viernes, 22 de febrero de 2013

EZ ETA ONDO IRAKURTZEA ERE...




Hegoaldeko Euskaldunon legezko estatuburuaren ordezkoak, On Felipe Borbonekok, ez daki euskaraz, eta eskatzea ere gehiegizkoa omen; baina, hitz bakan batzuk behintzat ondo ahoskatzea ez litzateke batere ezegokia nahitaezko manupeko gaituenonekiko guztiz gizalegezkoa baizik. Hala ere, badakit, ziur nago, bere gainontzeko azpitiko gehienek guztiz demasekoa deritzotela eskakizun horri; zer dela eta, gaztelera da-eta espainiar guztion hizkuntza nagusia. Eta nik uste dut ere  lekuz kanpokoa begitanduko litzaiekeela galdetzea norainoko zilegi litzatekeen euren estatuburuak, edo halabeharrezko oinordekoak, euren hizkuntza ez jakitea. Noski ezetz, ez lukete ez ulertuko ez onartuko, Espainiako estatuburuak gaztelera jakin behar da nahitaez, gainontzeko hizkuntzak, ofizialak izanda ere, hutsaren hurrengoak estatuburu baten kurrikuloan, denok ondo asko baitakigu gainontzeko hizkuntzok oztopo baino ez direla estatuaren egiazko batasun zein ezinbesteko uniformizaziorako. 

Badakit nik ondo asko ere, behin gehiagotan halako iritziak aditu beharrean egon bainaiz bizi naizen txoko honetan, azken buruan bizi naizen txoko hau egiazko Espainia omen da eta gainerako guztia konkistatutako lurraldeak, euskara, katalan eta gailegoa nazionalista gaizto eta petralen tresnak baino ez direla Espainia zatikatze aldera. Bestela, zer dela eta hainbeste garrantzia eman nahi euren jatorrizko hizkuntzei, zer dela eta ez duten haiek bezala egiten euren jatorrizko hizkuntzarekin, asturiarrerarekin, zergatik ez baztertu erabat, edo ahanzteko behartu, edo hedabide guztietatik erauzi, jendeak behar bezala berbetan egin dezaten, hau da, gazteleraz, ikasi eta landu merezi duen hizkuntza bakarra bertako gehienen ustetan.

Gurean badaude antzerako iritziak, noski baietz, dauzkatenak ez dira aldarrika egitera ausartzen beharbada, baina egon badaude, eta zenbat eta hegoalderago jo, gero eta errazago izango zaizu halakorik entzutea. Gogoratu besterik ez dugu egin behar Euskal Herria irratiarekin gertatutakoa, gezurra ematen baldin badu ere Iruinerriko euskarazko irratiak ez du emititzeko baimenik Nafarroako agintariek etengabe muzin egiten baitiote euren zergapekoen kopuru txit esanguratsu baten eskubideari; nola ez, aitzakiak aitzakia denok badakigu agintariok euskara errotik gorrotatzen dutela, gauza benetan harrigarria euren eskualdeko ondare oparo eta garbi-garbia den aldetik, baina.

Alabaina, eta agidanez geurean ere euskararen aldeko jarrera nagusi denez gero, iritziok ez dira oso maiz entzuten EHko plaza gehienetan, aurkakoek isilik egon nahiago dute badaezpada, hau da, aldekoekin liskarretan hasi baino lehenago, badakitelako agian gutxi direla, beraz, ez du merezi saiatzea ere. Bada ene uste apalean itxurakeria galanta, euskararen kontrakoak nonahi sortzen baitira aurreneko aukera izan orduko, hau da, atzerrira doazela edo aldeko inor aurrean ez dagoela ziur egonda ere.

Ezta beraz batere harritzekoa euskararekiko jokabide etsai edo itxurazale honek Hegoaldeko zein Iparraldeko euskaldunon ondoeza zein eskizofrenia hutsa sortzea, euren hizkuntza bigarren mailakoa dela eta gainontzeko estatukideek kolokan jarria edo gaitzetsia dakusatenean; gutako askok aurkakoei men egin nahiago dute kanpoan zein etxean daudelarik, hots,  beraiek ere euskararen etsaiak bilakatzen dira aurkakoen argudioei men eginez, ala guztiz kontrakoa, euskararen eskubideen aldeko militante sutsu eta kementsuak bilakatzen dira, Espainiako errege zein erregeordeari euskaraz irakurriz gutxienean ondo ahoskatzeko eskatuko lieketenetarikoak. Hauek erradikalak lirateke, elkarbizitzaren etsai peto-petoak ere bai, auskalo zer gehiago; besteak, ordea, fede oneko espainiar hiritarrak, edo hori behintzat zertan datzan ezin hobeto ulertu egin luketenak.

Eta Hegoaldeko euskaldunen gorabeheretaz ari naiz soil-soilik, zeren Iparrraldekoenetaz jardutekotan Hendaiako ikastolaren auzia irizpidera ekarri behar eta hau oso-oso luzea egingo litzateke


*suminaldi hau idatzi bitartean nolabait baretzearren edo Charles Mingus - Orange Was The Color Of Her Dress, Then Blue Silk entzungai izan dut, beharko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...