"Gosaldu berri, barrenak nahastu zizkidan bideo aurrerapenak. Ez dut uste beharrezkoa denik arrazoietan sakontzea, begi bistakoa da zer egin duten kantuarekin, esanahia ebatsi, hutsaldu eta desitxuratu. Errespetua galdu. Zikindu. Ez dut imajinatzen Ku Kux Klanekoak Strange Fruit abesten telebista publiko batean.Ni, euskaldun, Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohi, kazetari, musika zale eta euskaltzale gisa, iraindua sentitu naiz, erasoa, neure barruko zokorik intimoenean kolpatua. Eta min egin dit alderdi abertzaleak laidoaren neurriaz ohartu ez eta pantomima horretan parte hartzeko prest azaltzeak, edota oharturik ere uko egiteko gaitasunik ez izateak, eta tristatu nau Laura Mintegi Euskal PEN Clubeko presidentea ere, Egunkaria-ren auzia munduan ezagutarazteko lan handia egin ostean, bideoan ikusteak."
Goiko hau delako Eskisabel batek idatzi du, badirudi oso euskaltzale eta abertzale sutsua dela, badirudi hori guzti hori izanda bere burua nolabait behartuta sentitzen duela berak ez bezalak pentsatzen dutenak gorrotatzeko, edo gutxienez gutxiesteko. Gainera, kazetari dugu, badu beraz, nire ustez behintzat, bere gorrotoa plazaratzeko aukera, hots, non nola edo batik bat nori zuzendu, nor arerio bihurtu. Antza denez Eskisabeli ez zaio batere gustatzen haren sokakoak ez direnek Ruperen kantu ezaguna bere egitea, eskubiderik ez dutelakoan dago, irain gisa hartzen du-eta. Bada, beraz, Jon Eskisabel oso tipo adierazgarria EHko minbizirik handiena ulertzeko: alderdikeriak. Urteak pasa ahala, hainbeste bidegabekeria sufritu eta gero, hainbeste elkarri hainbeste kalte eta min eragin eta gero, badaude Eskisabel bezalako gizakume tematuak, etsaiarekin konpontzeko ahaleginetan egin beharrean guztiz kontrakoa egiten saiatzen dena, gorrotoa lege dutenak, gorroto hori egunez egun ureztatu behar dutenak, euren alderdikeria sekula alde batera utziko ez dutenak, premiazkoa baitute nola edo hala euren buruak zuritzeko, auskalo. Eredu paregabekoa Eskisabelena, elkar adiskidetzarako haren harri koskorra ekarri beharrean elkarrenganako gorrotoa edota ikusezina hauspotu gurago du, halako kaskamotzekin nolatan harritu behar gero gaurdaino pairatutakoaz.
Sarri askotan EHk aspertzen nauela esan ohi dut; baina ez da egia, ezta maite dudan herria nire onetik ateratzen nauena, bertan bizi den bihotz zein buru gogorreko hainbeste eta hainbeste listopasatu eta egoskor benetan eta gogotik aspertzen nautenak. Badago, behintzat, gorrotoaren legea maiten duen kaskamotz andana, gure iragana izugarri ozpindu duena, elkar bizitza nekeza, tristea, egiteko su eta gar ari direnak, ondokoa kosta ahala kosta gaitzesteko motibo franko asmatuko dutenak, aukoari muzinka dabiltzanak badaezpada, badaezpada haiek bezain abertzaleak edo euskaltzaleak, haiek besteko garbi-garbiak ez diren. Gogoratzen dut Benjamin Prado idazlearen liburu baten izena "Mala gente que camina", aintzinako Torquemada zein gaur egungo Eskisabelen ezpalekoak, hain zuzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario