Baietz bat, joandako domekako "rojazaleen" kontrako eraso guztiak onartezinak, pena/lotsa/etsi/errefusa/asalda/kondena eta abar eta abargarriak izan zirela edonondik begiratuta ere, muturreko nazionalismoak gurean, edo gutxienez euskal gizartearen oso zati beti zehatz eta makur batean, oraindiokan Mundiala bezalako ospakizun patriotero edo taldekoietan, nolabait esatearren, eragiten duen intolerantzia tribalaren erakusbide ezin garbiagoa edo gordinagoa. Egia esanda, edozein muturreko nazionalismok eragiten duena bezainbestekoa, ze bestela espainiarrari edo argentinarrari berari erreparatu besterik ez zaie egin behar muturrekoen kirtenkeria edo zentzugabekeria egiaztatzearren.
Alabaina, aurreko igandean Bilboko Casilda Parkean gertatutakoa oso bitxia, arraroa, eta batik bat susmagarria, izan zen. Begira iezaiozue azpiko argazkiari; bertan agertzen da Bilboko hurrengo udal hauteskundeetarako hautagaia den PPko Esther Maritinez delakoa, hau da, La Rojaren finala hondatzera propio joandako "euskal abertzale suhar odolgoseei" bipil-bipil aurre egin ziena zenbait hedabidetan hain garbi azaldu eta hain ozen aldarrikatu bezala.
Orain, aldiz, errepara iezaiezue delako zein ustezko ETA-kumeei. Ez al dago zerbaitxo benetan arraroa argazkian musua osorik edo bederen erabat estaltzeke agertzen diren gazteongan? Edo bestela galdetuta, ez al dituzte oso musu, itxura, eite exotikoak, edo argi eta garbi esanda, ez al dute itxura mairutarrik Euskal Selekzioaren elastikoa jantzita zein ikurrina lepo inguruan jarrita?
Gauzak horrela, hiru aukera:
1.- Bai noski, mairuak izan daitezke, zergatik ez, Euskal Herrira heldu eta hain ondo, sakon, erabat integratu dira ezen euskal abertzale sutsuak, abertzaleetan abertzaleenak, bilakatu diren, hau da, beraiek baino lehenago kanpotik ere etorritako beste batzuk bilakatu bezala.
2-. Baliteke mairu horiek marokarrak izan eta euren selekzioa Frantziak kanporatuta izan eta gero La Roja-zaleei partida izorratu nahi izana errebantxa edo mendeku gisa Euskal Selekzioaren elastikoaz zein ikurrinaz mozorratuak euskal abertzale suhar eta odolgoseei errua leporatu nahian. Baliteke ere, zergatik ez, Marokoko Erregeak berak elastikoak zein ikurrinak erosi izana espainiar abertzale suhar eta odolgoseek behin eta berriro aldarrikatzen duten Espainia suntsitzeko kanpaina betierekoaren barruan, auskalo!
3.- Azken hau, ordea, aipatu ere ez dut egingo, oso gogorra, latza, gordina, ziztrina, zitala eta batez ere arriskutsua begitantzen zaidalako. Halere, nik uste zuek denok ere gauza gutxienez bertsua susmatzen duzuela dagoeneko. Susmo benetan pretala.

No hay comentarios:
Publicar un comentario