miércoles, 27 de febrero de 2013

URPERRIKOAK (idazteko laginak-eta)




-Emen? Emen eon da basorik eon denik elegantiena emen, or, urek artu dau!, or, ure dauen lekuen, or inguru ori dana… ala… alako basorik ezta´ongo Españan igual!
-…bai, pantanue, karo!, oin urpeien dau dana ta!, esebes, oin urek, urek ondatu gaitu emen dana! Polite… bai, bai, oi!, or selai, terreno andidxek eguesen or, selai andidxek, ene or!, e…ermosura bat san, ba oin ura ikusten da!

Joandako asteburuan hitz aspertuak egiten nituen telefonoz Gasteizko lagun batekin nik argitaratutako gure lurraldeko euskarari buruzko liburu baten kontura, laguna liburuan bertan bizpahiru aldiz aitatu egin baitut aspaldi beste lagun batekin batera idatzi zuen LEGUTIANO ALDEKO EUSKARA liburua dela kausa. Esan bezala, egon ginen berbetan luze eta gehiena Arabako euskararen nondik norakoez, bio izugarri interesatzen baitzaigu gaia, berak ikasi duelako, filologoa den aldetik eta nik aitaturiko liburua hamaika ageri eta liburu erabili behar izan baititut. Izan ere, eta aspaldi honetan gaiaren gainera hainbat liburu argitara irtenda ere, besteak beste Koldo Zuazorena euskara hutsean, Arabako euskararen historia ez da batere ezaguna ez eta arabarrek beraiek ere. Oro har, jendeak ez daki gure lurraldeko azken hatsak edo aztarnak Gasteiztik ozta-ozta hamabost kilometroetara topa ditzakegula, Legutio udalerrian, bertan eta artean bizi baitira jatorrizko azken euskaldunak, gehienak nahiko adintsuak, noski, Franco garaiko euskararen kontrako jazarpena hain gogorra izanda transmisio katea apurtu egin baitzen nolabait. Hala eta guztiz ere, eta Imanolek berak gogoratzen zidanez joandako zapatuan, bertako euskal hiztunen kopurua gehienok uste dutena baino handiagoa da, ehunetik gora. Tamalez, eta batez ere Arabatik kanpo bertako euskararen gainerako gauzak aipatzen direnean ez dituzte Legutio aldeko euskaren aldeko nondik norakoak aintzakotzat hartzen, ez hiztunen kopuruarena zein hizkera motarenak. Eta badago, noski, Imanol bezalako euskal filologo batentzat jorratzeko asko, bertako hizkera, bizkaiera edo mendebaleko euskara izanda ere badu bere xarma berezia hegoaldekoen den berbeta den aldetik, ziur asko Gasteiz inguruan egiten zena ez hain aspaldi, lehen esan bezala hamabost kilometrotik behera baitago Legutio udalerria, eta honetan zenbait herrixka are gertuago, Urrunaga kasuko. 

Dena dela, bertako hizkeraren nondik norakoak Imanol eta enparatu ikerlarientzat ikasgai ezin oparoagoa. Nik irakurriko ditut gogara euren ikerlanak, noski, baina sasi-idazlea edo naizen aldetik badago zonalde horretan aspalditik biziro erakartzen nauena euskararen azken hatsen lekuko bizien gaiarekin batera. Esan bezala, badut gogoan liburu bat idazteko non bertako euskaldun zaharrak eta, hortakotz, gehienak halabeharrezko agure-atsoak protagonistak izango ziren. Agure-atsook ostera hiriburuan biziko lirateke, hots, eta nolabait esateko, euren herrietatik at baina aldi berean ere izugarri hur. Deserrituriko agure-atsoon oroitzapenak, pasadizoak, barne-kezkak eta arrangurak lirateke nire nobelaren ardatza, hau da, istorioak harilkatuko lirateke pertsonaiei etxeak eta lursailak erauzi eta agian ere hirira ezarri zituen pantanoen eraikuntzaren inguruan. Hori dela eta, nire agure-atsook Urperrikoak lirateke, urpean dagoen herrikoak, urpean geratu baitzen euren jaioterria, euren bizimodua ere urperatu bezala eta harekin batera hainbat gauza. Balitzateke ere urtegietako pasaiak edo ingurumarietan bizi izandako hainbat pasadizok iradokitako nobela bat.
Nolatan egin nobela hori agure-atso hauek protagonista izanda. Jakina, hor dago lehengai idazlearen irudipena zein idazteko abilezia, baina, berezko dokumentazioa hain garrantzitsua ez izanagatik, nik sortuko dudan herrialdeak Arabako urtegiak erreferentzia baino izango ez baititu, bertako euskaldun zaharren egiazko testigantzak aldiz izan dakizkidake txit lagungarri, inspirazio iturri hutsa. 
Egia esan, bazaizkit lagungarri,  oso, Imanol lagunak nik gorago aitatu dudan guztiaren gainera aipamen bat baino gehiago bildu egin baitzuen bere liburuan bertan agertzen diren euskaldun zaharren ahotik. Ikaragarria da, baina Imanolen liburuan nire balizko nobela horretarako hamaika lagin topa dezaket idatzi nahi nukeen nobelako pertsonaiek atzean utzitako bizimodua edo garai osatze aldera. Laginak Urperriko biztanleen bizitzei buruzko zertzeladak baino ez lirateke, gogoeta egiteko aitzakia hutsak, irudimenari esker haritik tiraka sortuko liratekeen istorioak urtegietako alderdia gogoan eta bertako biztanleen bizipenak estakuru.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...