http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/zurrutari-bat-idazkera-arazo-batekin-dublineko-pub-literarioetan-barrenana
Nire amaren etxean oraindio dudan idazmahaiko tiraderetan miaka ari nintzela Dublinen bizi nintzeneko BUS Atha Cliath/Dublin Blus ticket bat topatu dut ustekabean. Ezin dut saihestu, gogoa Dublinera aldatu zait ziplo. Areago, nire burua bertako pub batean ikusi dut nire orduko neska-lagun oiartzundarrarekin. Non eta Harry Street.eko McDaid pub famatuan.
-Alde egingo al diagu laster, Txemita?
-Zer dela eta? Ez al huen oso gustuko bertako pubetako giroa?
-Bai, baina batik bat astegun buruzurietako arratsaldeetan, eta ahal baduk puba itxi baino lehenago ospa eginez. Gaur, aldiz, ostirala duk, hamaikak inguruan. Nik Temple Bar aldeko nigh clubetara joan nahi diat dantza egiteko asmotan.
-Baina, pub hau berezia dun, historikoa, hemen Brendan Behan…
-Baietz ba, hamaika aldiz kontatu didak: “I’m a drinker with writing problems.”
-Orain arte elkarrekin ezagutu ditugun pub literario guztiak oso gustuko hituela esan didan. Izan ere, James Joycek askotxo maite zuen Davy Byrnes pubean egon gintunan; bertan Lepold Nloomek gorgonzola sandwich bat eta baso bat Borgoña ardo eskatu zitinan. Samuek Beckkettek ere oso gogoko izaten zinan. El Baileyko bezero zintzoa zen nik izugarri estimatzen dudan Flann O´Brien, At Swim-Two-Birds eta The Dalkey Archive nobela famatu eta benetan xelebreen egilea. Toners puba omen zunan WB Yeats nobel saridunak jerez bat edateko aukeratzen zuen bakarra. Bertan ere Dracula idatzi zinan Bran Stoker oso ikusia izan ohi zunan. O´Neill´s ederrean Brendan Kennelly poetak gargarak egiten zihardunan. Eta The Palace Bar…
-Sentitzen diat, laztana; baina, nik dantza egitera noan.
-Egon, moñoña, egon. Laster joango gaitun eta biok elkarrekin. Utzi eskatzen beste pinta beltz bana eta…
-Hi haiz edanarekin arazoak dituen idazlegai bat, Txemita.
Eta gezurra badirudi ere, oiatzandur kakanarru kaskagorriak alde egin zuen ni McDaid pub famatuan bakarrik lagata. Jakin banekien bere atzetik joan behar nuela ezinbestez, hau da, geurea erabat ez izorratzearren. Halere, oso umiliagarria begitantzen zait hain otzan jokatzea. Horrenbestez, beste Murphy`s bat eskatu nuen. Eta eskatu orduko ordura arte barraren mutur batean babestuta edo zegoen itsas kapela bat jantzita zuen tipo txapar, zatar eta batez ere xelebre bat ondoratu zitzaidan ia ezustean. Gizona, jakina, erdi mozkorra omen zegoen, edo beharbada mozkor arraila, baina primeran disimulatzen zuen.
-Women´s issues?
-Brendan Behanek berak esan bezala: A man is already halfway in love with any woman who listens to him.
Bost pinta beltz geroago nire oiartzundar kakanarru kaskagorria akordura etorri eta Temple Bar aldera joatea erabaki nuen bere bila. Dublineko auzorik alprojeneko hainbat night club petraletan bilaka ibili eta gero Euphoria izeneko batean topatu egin nuen dantza-pistaren erdian gure adineko mutiko horail eta segail batekin .
-Ez zain batere kostatu ni aldatzea! -bota egin nion haren aldamenean sasi dantzan zebilen mutikoa irlandarra zela eta euskara batere ulertuko ez zuelakoan.
-Zer diok, mozkorrontzi alu horrek? Niall oso tipo jatorra duk, nirekin batera dantza ez beste egin nahi dik.
