Ezer
baino lehen, banuen gogoan etengabe, beti, ohituraz, gaizki pentsatzen ari
direnen gainera zer edo zer idazteko, susmoa baitut halako jendilajeak
inguraturik bizi naizela edonon eta edonoiz, edo bestela esanda, ez dagoela
modurik inorekin, edo gutxienez zure betiko adiskidea ez den inorekin, behar
bezain gizalegetsu konpontzeko, ez besterik. Baina, ez, nagiak ematen dizkit
horrelako gogoeta egiteak. Eta gainera zertarako ote? Hobe esanda, gainera zer
dela eta beti berdin, hots, betiko kontuak gora eta behera, gogoan sartu
zitzaidanean banenbilen ni asko erresumindurik auskalo zeren kontura, gaur ez,
baretu naiz, atsekabea zeharo joan zait.
Horrenbestez,
goiko argazki ederra ikusi dut hor nonbait, eta zera akordura ekarri dudan
ezinbestez: Senegalen egon ginenekoa bi lagun eta hirurok. Aspaldi samar bai,
baina guztiz gogoragarria itzel pasatu baikenuen, itzel txunditu egin
baikintuen herri hark, bertan ikusi zein bizi izandako ia guztiak. Beharko,
faunari baino ez genion erreparatu behar sor eta lor geratzeko etengabean.
Afrikan geunden, bai, baina inondik inora telebistako dokumentaletan azaldu ohi
dena, hau da, Serengeti bezalako alderdiak, sabana edo oihan bete animalia edo
piztia. Senegal aldean, aldiz, ez zen posible halako dokumentalak errodatzea,
bertako fauna guztiz bestelakoa baitzen Kenia edo Tanzaniakoaren aldean,
Senegal Sahelen zati bat da gehien bat gehi oihan-alde xume bat hegoaldean,
Casamance aldean non tropikoa hasten den doi-doi. Senegal barrenean ez dago jadanik
animalia edo piztia handirik, gehienak erkastu egin baitira ehiztariek
garbituta arestian; edo berriro ere bestela esanda, ez duzu topatuko inolako lehoirik
edo elefanterik ez baldin bada hirietako azoketan bertako artisauek bolinez
eginak.
Hala
ere, fauna txikia nagusi da eta ikaragarri ugari zein bitxia geure
lurraldekoaren aldean. Geurean txikia den zomorro, zarrapo, musker, sugandila
edo antzerako animalia gehienak bertan hamaika bider handiagoak izaten dira.
Besteak beste goiko argazkian agertzen diren marraskiloak edo barakurkuiloak.
Ikusi beharrekoak ziren ilunkaran ostatu genueneko ingurumarietan, barra-barra
eta nonnahi. Ikusi zein usaindu beharrekoak zeren gauetan paseoan genbiltzala
ia ezineskoa suertatzen zitzaigun, guri eta edonori, ilunpetik gindoazela
ozta-ozta, marraskilorik ez zapaltzea, hots, ibilian etengabeko kriskitin-kriskitin
bat, koitaduak. Ezin igarri, beraz, zer-nolako kiratsa zapaldutako
marraskiloena, benetan sarkorra eta, nolabait esateko, heze-hezea, baliteke hil
berri izandako abere baten zilbor-hesteak bezalakoa. Benetan bitxia eta
xelebrea, bertako marraskiloak zapaltzeko ohituta ez baldin baduzu, hau da,
pena ematen baldin badizu barakurkuilo arrunt eta koitadu bat hiltzea ezustean
edo, zer esanik ez marraskiloak ia katu baten tamainakoak direlarik.
Bai
horixe, bertako fauna txikia zoragarria zen, gorago esan bezala, handia zein
ugaria, marraskiloak ez baitziren mutazio bat nozitu bide izandako animalia
bakarrak, hobe dugu ez gogoratzea eltxo, zarrapo, musker edo gainontzeko
mozorroen tamaina, benetan ikaratzeko modukoak direla esatearekin aski da,
batez ere gauerdian esnatzen zarenean ustekabean eta zure moskiteraren gainean
topatzen dituzunean, gizonezkoak ginen aldetik ez genuen garrasirik egiten,
ozta-ozta ere.
Tamaina
zein kopurua, handiak ez direnean milaka izaten direlakoan bainago. Besteak
beste karramarro beltzak, hondartzetan antxintxika aritzen direnak. Senegal
aldean gauean hondartzara jo, bertan linterna isiotu eta argiak artazien gisara
zabaltzen zuen milaka karramarrok irundako mihise beltz bat ikusten zenuen,
zoragarria bai. Bazen bertako naturak eskaintzen zizun hainbat ikuskizunetako
bat, eta ez bazen ikustekoa, baliteke jatekoa, manglaretako ostren antzera. Ez
zuten parekorik itsaso hotzetakoekin, baina, aparteko estakuru genuen bertako
jendearekin manglareko adarrekin egindako sute baten ondoan hitz eta pitz egite
aldera ostrak erre eta jan bitartean garagardoak tartean ere bai.
Esan
bezala, natura zoragarria da, areago tropikoan edo gure ingurukoaren aldean,
bertan dena bitxiago eta ugariago suertatzen baita, bertan dena biziagoa eta
errazagoa begitandu bezala, agian animaliekin baino gertatzen ez dena gizakiak
azken buruan eta ondo ezagutu ahala beti antzerakoak erakusten baitira edonon.
No hay comentarios:
Publicar un comentario