. Bestela gu, etxean euskaraz aritzen ginen, gainera nire aititek ez zekiten erdaraz.


-Garai hartan guardia zibilaren koartela herriaren erdian zegoen eta ondoan denda, “el burgales” esaten genion Burgosekoa baitzen. Kontua da dendara iritsi
nintzenean, Guardia zibil batzuen emazteak hor inguruan zeudela. Haiek ez zuten ,nire amak bezala, jorran eta soluen lanik egiten, egun osoa pasioan ematen zuten. Eta ni han ikusita, haietako batek dendariari galdetu zion: -Y esta chiquilla quien es?- Eta dendariak: - Esta es de ahí arriba, de los Vascos- eta besteak:-Vascos? Mira que hay que ser tonto para ser vasco- gu kritikatzen euskaldunak ginelako.

Ni etxera bueltatu orduko, amari esan nion: - Ama, ez egin niri gehiago euskaraz, herrian esan didate euskaldunok tontoak garela-. Eta Amak erantzun zidan:-Eurek kalean agintzen dute, baina etxean nik beraz, kalean erdaraz egingo dugu eta etxean euskaraz-. Eta hala mantendugenuen euskara geurean.

-Nik euskaldunak ezagutu ditut Elosun, Urrunagan eta baita Urbiñan ere. Zigoitian nik neuk ez ditut ezagutu, baina ziurrenik egongo ziren. Esan behar da herri guztietan beldur handia zegoela euskaraz hitz egiteko eta horrek galera izugarri azkartu zuela herri horietan.

-Nire kasuan semeari irakatsi diot, baita ilobei ere. Halere uste dut batuarekin oso nahastua dutela. Herrian orohar, zahar batzuek mantendu dute, baina etxe gutxitan eman da bertako euskararen transmisioa. Dena den gaur egun, gazte gehienek dakite
euskara ikastolei esker eta oso ondo hitz egiten dute.

-Inbiouna da erabili (egin behar duguna da erabili). Nik neuk ez daukat erabiltzeko beldurrik eta beti saiatzen naiz. Hori bai badugu ohitura oso txarra euskaldunok: euskaraz ari garenean ondoko norbaitek ez badaki, segituan jotzen dugu erdarara. Ez dakit zein arrazoirengatik, baina uste dut hori ohitura txarra dela.

1 comentario:

  1. Zeharo ados. Araban gehienek uste dute euskarak Aramaion baino ez duela bizirik iraun. Gainera, pentsatuz hiriburutik oso urrun. Baina hementxe izan dugula, Gasteiz ondoan, ez dugu jakin, edo, ez dakigu oraindik ere.
    Argi dago euskaldunari eragindako beldurrak bere "fruituak" eman zizkiola euskara desagerrarazi nahi zuenari.

    ResponderEliminar

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...