martes, 16 de noviembre de 2010

ERROMANTIKO PORROKATUAK


Goizero bezala Euskadi Irratiari adi, gaur asko estimatzen dudan saio bat, nola esaten da euskaraz..., ba gaurkoan herriz herri galdezka ari ziren irratikoak ea nola zioten zu oso gogoan zaitut edo zu asko estimatzen zaitut, edo bestela esanda, nola adierazten/aldarrikatzen zioten euren bikote/maitaleari amodioaren antzeko sentimendurik.

Esan bezala, saiokoak deika ari dira herriz herri eta baita zenbait pertsonai famatu edo gutxienez gure artean ezaguni. Nik dakidala gaur galdetu dute Eibarren, Bermeon eta Gizpukoako ez dakit zer herritan, ahaztu zait adi nagoenean beste zeregin bati ere ekiten diot-eta. Geroago pertsonaien txanda heldu da, besteak beste Vaya Semanitako Itziar Atienza Galdakaoko aktoresa izugarri ederra eta jatorra, Xabier Perurena antzezlea -bai, Iñakiren semea- eta saio honen ondorengo zenbait solaskide, Markos Zapiain famatua kasuko. Artean ere, hau da, nork bere herrian zelan esaten duen "asko estimatzen zaitut" edo "zurekin gustatua nago" jatorragoa -antza denez gaur egungo gazteek zutaz nago erabili ohi dute, Urrutia eta Kintana gaixoak-, baten batek aitatu du ere behin Juanjo Ibarretxe jaunari entzundakoa bere ezkontza proposamenari buruz. Badirudi gure lehendakari ohiak bere orduko emaztegaiari honako hau bota egin ziola ia ustekabean, erdaraz noski, euskaraz oraindik ez zekielako, edo agian ere abagunea oso berezia, formala, zelako bere ohiko euskalgaiztoan egiteko: "a ver, cariño, parece que nos entendemos bien, que sabemos hacer las cosas como hay que hacerlas; pues eso, creo que esto puede funcionar, ¿nos casamos entonces o qué?"

Jakina, irratian barre algaraka ari ziren gure lehendakari ohi kaskailuaren kontura, hau da benetako euskaldun humorea, eta honekin batera betiko topikoak, hau da, euskaldunak hitz gutxikoak garela, pragmatiko hutsak, ia dena zirt-zart egiteko modukoak, lotsati handiak. Nik, ordea, hau guzti honekin batera ere, gure lehendakari ohiaren pasadizu hau bere sikologiaren oso adierazgarria dela uste dut, zeren bere oraingo emaztearekin hain lotsati, hotz eta mintzul azaldu zena, gero, aberriaz edota bere plan famatuaz ari zenean ikaragarri ausarta, beroa eta ikara/tamalgarrizko berbalapiko erakusten zuen bere burua. Bitxia, benetan oso bitxia eta luze eta sakon aztertzekoa Ibarretxe jauna bezalako abertzale sutsuon bipolarizazio sentimental hau.

Ondoren, irratiko solaskideek azaldu dituzte euren herrietako esapideak. Zapiain eusko-filosofo-bufoiak Bermioko berbetan "asko gorotsut" esan ohi dela erakutsi digu, EHko beste hainbat lekutan bezala, Beasain aldean bertan antzeko bat esaten dela, "nahi/estimatzen dizut", hau da, "nork-nori-nor" Euskaltzaindiaren "nork-nor" adizkera zuzenaren ordez. Zergatia Zapiainek berak azaldu digu hain propio duen bezala, hau da, euskadunak hain materialistak izanda nork-nori-nor nahiago dutela maitalegaiarekin hizketan ari direnean benetan nahi dutena hankatartekoa baita soil-soilik edo gehienbat. Bestalde, Zapiainek argitu digu ere Bermioko esapide hori arrunta zela, gaueko ordu txikietarako oso bestelako bat bazegoela: asako gurotsut...

Edonola ere, nik uste azken honek benetan adierazten duena zenbait zakilberoren erromantizismo makur/gaiztoa edo behinik behin berehalakoa dela, ez besterik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...