-Ni mozkorra? Hire lagun berri horrek pinta batekin eskuan ari dun hire alboan ahate zorabiatu baten modura dantzan.
-Mozkor hau dantza egiten saiatzen duk behintzat.
-Ederto, ondo pasa dezazuela biok dantzan!
-Nora hoa?
-Etxera, noski.
Ez dakit nola, baina Temple Bar aldetik The Custom House ondoraino iritsi nintzen antxintxika gaueko azken busa hartzeko garaiz; baina, dena esan behar da, Ha’penny zubiaren gainean Liffey ibaira botaka egin eta gero.
-Txemitaaaaaa!
Ezin nuen sinetsi, oiartzundar kakanarru kaskagorria zen bere lagun berriak lagunduta.
-Nire atzetik lasterka ere etorri zarete?
-Lasterka? Sigi-saga etorri haiz honaino egiazko ahate zorabiatu baten modura.
-Nora zoazte zuek?
-Ni hirekin etxera, babalore hori.
-Eta hire lagun figurin hori?
-Gaueko azken busa duk. Bera ere etxera zoak.
-Ez al din asmorik edontzia nonbait uzteko busera igo aurretik.
-Beldur nauk hemen gehienak berdin-berdin igotzeko asmoa ote duten.
Bus barruan geundela parranda nagusi zen astebururo bezala; bidari gehienak kantetan, barre-algaraka, zantzoka, elkarri zirika zein lizun keinuka, eta gidaria hargatik erabat ezaxola. Halere, eta ozta-ozta etxera bidearen erdian geundela, norbaitek beirazko pinta bat jaurti egin zuen bat-batean gidariaren kabina aldera. Gidariak, jakina, busa bertan behera gelditu eta denok behingoan behera egiteko agindu zigun; Go out all of you, fucking bastards! Gehienok jeitsi ginen sano aztoratura, bizpahiru mutiko txintxorta ez beste, gidariari harroputz aurre egin ziotenak.
-Niallek ziok hemendik ospa egiteko lehenbailehen, Garda berehalaxe iritsiko duk eta.
-Hemendik gure etxeraino orduerdi edo falta zaigun – erantzun nion Niallen lagun berrari.
-Niallek proposatu ziguk bertatik bertara dagoen bere etxera joateko.
-Niallek zuri proposatu ote dion…
-Ez izan ergela, maitea, Niallek bazakik nire bikotea haizena, zerbait hartzeko gonbidatu nahi gaitik bakar-bakarrik. Niall oso tipo jatorra duk, gurekin hitz aspertuak baino ez ditik egin nahi.
-Ondo ba, bideari berriz ekin baino lehen.
-Horixe. Bideari berriz ekin baino lehen.
Niallen etxeko sukaldean eserita geundela gure anfitroiak botila bat Jameson eta hiru edalontzi mahai erdian utzi zituen. Puntuan jabetu nintzen Niallek gurekin inolako hitz asperturik egin nahi zuela, berak bakarrik hitz egin nahi zuen nik hainbeste miresten nituen irlandar idazle kontakatiluen antzera. Eta hori guztiori gutxi izan ez balitz bezala, nire oiartzundar kakanarru kaskagorria irlandar mutiko horail eta segailaren hitz-jarioari adi-adi zegoen ia liluraturik. Ezin nuen aguantatu, nire bigarren whiskia zeharo zintzurreratu eta komuna non zegoen galdetu eta gero etxe hartatik ospa egin nuen ia itsumustuan. Biharamunean, larunbat goizeko auskalo zein ordutan esnatutakoan, Lorea gure pisuko sukaldean zain omen nuen.
-Egunon! Bart primeran, ezta? Pozik egongo haiz.
-Hik ez al dun tipo haren etxean gaua igaro?
-Nor uste duk hik bart etxeraino ia arrastaka ekarri hinduela, Niallen etxearen ataurreko harmailetan estropezu egin eta bere lorategi txikian zerraldo erori eta gero?
Txema Arinas
Berroztin, 2020/07/17
No hay comentarios:
Publicar un comentario