-Emen? Emen eon da basorik
eon denik elegantiena emen, or, urek artu dau!, or, ure dauen lekuen, or inguru
ori dana… ala… alako basorik ezta´ongo Españan igual!
-…bai, pantanue, karo!, oin
urpeien dau dana ta!, esebes, oin urek, urek ondatu gaitu emen dana! Polite…
bai, bai, oi!, or selai, terreno andidxek eguesen or, selai andidxek, ene or!,
e…ermosura bat san, ba oin ura ikusten da!
Joandako asteburuan hitz aspertuak egiten nituen telefonoz Gasteizko lagun
batekin nik argitaratutako gure lurraldeko euskarari buruzko liburu baten
kontura, laguna liburuan bertan bizpahiru aldiz aitatu egin baitut aspaldi
beste lagun batekin batera idatzi zuen LEGUTIANO
ALDEKO EUSKARA liburua dela kausa. Esan bezala, egon ginen berbetan luze
eta gehiena Arabako euskararen nondik norakoez, bio izugarri interesatzen
baitzaigu gaia, berak ikasi duelako, filologoa den aldetik eta nik aitaturiko
liburua hamaika ageri eta liburu erabili behar izan baititut. Izan ere, eta
aspaldi honetan gaiaren gainera hainbat liburu argitara irtenda ere, besteak
beste Koldo Zuazorena euskara hutsean, Arabako euskararen historia ez da batere
ezaguna ez eta arabarrek beraiek ere. Oro har, jendeak ez daki gure lurraldeko
azken hatsak edo aztarnak Gasteiztik ozta-ozta hamabost kilometroetara topa
ditzakegula, Legutio udalerrian, bertan eta artean bizi baitira jatorrizko
azken euskaldunak, gehienak nahiko adintsuak, noski, Franco garaiko euskararen
kontrako jazarpena hain gogorra izanda transmisio katea apurtu egin baitzen
nolabait. Hala eta guztiz ere, eta Imanolek berak gogoratzen zidanez joandako
zapatuan, bertako euskal hiztunen kopurua gehienok uste dutena baino handiagoa
da, ehunetik gora. Tamalez, eta batez ere Arabatik kanpo bertako euskararen
gainerako gauzak aipatzen direnean ez dituzte Legutio aldeko euskaren aldeko
nondik norakoak aintzakotzat hartzen, ez hiztunen kopuruarena zein hizkera
motarenak. Eta badago, noski, Imanol bezalako euskal filologo batentzat
jorratzeko asko, bertako hizkera, bizkaiera edo mendebaleko euskara izanda ere
badu bere xarma berezia hegoaldekoen den berbeta den aldetik, ziur asko Gasteiz
inguruan egiten zena ez hain aspaldi, lehen esan bezala hamabost kilometrotik
behera baitago Legutio udalerria, eta honetan zenbait herrixka are gertuago,
Urrunaga kasuko.
Dena dela, bertako hizkeraren nondik norakoak Imanol eta enparatu
ikerlarientzat ikasgai ezin oparoagoa. Nik irakurriko ditut gogara euren
ikerlanak, noski, baina sasi-idazlea edo naizen aldetik badago zonalde horretan
aspalditik biziro erakartzen nauena euskararen azken hatsen lekuko bizien
gaiarekin batera. Esan bezala, badut gogoan liburu bat idazteko non bertako
euskaldun zaharrak eta, hortakotz, gehienak halabeharrezko agure-atsoak
protagonistak izango ziren. Agure-atsook ostera hiriburuan biziko lirateke,
hots, eta nolabait esateko, euren herrietatik at baina aldi berean ere izugarri
hur. Deserrituriko agure-atsoon oroitzapenak, pasadizoak, barne-kezkak eta arrangurak
lirateke nire nobelaren ardatza, hau da, istorioak harilkatuko lirateke pertsonaiei
etxeak eta lursailak erauzi eta agian ere hirira ezarri zituen pantanoen
eraikuntzaren inguruan. Hori dela eta, nire agure-atsook Urperrikoak lirateke, urpean dagoen herrikoak, urpean geratu
baitzen euren jaioterria, euren bizimodua ere urperatu bezala eta harekin
batera hainbat gauza. Balitzateke ere urtegietako pasaiak edo ingurumarietan
bizi izandako hainbat pasadizok iradokitako nobela bat.
Nolatan egin nobela hori agure-atso hauek protagonista izanda. Jakina, hor
dago lehengai idazlearen irudipena zein idazteko abilezia, baina, berezko
dokumentazioa hain garrantzitsua ez izanagatik, nik sortuko dudan herrialdeak
Arabako urtegiak erreferentzia baino izango ez baititu, bertako euskaldun
zaharren egiazko testigantzak aldiz izan dakizkidake txit lagungarri,
inspirazio iturri hutsa.
Egia esan, bazaizkit lagungarri,
oso, Imanol lagunak nik gorago aitatu dudan guztiaren gainera aipamen
bat baino gehiago bildu egin baitzuen bere liburuan bertan agertzen diren
euskaldun zaharren ahotik. Ikaragarria da, baina Imanolen liburuan nire balizko
nobela horretarako hamaika lagin topa dezaket idatzi nahi nukeen nobelako
pertsonaiek atzean utzitako bizimodua edo garai osatze aldera. Laginak Urperriko biztanleen bizitzei buruzko
zertzeladak baino ez lirateke, gogoeta egiteko aitzakia hutsak, irudimenari
esker haritik tiraka sortuko liratekeen istorioak urtegietako alderdia gogoan
eta bertako biztanleen bizipenak estakuru.