jueves, 14 de febrero de 2013

AMAREN ESKUTIK


Banoa arineketan amaren eskutik eskolara bidean. Etxetik berandu irten gara ohiko bezala.  Baina, ez da harritzekoa amak dena bere gain hartzen baitu, sukaldeko lana zein ni atondu beharra kalera irteteko. Aita, ordea, lantokira ihes eginda badago aspaldi. Egunean baino egunean aztoratuago iristen naiz eskolara, gehienetan arnasestuka eta maiz ere ia narrasean amaren eskutik. Ez zait batere gustatzen eskola. Egia esan gorroto bizia diot eskolari, bertan egunik egun topatzen dudan hainbat irakasleri batik bat. Eta bai, Txusma izengoitiko irakasleaz ari naiz, pairatu behar ditudan irakasle gozage guztiotariko egiazko basapiztia, sasiko galanta nire aitak usu esan bezala bere nagusia hizpidera ekarrita. Beldurrak nago betiere bere eskoletan. Mate eta Natura irakasten dizkigu. Ikasgai gogorrak, bai, agian gehiegi ni bezalako umemoko batendako, natura eta marrazketa gurago ditudan aldetik. Hala eta guztiz, ez naiz ni Txusmak gehien jotzen duen ikaslea. Izan ere, badira nire ikasgelan mate edo fisikan arrats dorpeagoak diren beste haur batzuk, hilero hiru suspensotik gora ateratzen dituztenak, horiek izaten dira Txusmaren egur gehien jasotzen dutenak erregelaren bidez zein maiz ere zartakoka. Besteak beste Olartek berak, nota kaskarrenak ateratzen dituen koitadua, hainbeste egur jasotzen du Txusmaren bitartez ezen Arotza eta guztiz esaten baitiogu, ozta-ozta barre zantzoka, inoiz ezin baikara fido irakasleak bere biktimari ezustean jaregin, gugana betozkoa jarrita jiratu eta bere erregela aluarekin zein eskuarra zabal-zabalik txora-txora eginda egur emateari eustea . Behin batean, ordea, Olartek auskalo zertan huts egin zuela, berari adar joka ari zen Txusma delakoa bere ustez gure ikaskide gaixoaren ohiko ezgaitasunaren kontura. Agidanez Txumak ez zuen aski Olarte denon artean hitzez lotsaraztearekin eta kokoteko bat eman zion. Orduan, Olartek ezin zuen gehiago pairatu eta bera ere hain kakanarrua izanda eta guzti irakasle ñarroari oldartu zitzaion ukabilka. Gu denok harri eta zur geratu ginen. Olarte ikastetxetik bota egin zuten hilabetez. Arotza kankailua bezain ausarta omen da.

-Martin, arren, berandu goaz-eta! –amak errieta egiten dit tipi-tapa ibili beharrean tirriki-tarraka noalako.

Denon antzera ni ere Txusmaren beldur naiz etengabe.  Ez dit egur handirik eman, bizpahiru aldiz bakarrik eta ia beti astero ditxosozko kalkuluagatik, oso urduri jartzen naiz-eta ahozko zenbaketak eginez, askotan ere Txusmak  azkarregi egiten ditu eta oharkabean edo trabatzen naiz emaitza ezin hobeto jakinda ere. Orduan, niri begira zorrotz bezain errukigabe, berriro kalkuluan egiteko agindu eta berriro ere zuritan geratu nintzenez gero egundoko belarrondoko bat eman zidan astapotro gorrotagarri horrek.

-Aizu, ama, zer dela eta dago hainbeste jende aurreko semaforoaren ondoan? –galdetu dut ama pila dagoela euren haurrekin eskutik hartuta argi berdearen zain gauden errepidearen bestaldean ikusi eta gero.

Alabaina, baldin badago benetan, gogotik, mindu egin nauena, hori ez zen izan niri emandako inolako zartakorik, baizik eta Txusma nazkagarriak behin ere adiskide dudan Joseani egin ziona. Bageunden Natura eskolan eta Txusma alua galdezka ari zen landare mota ezberdinez. Joseanen txanda zen klorofila gabeko landare baten izena eskatu zionean. Joseanek, aldiz, ideiarik ez. Nik uste bera ere zuritan geratu egin zela niri behin baino gehiagotan suertatu bezala Txusmaren aurrean. Zein landare motak ez du klorofilarik, zein landare ez da berdea gainontzeko gehienen modura?  Txusma odolgosea Joseanen musutik gero eta gertuago deiadarka. Aitzitik Josean gaixoa gero eta zurbilago. Txanpi, txanpi, txanpi… kantuka hasi zen eskola ematen zigun basapiztia txaparra,  eskuak zabalduz berari laguntzeko eskatu ere egin zigun gainontzeko ikasleoi, denok batera “txanpi, txanpi, txanpi”. Eta bat-batean,  ikasgelan barre-algarak nagusi zirela, irakaslea Joseanen buru gainean kolpeka hasi zen bere bi esku ahurrez amaigabekoak begitandu zitzaizkidan hainbat minututan. Orduan bai,  lehendabizikoz gizabanako baten heriotza desiratu nuen.

-Zer gertatzen da,  nora zoazte denok? –galdetu egin zion nire amak argi erdea piztu orduko gure parera iritsi zen aurreneko amari.


-Nora ba, etxera bueltan, Franco hil da-eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...