jueves, 16 de agosto de 2018

BOGA BOGA HONDAMENDIRAINO



Uberan.eusen Komunitatea sailean argitaratua: http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/12481


Huts neukan urdaila botatzear nengoen. Behazun kirats oldeak nabaritu nituen zintzurrean gora aho sabairaino uhin igotzen. Ez nion Etxepareri damutzea galdatzen, borrokalari sutsu moduko erantzunik ez niri egitea baizik, jendetasun eta malgutasun gehiagoren erakustea, hots. Totalitarismoa, beltza edo zuria, azpatzen zuten diskurtsoez asea nintzen. Bat nentorren alabaina Hannah Arendtekin: hizkuntzak ez zuen hobenik, baina bego aitorra niretzat, ideologiaz kutsatu, tatxatu eta zikindu mintzaira honek gogaitzen ninduen. Perpausak egundainokoan adjektiborik gabe formateatzen zituen euskaldun arruntak, sentimenduen eta ikuspuntuen alorrean bederen, izakiak hizkuntzatik kanpo geratu behar bailuen. Euskararen tragedia zen oro har: mintza bedi, ofizialtasuna lortu beza redios, bai horixe, baina ez dezala sekula deus erran, deus erran bereziki haragiaren ikaraz, politika mailako dudaz edo erakunde zein elkarte sakrosainduetako zorri-zakuez. Espektroa genuen harilkatzen. 
Izugarri gozatu dut Itxaro Bordaren eleberri honekin, hori doala aurretik. Gozatu dut oraingoan BOGA-BOGArekin lehengoan ere I.B.ren gainontzeko gehienekin egin bezala, egile izugarri oparo, irudimentsu eta zorrotza delako, badu edozein idazlek derrigor izan beharreko estilo propio eta bere kasuan gainera berezi-berezia. 

Gozatu dut Ezpeldoi inspektorearen nondik norako ez hain argiekin, ustez jenero nobela izanda ezin ageriago baita jeneroa berriro ere aitzakia baino ez dela denetarik jorratzeko, batik bat Baionako karriketako giroa zein protagonistaren hainbat barne kezkak betiere bere inguruko iragan zein orainarekin lotuak. Betiko lez txukun-txukun egiten du Itxarok, ezin besterik esan istorioaren gorabeherak hain malkartsuak eta askotan ere ustekabekoak direlarik. Baina, baldin badago zerbait liburu honetan gure gaur egungoari begiratu zorrotz, agian nekatu eta betiere oso kritiko bat, bai gure gizarte europear edo mendebaldarari egindakoa zein Baiona edo Iparralde inguruko euskal munduari, baita lesbianen arteko harremanei buruzko zenbait zertzelada gazigozo emango digu ere, ETAren iragan ilun zein gaur egungo armen uztearekikoak, gogoeta benetan xamurra eta sakona, besteak beste iraganean egindako edota hartutako jarreretan errepatzekotan. Eta hau guztiau ere gutxi ez bailitzan Alemania edo Donosti alderantz ere eroango du bere protagonista auskalo zein egiaren bila.

Bestalde, baldin badago I-B.ren liburuetan erakartzen nauen beste osagarri bat hori da ezin txukunagorik, harrigarriagorik egia esan, erabili edo asmatzen duen hizkera. Badakizu bere liburuetan Iparraldeko euskal kutsuarekin topo eginen duzula nonnahi, kosta eginen zaizula zenbait pasartetan aurrera egitea bertan agertzen diren hitz haunitzen esanahia igarri beharrean egongo zarelakotz, hiztegira zuzen-zuzen jo behar izanen duzula, ikastolan edo antzina ikasi edo agian noizbait bakarrik liburu edo testuren batean ikusitako hitz zein aditz andana gogora ekarri behar izanen dituzula halabeharrez. Aukera paregabekoa, beraz, zure euskara maila eguneratzeko edo, aberasteko adina. Merezi du ahalegina egitea hizkera hori ezinbertzekoa baita Itxaro Bordaren idazgiroan murgiltze aldera. Izan ere, bere hizkera istorioaren osagarri saihestezina da ezinbertzez, irakurtzeari ekin orduko antzematen baituzu non zauden, nortzuen artean, EHren aniztasuna gogoratzen zaituen ipar kutsua. 

Merezi du ahalegina, bai noski, baina BOGA-BOGA irakurritakoan neke-neke eginda zaude, hain zuzen ere Hasier Etxeberriaren EULIEN BAZKA ekiteari inondik ere egin behar ez duzun esfortzua ren aldean. Badirudi H.E.ren liburua zuk bikain, normal, erraz, arrunt, uler dezakezun euskara dela. Bertzela erranda, erdaraz Ego Amerikako idazle baten liburu baten gaztelania edo Quebec edo Mendebal Afrikako idazle beltz baten frantsesa balira bezalakoak.  Orduan gogoeta egin eta zera ondorioztatu behar duzu, badirela bi euskara mota nagusi, sikieran ikastolakume edo hiri handietako euskaldun gazte ghienenen artean, Hegoaldekoa zein Iparraldekoa, gainontzeko betiko euskalkiak egiatan bitan urtu balira bezala batuaren eraginez eta ezari-ezarian. Orduan ere bigarren gogoeta baten premia, eta beste ondorio bat, euskarak irautekotan Hegoaldeko eskolako hizkeraz izanen da halabeharrez, zeren eta Iparraldeko euskararen kinka larria ontsa ezagututa bertan laster desagertuko dela aitortu behar baitugu, hots, gaur egun ia inork euskaraz egiten ez duela euskalguneetan ere, bazoazela Iparraldeko edozein ustezko euskaldun herritara eta izugarri kosta egiten zaizula bertako norbaiten ezpainetan euskara atzematea, egia erranda guztiz errazagoa dela halakorik Gasteiz eta Iruñeako karriketan topatzea. Zer dela eta? Bada, behiala Araba edo Nafarroa gehienean suertatu bezala, nagusi anitz eta anitzek kataia hautsi egin duelakotz beraien seme-alebei euskara transmititu egin ez dielakoz. Euskara azkenetan dago Iparraldeko euskualdun herri gehienetan plazatik aldendu egin dutelakoz. Eta hau guztiau arestian ugaritu eta hedatzen hasi diren ikastolak tartean, ikastolak berak gainbehera honen sintoma baino ez bailiran. Gehiegiekeria galanta nirea, bero-beroa agian, zirikatzailea? Baliteke, baina Itxaro Bordari berari hor nonbait irakurria diot berak ez dakiela etorkizunean bere inguruko irakurleak izanen ote dituen ala Hegoaldekoak soil-soilik. Guttienez latza, kezka/negargarria, oso.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...