Gaur goizean nire aitarekin nire hiriko merkatalgune handi batean erosketan nengoela, badakusat aitak andra batekin topo egiten duela ezustean, hitz aspertuetan luzatu eta beragana jotzea erabakitzen dut. Andrak agurtzen dit bero-bero, ez al haiz nitaz gogoratzen?, ba ez, batere ez, baina, jakina, ezin hori esan gizalegeak itzuli-mitzulika egitera behartzen gaitu-eta. Gainera, badakit berak ondotxo ezagutzen nauela, beraz akordura ekartzeko ahaleginetan egin behar nuke lipar batez. Izan liteke, noski, nire aitak ileapaindegia zuenekoa, auzokoa ez baita, ez dut uste, ez dut gogoratzen behintzat. Ba ez, nire eskolakide ohietariko baten ama da, Arangurenena, berak berehala azaldu bezala, nire anaiari lagun-eskolak eman zizkion neskatoaren ama gainera. Piperrik ez, sentitzen dut, ahaleginak ahalegin baina nik ezin dut akordura ekarri andra mozkote eta begiko hori. Baietz ba, Arangurenen ama naiz, orain bai, gogoratzen nauzu. Arrapatuta, berak bazekien nik ez nuela akorduan eta aurreratu egin zait badaezpada. Ah, bai, jakina, Aranguren, eneeee, aspaldiko, badira, zenbat urte elkar ikusten ez dugula, hogei, hogeita hamar? Zer moduz zure semea? Bai, zure semea, ez bainaiz Arangurenen izenaz akordatzen nahiz eta nire txikitako ikaskide ohi gehienenenaz ondo asko, ederto, gogoratu arren. Patxi oso ondo, bi seme-alaba ditu eta pizzeria txiki bat zabaldu du Alde Zaharrean bezeroei eramateko pizza puskak saltzearren. Tira ba, poztutzen naiz ondo joateaz, jakina baietz. Baina duda-mudatan nago, Aranguren Patxi al zen?, badakidalako anaia nagusi bat zuela eskolan bertan, ondo asko gainera gogoratzen dudala tipoa astapotro galanta zelako, kaskamotz peto-peto bat, gaztetan gure artean oso famatua tribu urbano baten kide txit xelebrea zelako, entzunak ziren, oso, beren liskarrak, hots, berak nola edo hala eragiten zituenak, bazenekien, gainera, zure inguruan edo borrokaren bat edo egon ezkero Aranguren laster tartean zegoela, ezinbestez. Anaia txikia, aldiz, klaseko enpolloietariko bat zela gogoratzen dudala, mutiko zintzo-zintzo bat aparteko notak ateratzen zituena, inolako iskanbilarik sortzen ez zuena sekula, hau da, anaiaren iruntzia.
Zer esanik, etxera heldu orduko nire logela zaharreko apaletara jo egin dut nire eskolako urtekari are zaharragoren bila, non nire eskolako ikaskide ohi guztiok agertzen diren ikasgelaka eta baita zuri-beltzeko argazkietan ere. Bazen aspaldi ez niola begiratu bat ematen, lehen ostera maizago egin ohi nuen hemen bizi nintzela nire hainbat ikaskide-ohirekin topo egin bainuen kalean ustekabez, eta horrekero, noski, segituan urtekariaren bila ea zelan edo zenbat aldatua zegoen asmatzearren.
Eta bai, hor zegoen, Arangure, Patxi ez zena Francisco ez dakit zer baino, orduan ezin baitzen goitizina erabili, debekatuta zegoen, urtekaria bera den-dena erdara hutsean dago ere, garai zaharrak, batzuendako ilunak eta Jainkoarren urrunak ere bai. Eta bai berriro ere, Arangurenen argazkia ikusitakoan akordura ekarri egin dut atoan mutikoa ezin zintzoagoa zela. Egia esan, gainontzekoen aurpegiak akordura ere ekarrita ia guzti-guztiak izugarri zintzoak ginelakoan nago. Ezin besterik umemoko batzuk baino ez baikinen, txiker-txikerrak. Eta bada ere benetan txundigarria hain umeak izanda zer-nolako antzekotasuna nor bere musuan urteak pasa ahala, hots, koskortutakoan, bilakatu egin garen gizonezkoekin. Hunkitu egin naiz ezinbestez, gauzok ez zitzaizkidan lehen gertatzen baina orain bai, orain halako edozein huskeriagatik hunkitzen naiz, nik uste honi zaharkitzea deritzotela. Eta zer-nolako oroitzapenak, noski, urtez urte elkarren ondoan nola nagusitu garen, zertan eman dugun, non dagoen bakoitza, norekin edo nola, igarri eta gero. Haietariko asko eta asko ez duzu behin berriro ere ikusi, beste batzuk ostera ez zenituzke sekula ere ikusi nahi, banaka batzuk ere noizik behin, beharbada txitean-pitean ere, ikusi ohi dituzu Gasteizera bueltatzen zarela, gehienekin hiz aspertuak egin ohi dituzu, bestetzuk ordea zu ikusi eta . Izan ere, baduzu nola edo hala, gehienetan zure gurasoek edo beste lagun batzuek ematen dizutelako, askoren berri, eta bai, jaun-andreok, zenbat eta zelan aldatu garen, beharko! Hala ere, zenbait oraintzapen eta denetarik gainera, goxoak zein garratzak, bizitza bera bezalakoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario