Honako weborri honetan argitaratutako artikulutxoa; http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/kalitatezko-xomorroak
Donostiko Alde Zaharreko taberna entzutetsu batean, mukururaino betea, nola ez udara partean, eta bezeroetatik bi atso asiar, ez dakit Japonekoak edo nongoak, baina bai biotako bat makur-makur zebilela edadeak bentzuturik eta bestea gazteagoa baina zimur-zimur eginda ere bai, saiatzen zena zerbitzariak emandako platertxoa pintxoz betetzen. Hala ere, koitaduari kosta egiten zitzaion zeintzuk gustokoen zituen erabakitzea zerbitzariaren nekerako. Zerbitzariak, Donostikoez ari naiz noski, badakigu nolakoak diren, harroputzetan harroputzenak duda zipitzik gabe, Alde Zaharrekoak batik bat, eta norbaitek alderantziz uste baldin badu, norbait sumintzen baldin bada hau esanda, munduari azal diezaiola non ez dauden, nor dago orokortasun honetatik at. Eta han zebilen aiko-maiko Ekialde Urruneko atsoa. Orduan zerbitzari handi potolo biboteduna aspertu eta zakar-zakar zuzendu zitzaien atso biei hiri zein gremioko ohitura zaharrari jarraituz: ¿qué, os decidís ya o qué?.
Zorionez, atsoek ez zioten batere ulertu, ez ziren gazteleraz behar beste moldatzen, eta zerbitzaria, noski, are gutxiago ingelesez, denok baitakigu bertako zerbitzariek ez dituztela ezertan ikasi behar kanpoko hizkuntzak. Bai zera, guztiz kontrakoa, kanpotarrak dira zerbitzariak ulertzeko ahalegindu behar direnak gazteleraz, halabeharrez.
Alabaina, bi atso asiarrek lehebailehen ordain zezaten xaxatu eta agurtutakoan barraraino heldu ziren hiru neska pinpirin, benetan ederrak, pertxentak, nahiz eta frantsesez hitz eta pitz jardun euskal itxura peto-petoa zutenak, seguru asko Iparraldetik propio etorriak Donostira pintxotan, baten batek daki nazioarteko zinema izarren atzetik segika, autografo bila edo, zinemaldi famatuaren astea da eta. Zerbitzaria, zer esanik ez, haiei gerturatu zitzaien zekien frantses apurraz galdezka. Orduan bi neskak gazteleraz ere saiatu ziren, baina guztiz alperragorik, oso baldar egiten zuten, eskolako atzerritar hizkuntza ingelesa omen zuten eta. Zerbitzariak, ordea, frantsesaren "partager" hitza ezin hobeki ulertu, nous aimerions partager quelques “pintxos”, eta berehala jaurti egin zien: ¿Y los novios, también compartís los novios? Neskatila frantsesek, ezin jakin zertaz zihoan zirtoa, nola ulertu, eta zerbitzariari irribarre goxo zein herabe bat marraztu egin zioten euren musu gazteetan, badaezpada. Orduan, tipoarekin erdaraz ulertu ezinik, hiru nesketariko batek euskaraz eskatu egin zion bere Iparraldeko doinu goxo bezain exotikoaz, hau da, etxean ikasitako euskalkiaz; baina, egia esanda, euren artean inoiz mintzo ez zirena ez baldin bazen aldika aitatxi edo amatxikila; "halako bi txakazko pintxo eta bertze bat horko piper betea..." Hartara, bukatu gaizki ulertuak, zerbitzariak ezin irribarretsuagorik, hots, amultsoago edo lizunago, platera luzatu zien eta beraiek lehen eskatutako hiru pintxoz bete egin zuten. Gauza benetan xelebrea, aitzitik, zeren denok ondo asko dakigunez Donostiko zerbitzari gehienak, alde zaharreko hainbat taberna kenduta, baita oso abertzale giro edo kutsuko askotan ere, eta gizalegezko euskarazko hitz bakanetatik haratago, “egunon, zer moduz, ongi etorriak…”, erdaltzale porrokatuak baitira, euskaldunak izanda ere, euren lana “errazago zein arinago” egitearren edo.
Jakin badakit hau guztiau ez dela aparteko pasadizorik, edonon eta edonoiz suertatzen direla halakoak parrastaka, ez dela batere harritzekoa etengabe paitatu ohi dugun za(k/b)arkeria zerbitzari harroputz zein bekozkodunen aldetik. Zer esanik ez, atso zimurtu edo makurtuen kasuan, batez ere kanpotarrak baldin badira eta gazteleraz tutik ere ez dakitela; hori edo baita neskato pospolinak ia lerde-jario, ia susara bezala, tratatzea ere. Badakit ere gurean guztiz arrunta dela zenbat eta harroputzagoa izan, orduan eta gutxiago jakin, hizkuntzak batik bat, zertarako ba, Marko Inkonparablea bisitatu nahi duenak ikas dezala gazteleraz, ez besterik. Baina tristea da, oso, oraindik ere babalore larrusendoak nagusi izatea barren atzean. Ba al dira hau bezalako jokabideak gure agintariek hain maiz eta ozen aldarrikatzen dituzten euskal kalitazteko turismoaren egiazko osagarriak? Bagara hain jatorrak ezen behin baino gehiagotan putakume hutsak ere bilakatzeko arriskuan gauden ozta-ozta ezustean.
-Eneeee, ez al zara konturatzen gehiegitxo orokortzen ari zarela, Donostiko zerbitzarien artean denetarik dagoela, errugabeko asko debalde iraintzen ari zarela?
-Baliteke, bai; baina hau fikzio bat da, hortaz orokortasun peto-petoa ia printzipioz, eta eskarmentuan oinarrituagatik, noski; baina, badakizu, adierazpen askatasuna sakratua da.
-Edonola ere xomorroen herrian zu errege.
No hay comentarios:
Publicar un comentario