lunes, 11 de febrero de 2013

EUGURALDI LORRINAREN MENPEKO PENTSAMENDUAK


Badakusat nire bulegoko leihotikan Oviedo inguruko mendilerroa zuri-zuri eginda. Goiko tontorretan edurra mara-mara omen eta hemen hiriko botxo honetan ordea euria ari du etengabe gau eta egun. Bai ikuspegi eder eta hotza, bai eguraldi kaskarra eta aldi berean ere ederra, izugarri atsegin baitut, ezinbesteko egia esan neguminean gaudenez, zeren bazen garaia gainera horrela izan zedin, nola bestela Asturias Paraíso Natural ez baldin badu euririk egiten, nola izango dituzu larre-zelaiak orlegi-orlegi, kantauri orlegi bizi eta ezinbesteko hori, lurra ondo asko garaztatzeke. Bien bitartean, hotza eta hitsa nagusi hodeipean, leihoaz bestalde zabalean, langarra eta zaparrada tartekatzen dira egunean zehar, euri tantek gero eta gogorrago joz duplexeko leiho makurretako kristaletan zarra-zarra, orduak aurerra joan eta erauntsia areagotu ahala belarrietan tiriki-trauki eta guzti egiten didatenak. Nire bulegotxoko lau pareten artean hertsi eta ganduren-manduren eginbeharreko guztia behin egin eta gero, nire aitamaginarreben herriko basetxetik itzuli behar den nire familiaren zain, ordenagailuaren aurrean ea nola taiutu gogoan dudan errelatoa, ditxosozko errelatoa, ezinezkoa ote. Baina, izan gaitezen serioak, esan dezagun egia, nori ardura dion benetan errelato hori, areago, zer dela eta norbait ezezagunek irakurriko luke nire errelatoren bat? Zertarako, hortaz, ezer idatzi behar zeharo arduragabekoa den gizarte alu honetan, denborapasa moduko ipuin arinak baino nahi ez dituen gizarte banatu eta tribuzale honentzat, ahanztura iraganeko aje zein kalteetarako sendabide nagusi edo bakarra duena, inolako hausnar sakon eta eskuzabalean murgildu aurretik iraganeko ezbeharren kontura nolabaiteko etekinik atera nahiago duena, aurrekoari sekula berea ez bezalako inolako errelatorik egitea onetsiko ez liokeena. Zertarako ekin inolako errelatorik idazteari ez baldin badala balizko handiustekeria bat nola edo hala gauzatu ahal izateko. Ez al litzateke egokiagoa, zuhurrago eta batez ere errazagoa ipuin edo eleberri beltzak idazteari eustea halabeharrezko idazestua asetzearren. Total, okerrago ezingo duzu egin. Horrelako gogoeta ilunetara kitzikatzen naute eguraldi lorrinak zein itxialdiak. Zergatik ez utzi dena bertan behera eta benetan bizitzeari ekin, hau da, zeharo axolagabe? Ageri da, behintzat, beharrean nagoela nire neskalaguna eta bi semeak hainbat arinen etxera daitezen, badut eurek sortzen dituzten azantz zein nekeen premia,berebizikoa, bestela pentsamenduak gaurko zerua bezain ilunak bilakatzen zaizkit-eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...