Aritz Gorrotxategiren AMUA poemategiari buruzko hainbat zertzelada Hitzen Uberan.eko Komunitatea sailerako: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/amua-aritz-gorrotxategi
Ez zait askotxo gustatzen poesiaz idaztea, poesia izanda ere oso txikitan gozatu egin ditudan euskarazko lehenengo idatziak, Gabriel Arestirenak hain zuzen, nire haurtzaroarekin berehala, zuzenean, estu-estuan, batzen nautenak, alegia. Poesiarekin hainbat gauzarekin bezala, gehienekin egia esanda, betiereko diletante izaten dut nire burua. Edo bestela esanda, ardoarekin bezala badut susmoa ardo on baten nondik norakoak ondo bereizten dakidala, ez baldin bada gainetik soil-soilik; baina, ezin dut ordea, ez dakidalako, ego apika nahi ez dudalako, ardoaren ezaugarriak behar bezala edo azaltzen, ez behintzat taxuzko sumelier batek abilki egingo lukeen bezala. Gauzak horrela, utz diezazkiegun Aritz Gorrotxategiren AMUA izeneko poemategiaren kritika aditu eta burutsuak egiazko kritikalari benetan saiatuei eta ekin diezaiogun ardoak edaleari eragindako zirradari.
Ardoarekin bezala kalte egingo ez didan poesia irakurtzen saiatzen naiz, hau da, banekiela aldez aurretik AMUA izeneko poema bildumak nola edo hala asebeteko nauela Aritz Gorrotxategiren mundu literarioa oso gustuko zein gertuko dudalako aspalditik, atsegin dut berak idazten duen gehiena ondo asko islatzen omen baititu nik ere gogoan ditudan hainbat kezka edo minberatasun. Gauzak horrela, AMUAren poemetan murgiltzera noalarik badakit, edo gutxienez sumatzen dut, agian handiustekeria galanta izanda ere, aitor dut, zer edo zer topatuko dudala nire barne kezka zein sentiberatasunarekin edo bat egingo duena ia ezinbestez. Eta ez baldin bada horrela, badut ustea ordea haren poemek nolabaiteko zein berezko gogokidetasun bat eragingo didatela. Zer dela eta diot hau guztiau? Ezer baino lehen zintzo jokatu nahi dudalako lerro hauen balizko irakurleekin. Poesia dut letreetako arterik subjetiboena, nor eta nolakoak garen aitortzeke batere zentzurik ez duena, gure burua ondoen ezagutzera beste edozein adierazpidek ez bezala laguntzen gaituena.
Bestalde alde, aitor ere dut poesia liburuak irakurtzeko ohitura berezi bat dudala, ez baldin badakit aldiz norainoko berezia, poema guztiak errenkadan leitu ohi ditut, maiz ere oso gainetik, gerora, nolabait zein ezustean edo auskalo zer nolako printzarengatik erakarri nautenak, edo gutxieneko interesa sortu didatenak, behar bezala, hots, ezarian, ernai eta batik bat hausnarrean berrirakurtze aldera. Esan liteke, poemategiaren izenburuari ohore eginez, nire gogoa amuari lotzen lortu duten poemak banan-banan eta batez ere ezari-ezarian berrikurtzeari ekiten diodala hurrengo egunetan, egunean poema bakarra behar bezala dastatzearren zein gogoeta egitearren. Horrenbestez, lehendabizi eta doi-doi takada batean egindako irakurketak balio dit gutxienez azaleko zenbait gauza somatzeko. Aritzen poemategi horretan sumatu ditut gure gizartearen edota edonongo zein edonoizko gizabanako gehienen hainbat ideia (aurre)iritziren zamaren kontrako hitz zintzo eta zuzenak, agian demaseko idealismoaren ajeak salatzen dituztenak, aspaldi zein arestiko idealismoek eragindako ekaitzen osteko barea agerian uzten dutenak, oraintsuko harrizko konbentzimenduak edo ustekeriak salatzen dituztenak.
Zer epika dago
Inoiz mugitu nai
Ez izatean?
Gu ere ez gara
Lehengo berak
Bidean galdutakoa
Zerrenda dezakegu,
Baldintza bakar batekin:
Abokaturik ez,
Debekatuta dago
Inori ezer egoztea
(…)
BIZITZAREN AMUA
Eta ekaitzarekin batera itsasoaren etengabeko presentzia poema gehienetan barrena, denon garen subjetu historikoaren barne kezken gorabeheren metafora edo. Bizitzaren parekoa ei den itsaso hori:
(…)
Federik ez izatea, horretan
Ez sinestea, eta, hala ere,
Grabitatea hautematea.
Harea bere itzala jaurtitzen,
Harriak ezkutatzen dira
Itsasoaren sakonean.
(…)
AXOLA IZAN ZITZAIGUN HORI
Edota:
Itsasoak badaki zein bide jarratiu,
Maparik gabe jotzen du harkatiza,
Asmo txarrik gabe, gezurrik gabe.
Zer daki itsasoak hirigintzaz?
Ez da makurtzen bidegurutzeetan
Ezta kai muturretan ere,
Jolas eta jauzi dabil, haurren parte,
Kostaldea txikitzen du ohartzeke,
Jendea laztantzen eta irensten
(…)
ITSASOAK BADAKI
Itsaosa, ekaitza eta, nola ez, euria ere nabarmen dira, zipriztintzen gaituzten poemak dira, hau da, nolabait gogoeta egitera bultzatzen gaituztenak nola edo hala gizakiak berotzen dituen idealismoa epelduz.
(…)
Euria hasten duenean
Hizketan jarraituko dugu,
Gure hanka nagiak
Ontzi bihurtuko dira,
Orain arteko minetik
Olatu eme-amultusen gainean
Urruntzeko
(…)
EGUN GOGOANGARRIA
Baina baldin badago delako idealismoa are ageriagoan jartzen duena, agian dagoeneko nahikotxo xahutuak diren aipu klasikoak alde batera lagata, hori da benetan hunkigarria den Historiaren lezioak izeneko poema, gure historia txiki eta hurbilegia ezin hobeto, ezin gordinagorik, laburbiltzen duena poesiaren egiazko indarra argi eta garbi erakutsiz.
Fededun alistatu zinen,
Laguntzeko asmoz.
Bazenekien, ordea,
Gerra luzea izango zela,
Gezurrez eta tranpaz josia
Gezurrak besteenak zirela
Esan zizuten, eta zuk
Itsu-itsuan sinetsi.
Maite, ez zenuen maite
Zure izenean inork
Minik ematea,
Inork inor hiltzea, baina
Beharrezkoa zeal
Errepikatzen zenion
Zeure buruari,
Ala besteak ziren
Hori zabaltzen zutenak?
Azken batean,
Esandakoa betetzen zenuen,
Hori baino ez. Aginduak
Azkar hazi zen
Gorrotoaren lorea,
Zirrikitu guztietan,
Armiarma-sareak
Bezain hilgarri.
Gutxika, ohartu zinen
Ez zenuela bat egiten
Hasierako fedearekin,
Baina beldur zinen,
Gauza jakina baita
Traidoreeek garesti
Ordaintzen dutela.
Zure ezagun hira
Hil zutenean ere,
Isilik geratu zinen,
Nahiz bazenekien
Hark ez zuela
Ezer txarrik egin.
Alderdia bitan banatu
Eta erdi batek
Iskiluak gaitzestean,
Gutxigatik
Ez zinen ausartu zu ere
Pauso txiki bezain
Astun hura ematen,
Hain zen indartsua
Zalantzaren harra…
Orduan ere
Kritikotzat zenuen
Zeure burua.
Egiari zor,
Beti izan duzu
Orain bukatu da dena.
Orain, hura guztia
Hasieratik
Gaitzetsi zutenenen
Taldean zaude,
Ala… artaldean
Zaudela esatea ote
Egokiagoa?
Historiak lezio bat eman dizu,
Nahiz oraindik tematzen zaren
Zu hari lezioak ematen.
Horretan ez zara aldatu.
HISTORIAREN LEZIOAK
Txema Arinas
Oviedon, 2020/29/01
No hay comentarios:
Publicar un comentario